2024-09-23
‘Marco’, Oscar sarietarako Espainiako hautagaia
Gaur goizean, Zinema Akademiak iragarri du ‘Marco’ filmak ordezkatuko duela Espainia Oscar sari ospetsuen 97. edizioan. Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako film luze hau akademikoen errekonozimendu hori lortzen duen hirugarren euskal filma da, ‘Loreak’ eta ‘La trinchera infinita’ pelikulen ostean. Hiru lanak, hain zuzen ere, Moriartirenak dira. Garaño eta Goenaga tandemak zuzendu zuen ‘Loreak’ filma; Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik, ‘La trinchera infinita’; eta Arregi-Garaño bikoteak zuzendu du azken arrakasta, 'Marco'.
Aukeraketa honekin, filmak aurrera darrai nazioarteko ibilbide oparoarekin. Veneziako Zinemaldiko Orizzonti sailean mundu mailako estreinaldia egin zuen eta ostiraletik aurrera Donostia Zinemaldiko Perlak sailean parte hartuko du. Gainera, aipatzekoa da British Film Instituteko Sail Ofizialerako ere hautatua izan dela.
Datorren urtarrilaren 17an iragarriko ditu AEBetako Akademiak Ingelesez besteko Film Onenerako bost hautagaiak. Hautatua izanez gero, euskal lana Los Angeleseko Dolby Theatreko alfonbra gorrian desfilatuko luke martxoaren 2an, igandea.
‘Marco’ filma Irusoin, Moriarti, Atresmedia Cine eta La Verdad Inventada enpresen ekoizpena da eta Enric Marcoren benetako istorioa aztertzen du, inoiz existitu ez zen deportatu bati buruzkoa. Hark, iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean, imajinatzea zaila den gezurra mantentzea lortu zuen urteetan zehar: nazien kontzentrazio-esparru batean preso egon zela, hain zuzen. Filmak pertsonaia horren bizitzaren jarraipena egiten du, aktibista antifrankista bezala hasi zenetik Amical de Mauthausen Elkarteko presidente bilakatu arte. Benetako gertakari horiek kontatzeko, Eduard Fernandez eta Nathalie Poza aktore ospetsu eta ezagunek parte hartu dute filman.