2023-07-12
“Una vida no tan simple’ eguneroko bizitzaz hitz egiten duen filma da
‘Una vida no tan simple’ Estatu osoko zinema-aretoetan estreinatu den azken euskal ekoizpenetako bat da. Félix Viscarret da zuzendaria, eta Lamia Producciones, Klingsor Films eta A Contracorriente Films enpresen arteko koprodukzioa da. Iker Ganuza zarauztarrarekin (Lamia Producciones) hitz egin dugu filmak aretoetan eta jaialdietan izan duen harreraz eta gaur egun garatzen ari diren proiektuez.
- Malagakoa bezalako zinema-jaialdietatik igaro ondoren, zinema-aretoetara iritsi da dagoeneko ‘Una vida no tan simple’ filma. Nolakoa izaten ari da publikoaren harrera?
Filmaren aurrestreinaldiak antolatu ditugu Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Bilbon eta Iruñean, eta ikusleen erantzuna oso beroa eta polita izan da. Filmak ikusle gehienekin konektatzen du. Lehen astea oso ondo joan zen aretoetan, bigarrenean areto gehiago gehitu genituen, eta horrela mantentzea espero dugu.
- Nolako balorazioa egiten duzue?
Egia esan, oso positiboa. Aurreikuspen apalak genituen, are gehiago zinema independenteak aretoetan duen egungo egoera kontutan hartuta, baina ikusleen erantzuna sutsua izan da eta oso pozik gaude. Bestalde, kritika bikaina eta aho batekoa izan da.
- Nola aurkeztuko zenioke filma ezagutzen ez duenari zinera hurbiltzera animatu dadin?
‘Una vida no tan simple’ eguneroko bizitzaz hitz egiten duen filma da, baina, nola edo hala, haratago joan eta unibertsal bilakatzen da. Horregatik, ikusleekin konektatzen ari da eta jende asko bere pertsonaiekin identifikatuta sentitzen da. Isaias iraganean arrakasta handia izan zuen arkitektoa da, baina gaur egun ordu txikietan dago. Seme alabekin parkean egotearen eta bere lagun Nikorekin partekatzen duen estudioaren artean oreka bilatu behar du, baina edonon dagoela ere, behar duen lekuan ez dagoela sentitzen du. Bikotekidearekin ere ez dago unerik onenean. 40 urteetako krisia deitutakoa du. Filmak umore handiarekin eta modu samur eta sakonean begiratzen dio krisi horri, hazkuntzaren eromenari, amets pertsonal eta profesionalei eta adin batera iritsi eta horiek errealitate bihurtzea lortu ez duzula konturatzen zarenean gertatzen denari. Nostalgiko samarra da, baina ‘adiskidetze’ efektua ere lortzen du. Umorea beti da terapeutikoa.
- Eguneroko gaiak jorratzen ditu, edonori gerta dakizkigukeenak, hala nola aitatasunarekin batera datozen beldurrak edo norberak ezarritako itxaropenak ez betetzeagatik sortutako frustrazioa…
Hain zuzen, filmeko pertsonaiak eta bizi dituzten uneak eta egoerak oso ohikoak dira. Ikusle bakoitza pertsonaia ezberdin batekin identifikatu daiteke. Lau protagonistek adin jakin batera iritsi garenok bizi izan ditugun uneak irudikatzen dituzte. Zenbait kritikatan ere ikusten da filma barruraino iritsi zaiela alderdi pertsonalagatik, emozioagatik, identifikazioagatik…
- Horrek filma jendearengana hurbiltzea eragin dezake, ezta?
Hori sumatzen ari gara. Ez da akziozko film bat, ezta barrez lehertzeko komedia bat edo une historiko jakin bat erretratatzen duena ere. Egunerokotasuna du oinarri, baina gainditu egiten du, eta uste dut horrek berak proposamena original bihurtzen duela, desberdina, egunero zinema-aretoetan ikusten ez dena. Nire ustez, nahiz eta gai hurbilak jorratu, paradoxikoki film ezohikoa da Espainiako zineman.
- Bestalde, nolakoa izan da filmaren ibilbidea?
Ez da ekoizpen erraza izan. Hasieran EiTBren babesa lortu genuen, eta aurrerago Movistar+ eta Telecable (Euskaltel) konpainiena, baina ez zuen telebista kate orokor batek erosi, eta, beraz, oso aurrekontu txikiarekin ekoitzi behar izan genuen eta filmaketarako ere oso aste gutxi izan genituen. Pandemiaren ondorioz, filmaketa urtebete atzeratu behar izan genuen eta, azkenean, filmatu ahal izan genuenean, birusak zelatan jarri gintuen, 15 baja baino gehiago izan baikenituen taldean. Eta, hori gutxi balitz, jarraian 20 egun euritsu izan genituen Bilbon, eta filma ezin amaitzeko zorian egon ginen. Umore apur batekin, ‘Filmaketa ez hain sinplea’ ezizena jarri genion lanari.
Behin filma amaituta, egoera asko aldatu da. Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu genuen eta ikusleen harrera bikaina izan zen. Bertan lehen kritika positiboak ere jaso genituen. Une horretatik aurrera, film ona duzula berresten duzu, eta urduritasuna desagertu egiten da.
- Pentsatu duzue zein ibilbide egingo duen orain filmak?
A Contracorriente da ‘Una vida no tan simple’ lanaren gure bazkide koproduktorea eta banatzailea, eta pelikula zinema-aretoetan mantenduko dela uste du. Beste jaialdi, sari eta gainerakoetan parte hartzea gure kontroletik kanpoko faktore askoren mende dago. Hemendik aurrera ailegatzen den guztia opari bat izango da.
- Etorkizunari begira, zein proiektu dituzue orain esku artean? Xehetasunen bat aurreratu diezagukezu?
Helena Tabernaren hurrengo filmaketa prestatzen ari gara, ‘Nosotros’ izenburuduna. Helenak berak eta Virginia Yagüek idatzi dute gidoia. Isaac Rosaren ‘Feliz final’ eleberriaren egokitzapena da (Seix Barral argitaletxea). Udazkenean Bilbon filmatuko dugu, eta ETBk, RTVEk eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dute.