2023-09-27
“Bizkarsoro proiektu herrikoia da, Baigorriko 200 herritar baino gehiagoren laguntzarekin sortua”
Josu Martinezen ‘Bizkarsoro’ film luzea ere Zinemira atalean lehiatuko da Donostia Zinemaldian. Existitzen ez den herri batean kokatzen da kontakizuna, eta 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bost istorio erreal hartzen ditu, ahozko lekukotasunetan eta idazleen testuetan oinarrituak. Gastibeltza Filmak, Adabaki Ekoizpenak eta Tentazioa Produkzioak ekoitzitako lanak XX. mendean zehar Ipar Euskal Herriko herri txiki batek bizitako aldaketa sozialak agerian jartzen ditu. Hizkuntza baten erroizte eta hurrentzea eta bizirauteko borroka islatzen ditu.
- Zinemaldiaren edizio honetan zure bi lan aurkeztuko dituzu, 'Bizkarsoro' eta 'Mirande, film baterako zirriborroa'. Zer espero duzu jaialdiaz?
Gauza berezirik ez. Memento goxo bat pasatzea filmak jendeari erakustean, beti izaten delako polita estreinaldi giroa, partekatzea...
- Nola aurkeztuko zenuke ‘Bizkarsoro’ filma?
XX. mende osoa gurutzatuz, euskararen desagertze eta biziraute prozesua kontatzen du fikziozko herri tipi batean, Ipar Euskal Herrian. Bost urtez grabatu dugu Baigorrin, urtero atal bat eginez, eta 200 herritar baino gehiagoren laguntzarekin. Horregatik, oso proiektu maitea da niretzat, oso herrikoia izan delako. Euskara jendearen historia kontatu dugu, aktore amateurrekin, eta hegoaldeko eta iparraldeko euskal ekipo batekin.
- Zein izan da pelikularen ibilbidea gaur egunera arte?
Esan bezala, bost urtetako prozesu luzea izan da, zatika egiten joan garena, eta horren emaitza Zinemaldian estreinatzea ederra da. Baigorriarrei eman digutena itzultzeko modua ere badela iruditzen zait.
- Zinemaldia bezalako jaialdi entzutetsu batek zure bi lan aukeratu izana nola baloratzen duzu?
Poza ematen du, noski.