2023-02-02
“Negu Hurbilak’ lanarekin D'A Film Lab Barcelona - Industry Eventeko Final Cut sailean parte hartuz filmaren fase bat itxiko dugu”
Mikel Ibarguren da ‘Negu Hurbilak’ lanaren zuzendarietako bat. Garapenean dagoen lan hau D’A jaialdiak aukeratu du D'A Film Lab Barcelona - Industry Event saileko Final Cutean parte hartzeko. Zinegilearekin hitz egin dugu bertan izango duen parte-hartzeaz.
- Zertaz hitz egiten digu ‘Negu hurbilak’ lanak?
2010. urtean kokatzen da eta neska baten ihesaldia kontatzen du. Zubietako herrian garatzen da, eta bakardadeari buruz dihardu. Normalean, bizitzan, gertatuko den zerbaiten zain gaudela erakusten digu eta guk ikusleari botatzen diogun galdera da: “Zer gertatzen da espero duzun hori iristen ez denean?” Film iluna da, pausatua. Aktore protagonista Jone Laspiur da, baina beste guztiak herritarrak dira, ez dira profesionalak. Oso polita da jendea filmean sartzen delako eta harmonia oso polita sortzen delako. Gidoia badago, baina baita inprobisazio asko ere. Oso prozesu polita zein arriskutsua izan da. Analogikoan grabatuta dago eta Ekain Albiterekin, Adrià Rocarekin eta Nicolau Mallofrérekin aritu naiz zuzendari lanetan.
- Zein fasetan dago?
Bi urte daramagu proiektu hau lantzen; eta, urtaroei lotuta dagoenez, zati ezberdinetan grabatzen ari gara. Aurreko urteko neguan grabatu genuen lehenengo zatia; urtarrilean beste bat filmatu dugu eta udaberrian amaituko dugu. Hortaz, ia material guztia badugu eta postprodukzioan sar gaitezke. Gure ideia urte bukaeran estreinatzea da.
- D’A jaialdiak zuen lana aukeratu du Final Cutean parte hartzeko…
Oso pozik gaude. Lehenengo zatia grabatuta genuenez, hainbat WIPetan parte hartu dugu; Atlántidan, L’Alternativan, RECen eta FICXen egon gara. Guretzat, D’A jaialdian egoteak aro horren nolabaiteko bukaera ekarriko du. Ondoren, estreinaldia prestatzen arituko gara. Hautatu dituzten beste autore eta lanak ikusita, bertan amaitzea guretzat oso garrantzitsua da. Maluta Films eta Cornelius Films dira ekoizleak.
- Gainera, aipatutako jaialdi batzuetan sariak jaso dituzue dagoeneko…
Bai, zoragarria da. Lanak oso oihartzun onak jaso ditu orain arte, nahiz eta komunikabideetan, nahita, oso gutxi agertzen ari garen. L’Alternativan bi sari jaso zituen, RECen ere, eta oraintxe gure ekoizleetako bat, Cornelius Films, Rotterdameko Jaialdiko koprodukzio merkatuan parte hartzen ari da irabazi genuen sarietako bati esker. Aurrekontu gutxiko film xume batekin hain eskala altutan egotea amets bat da. Guretzat oso interesgarria izan da ikustea Estatu mailan lanak lekua izan dezakeela.
- Zein helburu duzue?
WIPak fase ezberdinak izango ditu eta, batez ere, interesgarria izaten da proiektuaren hurrengo pausoetan lagundu dezaketen pertsonak ezagutzea. Jaialdi ezberdinetako programatzaileak, salmenta agenteak… jendearen interesa piztea eta harreman berriak sortzea dugu helburu. Halaber, WIP bakoitzaren bukaeran sari bat ematen da. Kasu honetan, 23.000 euroko saria dago postproduziorako eta dezente lagunduko liguke. Oso beharrezkoa da horrelakoetan parte hartzea.
- Aipatu duzu WIP honetan egotea fase baten itxiera izango dela. Hurrengo hilabeteetan izango duzuen ibilbidea prestatu duzue?
Nahiz eta zati txiki baten filmaketa falta zaigun, gure ideia postprodukzioa aurreratzen joatea da. Jaialdietako zirkuitua nola egin planteatzen gabiltza. Hainbat jaialdi interesatu dira dagoeneko eta guretzat oso polita izango litzateke jaialdi garrantzitsu batean estreinatu ahal izatea.
- Lan honekin estreinatu zara zuzendari lanetan…
Bai, hala da, eta esan dezaket film honekin beste Mikel bat deskubritu dudala. Oso eroso egon naiz, eta denok nahiko berdin pentsatzen dugunez nahiko erraza izan da bidea egitea. Taldea ‘Uhara’ lanetik ezagutzen nuen, eta egun batean Ekainekin hitz egin eta biok lanean jarri ginen. Hortik, proiektua aurrera ateratzeko funtsezko arlo guztietan egon naiz lanean: ekoizpena, aktore zuzendaritza…
- Gertuko gaiak jorratzen dituzue, egunerokotasunean gertatzen direnak…
Hori da gure apustua. Horregatik, aktoreak ez diren pertsonekin lan egiten dugu, inprobisaziorako tartea uzten dugu, testua irekita mantentzen dugu… Egiten dugun lanean sinestea eta egi bat kontatzea da gure nahia. Gure lanetan pertsonak berak dira pertsonaiak. Joneren kasuan pixka bat fikzionatua dago, baina bere sentimenduetatik, bere minetatik, egin du lan. Oso arriskutsua da, baina bakoitzak duen egi hori ateratzen duenean oso indartsua da, alde handia dago. Horrek lana jendearengana hurbiltzen du eta sinesgarritasun puntu handi bat ematen dio. ‘Negu hurbilak’ filmarekin gertatu zaiguna da kanpoko jende pila etorri zaigula protagonistak aktoreak ziren galdezka.
- Etorkizunari begira, zein lan dituzu esku artean? Zerbait aurreratu ahal diguzu?
Aktore bezala baditut proiektu batzuk, baina momentu honetan gehien motibatzen nauena da ‘Negu hurbilak’ ondo bukatzea eta talde berarekin hurrengo proiektuetan pentsatzea.