2023-02-17
“Berlinale Talents topaketan parte hartzea jendea ezagutzeko eta jaialdian egoteko aukera paregabea iruditzen zait”
Berlinale Talents topaketak Maddi Barber zinemagile nafarra aukeratu du aurtengo edizioan parte hartzeko. Gainera, aurten, Ikusmira Berriak egoitza-programan ere esku hartuko du eta, horri esker, lantzen ari den proiektuak garatzen jarraitzeko aukera izango du. Zuzendariak Berlingo hitzordutik espero duenaz eta esku artean dituen proiektuez hitz egin digu.
- Zer suposatzen du Berlinale Talents bezalako programa garrantzitsu batek zu hautatu izanak?
Hasiera batean, poza. Gero aurrekontuarekin eta beste lan batzuekiko bateragarritasunarekin erlazionatutako gauzek kezkatu ninduten. Baiezkoa eman baino lehen dena zehatz-mehatz begiratzea erabaki nuen. Egonaldia finantzatzeko modu desberdinak hartu nituen kontuan, deialdiak ostatu-gastuen zati bat baino ez baitu ordaintzen. Bai bidaia bai dietak gure kontu doaz. Aurretik egondako lagunei ere galdetu nien, gastuen gutxi gorabeherako kalkulu bat egin nuen eta horrelako ekitaldietarako sustapenerako laguntzak dituzten ICAA edo DAMA bezalako erakundeekin harremanetan jarri nintzen. Hori guztia aztertu ondoren, onartzea erabaki nuen, jendea ezagutzeko eta jaialdian egoteko aukera paregabea iruditzen baitzitzaidan.
- Zuen jarduera-programa nolakoa izango den azaldu dizuete?
Badakit goizetan hainbat jardueratara joan gaitezkeela: hitzaldiak, proiekzioak eta abar. Esan didatenez, ematen diguten akreditazioarekin zinemaldiko filmak ikustera joan ahal izango gara 18:30etik aurrera; horrek egunerokotasuna asko baldintzatuko duela uste dut. Badakit aurten umorea izango dela gai nagusia, eta Cate Blanchetek hitzaldia emango duela.
- Zein helburu dituzu?
Oraingoz ez dut helburu zehatzik. Berlinale Talents topaketara aurkeztean, hasierako asmoa, barne dagoen Berlinale Script Station atalean ere parte hartzea zen, ‘Claros de Bosque’ film luzearen proiektuarekin. Hala ere, ez nuen denborarik izan eskatzen zituzten material guztiak prestatzeko, itzulpena falta zitzaidalako. Beraz, Talent bezala aurkeztu nintzen, proiekturik gabe. Pena da, askoz interesgarriagoa iruditzen zaidalako forora proiekturen batekin joatea, konkretua den zerbaitetan eta helburu argiekin lan egin ahal izatea, baina ezin gara beti denera heldu.
- Aukera ezin hobea da kontaktuak egiteko eta aukera berriak sortzeko, ezta?
Aurretik egon diren lagunek esan didate hori dela gauzarik garrantzitsuenetako bat; bestela ezagutuko ez zenukeen jendearekin denbora eta espazioa partekatzeko aukera duzula. Zentzu horretan, ez noa inolako helburu argirekin ‘Claros de Bosque’ edo beste film batzuei begira; datorrenera irekita dago.
- Etorkizunari begira, zein proiektu dituzu esku artean?
Une honetan, Marina Lameirorekin batera, ‘Paraíso II’ film laburraren muntaia amaitzen ari naiz, 2021ean egin genuenaren bigarren zatia. Bestalde, ‘Claros de bosque’ lanaren idazkerarekin jarraitzen dut. Martxoan hasten den Ikusmira Berriak egoitzan zehar hura garatzen jarraitzeko gogoa daukat. Gainera, bideo instalazio bat prestatzen ari naiz. Lan hori maiatzean Gironako Bolit museoan egingo den erakusketaren barne egongo da.