2023-02-16
“Berlinale Talents topaketan parte hartzeak jaialdiarekin eta European Film Market-ekin lehenengo lotura bat sortzeko aukera ematen dit”
Mikel Gurrea zorioneko dabil. ‘Suro’ opera primarekin estreinaldi arrakastatsua izan ostean, nazioarteko zinema-merkatu garrantzitsuenetako batek, European Film Market-ek hain zuzen ere, Berlinale Talents-en parte hartzeko aukeratu du. Zinegile donostiarrak Alemaniako hitzorduari zein helbururekin helduko dion azaldu digu.
- Berlinale Talents topaketa garrantzitsuan parte hartzeko hautatu zaituzte. Nola bizi izan duzu berri hori?
Opari bat da. Berlinekoa mundu mailako zinema-jaialdi garrantzitsuenetarikoa da eta lehendabiziko lotura bat sortzeko aukera ematen dit hautatua izateak, baita mundu osoko zinemagileekin hartu-emanean ibiltzeko ere. Hori guztia oso polita da. Bertan jendea ezagutu dezakezu, baita beste ikuspegi batzuk ere. Zineman, batez ere sorkuntzan zaudenean, hasierako idazketa-prozesuak nahiko bakartiak izan daitezke eta oso garrantzitsua da komunitate bat eratzea eta beraiekin harremanean izatea. Berlinen filmak ikusi eta tailerrak eta formakuntzak jasoko ditut. Ez naiz inoiz egon, baina parte hartu duen jende dezente ezagutzen dut eta oso esperientzia polita eta positiboa dela diote guztiek.
- Zein helburu dituzu?
Niri interesatzen zaidana da lehenbiziko lotura edo harreman bat sortzea zinemaren jaialdi garrantzitsuenetako batekin. Oso erakusleiho garrantzitsua da. Antzeko momentu edo unean dauden profesionalekin elkartzen zara eta interesgarria da jakitea jendeak nola daraman ibilbidea, sorkuntza-prozesua… Informazio hori guztia partekatzea oso baliagarria iruditzen zait. Helburu hori daukat baina, jakina, jende askok bezala, nik neuk ere badauzkat orain garatzen ari naizen proiektuak eta horiek aurkezteko aukera izango dut. Iraganean, jaialdiren batean gertatu zait proiekturen bat azaldu ondoren berau aurrera eramateko garrantzitsuak izan diren pertsonak ezagutu ditudala, esaterako, banatzaile bat edo lantaldean arituko den profesional bat. Berlinalen berdin gerta daiteke; horretarako topaketa hauek oso emankorrak dira.
- Esku artean dituzun lanen inguruko informaziorik aurreratu ahal diezagukezu?
Kataluniako Zinema Akademiak, aurten, lehen aldiz, zortzi egonaldi edo erresidentzia eman ditu eta horietako bat egokitu zait niri. Horrek bederatzi hilabetez egitura bat ematen dizu, finantzaketa bat, eta hurrengo film luzea lantzeko denbora eta baliabideak eskaintzen dizkizu. Nire hurrengo lana han idazten ari naiz. ‘Sants’ du izenburu, Bartzelonako auzoa bezala, eta 30 urte inguruko emakume baten istorioa da. Bere amaren gaixotasuna bizitzen ari den heinean, santuen figuratxoak edo estatuak lapurtzen dituen banda batekin jartzen da harremanetan.
Bestalde, badaukat Euskal Herrian garatzear dagoen proiektu bat. Idazketa-prozesuaren oso hasierako fasean dago eta, beraz, ezin dut informazio askorik aurreratu.
- Garrantzitsuena da lan mordoa duzula esku artean…
Bai, ilusioa daukat. ‘Suro’ filmaren bultzadak energia eman dit eta gogotsu nago. Nire bikotekideak Bolañoren esaldi bat pasa zidan behin, non adierazten zuen zenbat eta lan gehiago idatzi, orduan eta errazagoa izango dela haietako bat ona izatea. Hortaz, 2023an ideia horren bueltan ari naiz lanean.