2023-01-31
“Filmak jendearekin partekatzeko eta ikusleengan zerbait eragiteko egiten ditut”
Mikel Gurrea Zuzendari Berri Onenaren Goya Sarirako hautagai da ‘Suro’ filmagatik. Zuzendari donostiarraren lanak Vicky Luengo protagonistaren izendapena ere lortu du Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren sarirako. Aintzatespen horiek eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean bere opera prima estreinatzeak zer ekarri dioten azaldu digu Gurreak.
- Nola izan zenuen izendapenaren berri?
Madrilen nengoen, aurreko gauean ‘Suro’ filmaren aurrestreinaldia izan genuelako. Banekien hurrengo goizean Goya sarien izendapenak iragarriko zituztela. Bartzelonara bueltatzeko trena hartu behar nuen eta esan zidaten: ”berri onik baldin badago deitu egingo dizugu hamaikak inguruan”. Izendapenik ez bagenuen ez deitzeko eskatu nien. Hamaikak eta laurden aldera, telefonoak hots egin ez zuenez, ez zegoela ezer pentsatu nuen, baina justu dei bat sartu zitzaidan. Orduan kontatu zidaten Zuzendari Berri Onenaren sarirako izendatuta nengoela eta Vicky Luengo Emakumezko Aktore Onenarako izendatuta zegoela. Oso azkar prestatu eta Zinemaren Akademiara gerturatu behar izan nuen hainbat elkarrizketa egitera. Egia esan, oso pozik eta ilusio handiarekin gaude. Alde batetik, ikusgarritasuna ematen dio filmari eta, behar bada, horrek zuzentzen du jendea zinemetara; eta bestetik, izendapen horiek zure lankideek, akademikoek, egiten dituzte eta beraien partetik horrelako bultzada jasotzea ederra da.
- Espero zenuen? Lehenengo lanarekin izendapena lortzea zaila da…
Ilusio hori beti daukazu, baina ez nuen espero. Egia da jendeak, datak gerturatzen direnean, komentatu egiten dizula, baina nahiago dut gehiegi ez espero eta horrela jasotzen duzuna sorpresa da eta poz handiagoa hartzen duzu. Hau nire lehen film luzea da eta gertatu zaigun guztia opari bat da.
- Beste lanak ikusteko aukerarik izan duzu? Oso zinemagile onak zaudete ateari joka…
Bai, beste lau lanak ikusi ditut. Ezin dizut nireari buruz hitz egin, baina beste lau lanak oso pelikula potenteak iruditzen zaizkit, ausartak. Oso zuzendari onak dira eta badaukat gogoa denok bigarren lan bat egin eta horiek ikusteko.
- Zure filmari esker Akademiak Vickyren lana aintzat hartzea eta beste sari batzuk jasotzea ere polita da, ezta?
Zalantzarik gabe. Oso polita da, oso garrantzitsua. Aktore nagusiak filmaren aurpegia dira, gorputza ipintzen dutenak. Elkarlan handia egin dugu Vickyrekin, baita lantalde guztiarekin ere, eta biok komentatzen genuen lantalde osoaren ordezkari sentitzen garela. Ikusgarritasuna zuzendariok edo aktoreek eramaten dugu, eta polita da, baina badakigu gu garela, azken finean, iceberg baten punta eta azpian jende askoren lana dagoela. Lantalde osoaren zuzia daramagu Goya sarietara.
- Zuzendari bezala zure lehen film luzea izanik, nola bizi izan duzu esperientzia berri hau?
Lan askorekin; azken finean, ez da egun batetik bestera egiten duzun gauza bat. Nik ‘Suro’ filmarekin urteak neramatzan. Gainera, 2020ko udan filmatzekoak ginen baina pandemia etorri zitzaigunez urte bete atzeratu behar izan genuen, udan filmatu behar genuelako. Sentitzen dudana da, pandemia eta gero batik bat, nahi genuen lana egiteko aukera izan dugula eta hori zorte handia dela. Gure egitura xumea da, baita aurrekontua ere, baina filma nahi genuen bezala egin dugu. Zentzu horretan ekoizleek, nik… denok helburua argi edukita egin dugu lan. Dena bizitzen saiatu naiz, beldurrak, urduritasunak, zalantzak…. Sentsazio horiekin guztiekin ere disfrutatzen ahalegindu naiz. Ez genituen aste pila bat filmatzeko, ezta muntaia egiteko ere, baina beti izan dut argi gozatzea garrantzitsua zela. Uste dut hori lortu dugula.
- Gainera, Donostia Zinemaldian estreinatu zenuen pelikula. Zein balantze egiten duzu bizitako urteaz?
Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean nire lehen film luzearekin egotea ikaragarria izan da. Denbora pixka bat pasa da dagoeneko, baina, beharbada, epe luzeago batean perspektibarekin begiratuko diot gertakizun honi eta beste irakurketa bat egingo dut. Zirraragarria izan zen; ez dakit nola definitu. Azaltzen saiatzen naizenean beti aipatzen dut nire bizitzako alderdi asko zeudela elkarrekin. Alde batetik filma, badakizulako bertan egoteak (Sail Ofizialean gainera) bultzada emango diola lanari baldin eta harrera ona badu, eta hala izan zen. Bestalde, zure lan arloa, industria, bertan dago kontzentratuta eta, halaber, nire hirian nengoen. Nire lagunak, familia, auzokideak… han zeuden. Kursaaleko aretoa beteta ikusteak eta txalo zaparrada jasotzeak zeharkatu egiten zaitu. Nire bizitzako momenturik politenetarikoa izan zen, seguru, hunkigarrienetarikoa. Horrez gain, han egoteak filmari ikusgarritasun eta ibilbide bat eman dio. Mapan ipintzen du lana eta, gaur egun, oraindik, biran dabil nazioarteko jaialdi ezberdinetan. Hori, hein handi batean, Donostia Zinemaldiari esker izan da. Oso eskertuta nago.
- Beste jaialdietan ere kritikaren eta ikusleen oso iritzi onak jasotzen ari zarete…
Lana plazaratzen duzunera arte ez dakizu zer gertatuko den. Ametsa edo asmoa jendearekin konektatzea da. Nik, zalantzarik gabe, filmak jendearekin partekatzeko egin nahi ditut, eta beti esan izan dut lan honekin jendeari zerbait eragin nahi niola. Ez dakit zehazki zer, ez dagokit niri esatea, baina okerrena izango litzateke jendeak filma ikusi eta erabat axolagabe sentitzea. Badirudi filmak ondo konektatzen duela; hala esaten digute, eta horrek izugarri pozten gaitu.