2024-02-12
"Genre Rules ekimenean parte hartzea bizi-esperientzia zirraragarria eta inspiratzailea izan da"
Imanol Ortiz Lópezek (Orlok Films) Genre Rules ekimenean parte hartu du berriki, WEMWren Inspirazio Laborategi berrietako batean. Tailerrak hainbat jarduera eskaintzen ditu hautatutako parte-hartzaileak eduki berria garatu eta negozio-eredu berriak esplora ditzaten. Ekoizleak hautaketa honen garrantziaz hitz egin digu eta esperientziaren balorazioa egin du.
- Genre Rules ekimenetik itzuli berri zara, When East Meets West koprodukzio foroarekin elkarlanean antolatutako laborategitik. Zer esanahi izan du zuretzat hautaketa horrek?
Oso pozgarria izateaz gain, nazioarteko industriari eta batez ere Europakoari buruz ditudan ezagutzak zabaltzeko balio izan dit, baita nazioarteko ekoizpen, banaketa eta salmenten arloko lankide eta profesional berriak ezagutzeko ere.
- Ekimena ezagutzen ez duenarentzat, azalduko zeniguke zertan datzan?
WEMWren esparru zabalaren barruan inspirazio-laborategi batzuk egiten dira, eta, laborategi horietan, Europako ekialdeko eta mendebaldeko eragile eta talentu berriak eta ibilbide luzeagoa dutenak hautatzen dira. Garapen fasean dauden proiektuekin edo soilik parte-hartzaile gisa esku har dezakete. Laborategi horien barruan, Triesteko Zientzia Fikzioaren Jaialdiko Fantastic Film Forumek, Méliès zirkuituaren barruan kokatzen denak, Genre Rules izeneko topaketa antolatzen du, generoko zinemari buruzkoa. Eta hau guztia Triesten garatzen da, bost mendez Austria-Hungariako Inperioaren menpe egon zen kostaldeko hiri eder batean. Honek Berlanga gure jeinua hunkituko luke.
- Zein izan da zure zeregina tailerrean?
Luca Evangelistik, laborategiko koordinatzaileak, esan zigun ahalegin handia egin zutela parte-hartzaileen hautaketa askotarikoa egiteko eta aukeratutako guztien artean ideiak eta esperientziak trukatzeko, eta hori izan da nire zeregin nagusia tailerrean.
- Zer onura ditu Genre Rules topaketan parte hartzeak?
Bizi-esperientzia zirraragarria eta oso aberasgarria izan da. Laborategiaren izenak berak dioen bezala, oso inspiratzailea da. Bat indar berrituekin ateratzen da topaketa horietatik, lanean gogor jarraitzeko eta bere istorioak gauzatzea lortzeko, eta zinema fantastikoaren nazioarteko merkatuaren ezagutza askoz zabalagoa izanik.
- Laborategian nazioarteko beste ekoizle batzuekin batera parte hartu duzu. Nola baloratzen duzu ezagutzak trukatzeko eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera hori?
Kalkulaezina da. Esperientzia handia duten industriako profesionalak eta maila goreneko agenteak ezagutzen dituzu, hala nola Angelica Ramirez, nazioarteko finantzaketan eta salmentetan espezializatutako Londresko Bankside Films konpainiako kidea. ‘Talk to me’ filmarekin lortutako arrakastaren esperientzia kontatu zigun, izan ere, beldurrezko film australiar honek ia ehun milioi dolar lortu ditu 2023an.
- Azkenik, aurreratuko zeniguke etorkizuneko zein proiektu dituzun esku artean?
Gaur egun, Orlok Filmsekin, iaz sortu nuen generoko zinemaren ekoiztetxearekin, zuzendari gisa egingo dudan lehen film luzea ekoizten ari gara, ‘#elreto’. Sare sozialetako erronka biralei buruzko found footage faltsua da, Jordi Farga gidoilariarekin batera lau eskutara idatzia. Gainera, Luis Callejo eta Daniela Rubio ere baditu antzezle-zerrendan. Aldi berean, ‘Alumbramiento’ izeneko beldurrezko thrillerra garatu genuen. Madrilgo bihotzean otien inbasio bibliko ikaragarri bati buruzko filma da eta Ismael Martínez Biurrun idazlearen kontakizun batean oinarritzen da. Beste bi film ere baditugu garapen fase desberdinetan. ‘Zarza’, Santiago Eximeno idazlearen kontakizun batean jatorria duen drama fantastikoa, eta ‘Mami siempre te protegará’, nerabezaroari buruzko beldurrezko pelikula bat, hain zuzen ere ‘Talk to me’ lanaren ildokoa. Horretan oinarritutako film laburra prestatuko dugu, teaser estilora. Horri guztiari gehitu behar zaizkio ‘Hambre’ film laburra, finantzatzen amaitzen ari garen David Jassoren ipuin baten egokitzapena, eta Elixabet Núñez jantzi-diseinatzaileak kameren atzean filmatuko duen lehen lana, ‘Ma-maniquí’. Azken honek Arabako laguntza erregional guztiak lortu ditu, baita Malagako Zinemaldiko ikus-entzunezko sorkuntzarako laguntza ere. Izan ere, jaialdi horretan bertan estreinatuko da 2025ean. Eta, azkenik, beste ekoiztetxe batzuekin ‘La saga del Sur’ izeneko animaziozko telesail bat garatzen ari gara, Ventana Sur jaialdiaren aurreko edizioko Animation! atalean hautatu zutena. Hori guztia eta gehiago ikus daiteke ekoiztetxearen webgunean: www.orlokfilms.com.