2023-03-02
“Ederra da hain agertoki onean estreinatzeko aukera izatea”
Mikel Ibarguren aktorearekin hitz egin dugu, D'A Festival jaialdiak ‘Uhara’ lana aukeratu baitu aurtengo edizioan estreinatzeko. Gogoratu behar da, jaialdi berak 'Negu Hurbilak' proiektua aukeratu duela D' A Film Lab Barcelona - Industry Event-en Final Cut atalean parte hartzeko. Lan hori Ekain Albite, Adrià Roca eta Nicolau Mallofré zinegileekin batera zuzentzen du.
- D’A aialdian ‘Uhara’ lana estreinatuko duzue…
Bai, Film Laburren atalean egongo da. Lan nahiko korala da eta ‘Negu hurbilak’ lana prestatu duen lantalde berak gauzatu du. Denbora pila bat elkar ikusi gabe daramaten bi lagun gazteren istorioa azaltzen du. Laguntasunari buruz dihardu: Zer gertatzen da harremanak galtzen ditugunean baina bietako batek bestearen laguntza behar duenean? Laguntasunak askotan gauzak inertziaz egitera eramaten gaitu, nahiz eta horrek bakoitzaren motxilan eragina izan. Lan hau tiraderan gordeta genuen, baina estreinaldia hemen egiteko aukera atera zen eta hain plaza ona izanda ezin genuen ezetzik esan.
- Ondoren egingo duzuen ibilbidea prestatu duzue?
Aukeraketa hau aitzakia da gordeta genuen lan hori erakusteko, baina momentuz ez dugu ibilbidea pentsatu. Egia da Cornelius Films ekoiztetxeari erakutsi genionean ibilbide ederra egin dezakeela aipatu zuela. Jaialdi honetan zer gertatuko den zain gaude eta horrekin distribuzio faseari ekingo diogu.
- Film labur honetan aktore lana egin duzu.
Samu eta biok gara protagonistak. Filmaketak mugatuak dira eta bai hemen bai ‘Negu hurbilak’ filmean garrantzi handia eman diogu aktoreak elkar ezagutzeari. Denbora asko elkarrekin pasatzeak gidoirako informazio asko ematen du. Oso pozik egon naiz.
- Bai ‘Uharak’ eta bai ‘Negu hurbilak’ lanetan gertuko gaiak jorratzen dituzue, egunerokotasunean gertatzen direnak…
Hori da gure apustua. Horregatik, aktoreak ez diren pertsonekin lan egiten dugu, inprobisaziorako tartea uzten dugu, testua irekita mantentzen dugu… Egiten dugun lanean sinestea eta egi bat kontatzea da gure nahia. Gure lanetan pertsonak berak dira pertsonaiak. Joneren kasuan pixka bat fikzionatua dago, baina bere sentimenduetatik, bere minetatik, egin du lan. Oso arriskutsua da, baina bakoitzak duen egi hori ateratzen duenean oso indartsua da, alde handia dago. Horrek lana jendearengana hurbiltzen du eta sinesgarritasun puntu handi bat ematen dio. ‘Negu hurbilak’ filmarekin gertatu zaiguna da kanpoko jende pila etorri zaigula protagonistak aktoreak ziren galdezka.
- Etorkizunari begira, zein lan dituzu esku artean? Zerbait aurreratu ahal diguzu?
Aktore bezala baditut proiektu batzuk, baina momentu honetan gehien motibatzen nauena da ‘Negu hurbilak’ ondo bukatzea eta talde berarekin hurrengo proiektuetan pentsatzea.