2024-05-02
Dock of the Bay, Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdia ekainaren 17tik 22ra egingo da, eta dagoeneko iragarri ditu Epaimahaikideen izenak eta XVII. edizio honetako irudia.
Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiaren hamaseigarren edizioa egingo da ekainaren 17tik 22ra, Trueba zinema-aretoetan, Tabakaleran eta hiriko beste espazio batzuetan, hala nola Le Bukowskin, Kutxa Fundazioan (Kluba eta Plaża) eta Santa Teresa komentuan.
Aurtengo honetan ere Estudio Primo arduratu da Jaialdiaren irudia diseinatzeaz. Edizio honetan, mugimenduaren ideiatik abiatzen da irudia, musika modu poetiko eta bisual batean irudikatzeko modu gisa. Jorge Elosegi kartelaren egileak horrela deskribatzen du:
“Urteak daramatzagu Dock of the Bay-ren grafikoan musikaren eta mugimenduaren arteko erlazioan arakatzen. Zer zuzenagoa musikaren erritmoan eginiko gorputz baten mugimenduak baino irudiaren eta soinuaren arteko lotura adierazteko? Gorputza, soinu uhinen transmisore bisual gisa.
Urte horretan, Jone Amezaga dantzaria mintzatu zitzaigun harreman horretaz, gorputza erabiltzeko moduagatik eta haren mugimenduen jariakortasun eta naturaltasunagatik liluratu gintuen shooting batean, artifiziorik gabe, modu natural eta berezko batean. Horrela egin beharko genuke dantzan guztiok (profesionalak ez izan arren): hots, aurreiritzirik gabe, ahaztuta dantza pauso bat edo aurretik zehaztutako mugimendu bat zer den suposatzen den hori.
Alex Iturralde argazkilariaren laguntzaz, bi orduko shooting batean eta 120 beat/min-ko musikaz, hainbat argazki eta bideo egin genituen jaialdiaren grafiko orokorra diseinatzeko. Zuri-beltzeko irudiak, saiatzen direnak Joneren mugimenduak modu adierazgarri eta gordin batean islatzen; atzean, pareta zuria, besterik ez. Asmoa zen irudi atenporalak sortzea, garai zehatz batetik kanpokoak, denboren hasieratik existitu den erlazio hori islatzeko: musikaren eta gizakiaren arteko erlazioa.
Hamazazpi urte eta aurrera. Gora Dock!”
Jaialdiak eman ditu ezagutzera Film Laburren Lehiaketarako Atalaren Epaimahaikideen izenak. Honako hauek, hain zuzen ere, izango dira epaimahaikideak: Mariona Borrull zinema-kritikaria, Josetxo Cerdán katedraduna eta Gorka Urbizu musikaria.
Mariona Borrull zinema-kritikaria da Fotogramas aldizkarian, eta Gara, El Cultural eta Kinótico argitalpenetan ere erregularki sinatzen ditu artikuluak. Irratiari dagokionez, Ràdio 4 irratiko Va de Cine saioan, SER Catalunya irratiko Tot és Comèdia saioan eta Catalunya Ràdio irratiko La Finestra Indiscreta saioan parte hartzen du. 3Cat plataforman, Replicants podcasta aurkezten du, eta Nervi magazineko agendaz arduratzen da, Andrea Gumes-ekin batera. Serielizados plataforman animeari buruzko Sopa de Miso podcasta ere aurkezten du. A klaseko jaialdien (Berlin, Cannes, Venezia, Toronto...) estaldura egiten du eta, aldi berean, unibertsitatean (UPC, UOC) irakasle izateaz gain, Most eta L 'Alternativa jaialdietako programazioa prestatzen du. ACCEC elkarteko eta Feroz sariren Batzordeko kidea da, eta Berlinale Talents izendatu zuten 2022an.
Josetxo Cerdán irakasle titular izan da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (2003-2008) eta Rovira i Virgili unibertsitatean (2008-2015). Egun, katedraduna da Madrilgo Karlos III.a unibertsitatean. 2018ko irailetik 2022ko abendura bitarte Espainiako Zinematekaren zuzendari izan zen. Era berean, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari (2010-2013) ere izan da Cerdán, eta Estatuko nahiz nazioarteko hainbat erakundetarako programak prestatu ditu, hala nola Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdia (2009); Anthology Film Archive (2013); edo Lincoln Center (2014).
Gorka Urbizu (Lekunberri, 1977) musikari eta ekoizle euskalduna da. Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarrista, besteak beste kantugintzan eta letragile gisa egindako bideagatik da ezaguna. 14 urte besterik ez zituela sortu zuen bere lehendabiziko taldea, pianoan idatzitako kantuak oholtzara eramateko asmoz. Ordutik, diskogintza eta zuzenekoei lotutako bizimodua darama egile nafarrak. Berri Txarrakekin mundu oson barna mila kontzertutik gora emateaz gain, rock musikan sona handia duten hainbat ekoizlerekin lan egindakoa da, batzuk aipatzearren: Steve Albini (Nirvana, PJ Harvey, Pixies...), Ross Robinson (The Cure, At The Drive-In...) edo Bill Stevenson (Black Flag, Rise Against, Lemonheads...). 25 urteko ibilbide oparoaren ondoren, 2019an geldialdi bat egitea erabaki zuen, Marina Lameirok DARDARA dokumentalean jasotako Ikusi Arte Tour biraren bitartez (Filmin plataforman ikusgai).
2024an, hainbat urtetako isilunearen ondoren, kritika zein entzuleak harritu dituen ‘HASIERA BAT’ bakarkako lehen lana kaleratu du.
Film Laburren Lehiaketarako Atalak, bestalde, bere epaimahaia izango du, honako hauek osatuta egongo dena: Virginia García del Pino zuzendaria eta ikus-entzunezko artista; Jorge Tur Monto zinemagilea eta Antonio Arias, musikaria.
Virginia García del Pino Bartzelona (1966). Zuzendaria, ikus-entzunezko artista eta irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dokumentalen Masterrean. “Espainiako beste zinema” delakoaren parte da, eta zinegile gisa hasi zen bertan. Film labur ugariz gain, 3 film luze egin ditu: El Jurado (2012), La 10ª carta (2014), Donostiako Zinemaldian estreinatua, eta La estafa del amor (2023), berriki “Los trabajos y las noches” jaialdian saritua. Besteak beste, MNCARS, IVAM, CCCB eta Tate Gallery-n egon dira ikusgai bere bideo-sorkuntzak. Gaur egun, Euskadiko emakumezko zuzendari berriei laguntzen dien NOKA programako tutorea da.
Jorge Tur Monto Zinemagilea da, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Sormenezko Dokumentalaren Teoria eta Praktika Masterreko irakaslea eta koordinatzailea. Psikologian graduatua da, eta maisutzako ikasketak ditu Sormenezko Dokumentalean. Bere lanak hainbat jaialditan ikusi dira, hala nola Bafici, Doclisboa, Visions Du Réel, Festival dei Popoli, Taiwan International Documentary Festival, Fidocs, Documenta Madrid eta Alcances jaialdietan. Beste erakusketa batzuetan ere parte hartu du, hala nola “D-Generación: experiencias subterráneas de la no ficción española” eta “Apología/Antología” erakusketetan. Azken horrek Espainiako 50 urteko bideo sorkuntza errepasatzen du.
Antonio Arias musikaria, abeslaria eta kantagilea da. Hamasei urte zituela, 1982an, Granadako 091 taldean sartu zen, eta hiru disko kaleratu zituen haiekin. 1990ean bere banda sortu zuen, Lagartija Nick, eta 15 disko argitaratu ditu harekin. Besteak beste, azpimarratzekoak dira Omega (1996), Enrique Morenterekin elkarlanean egindakoa, eta El perro andaluz (Montgrí, 2023), Luis Buñuelen poema bildumari buruzkoa. 2023an Óscar Cabreraren En el satélite de Lagartija Nick, conversaciones con Antonio Arias liburua argitaratu zuen Muzikaliak, eta Mawlid taldearen lehen singlea, Hora primera, argitaratu zen. Andalustar folk musika egiten duen talde horretan dihardu Antonio Arias, Fandila taldeko Ramón Rodríguezekin batera, eta Ibn al Jatib-en olerkiak ditu oinarri, Arabiako eta Granadako musikekin nahastuta.