2023-09-01
Donostia Zinemaldiaren 71. edizioak 14 euskal ekoizpen hartuko ditu
Donostia Zinemaldiaren 71. edizioak 14 euskal ekoizpen hartuko ditu. Nazioarteko zinemaren hitzordu handia irailaren 22tik 30era bitartean gauzatuko da, eta agerian utziko du euskal sektorearen indarra.
Sail ofiziala
Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren filmen artean Isabel Herguerak zuzendutako ‘El Sueño de la sultana’ dago. Uniko, Sultana Films, El Gatoverde Producciones, Abano Producións eta Fabian & Fred dira filmaren ekoizleak. Filmak Inés zuzendari espaniar gaztearen ibilbidea kontatzen du. 1905ean, Rokeya Hossein idazle bengaliarrak Ladylandekin egin zuen amets, emakumeek gobernatutako lurralde utopikoarekin, eta handik mende batera, Inések autoaurkikuntza-bidaia bati ekitea erabakitzen du, Rokeyaren aztarnei jarraituz eta Ladyland-en bila.
Zabaltegi
Begirada eta forma berriak bilatzen dituen zinemari zuzendutako Zabaltegi atalean, Irati Gorostidiren ‘Contadores’ film laburra izango da. Apellaniz y De Sosa, Tractora eta Pirenaika ekoiztetxeen proiektua da, eta Kimuak 2022 katalogoan parte hartu du. Bestalde, Ion de Sosaren ‘Mamántula’ lan berriak mundu mailako estreinaldia izango du sail honetan. Apellaniz y de Sosa, Señor y Señora, Paola Á. Filmproduktion, Tasio eta UMMM enpresek ekoizten dute.
Zinemira
Zinemira atalean ere euskal lan nabarmenak izango dira ikusgai. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak, Irizar eta EITBren babesarekin, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APVren, IBAIAren eta Zineuskadiren laguntzarekin euskal zinemari eskainitako atala da, hain zuzen ere.
‘20.000 erle-espezie’ bertan izango da, Estatuko zein nazioartean egindako ibilbide arrakastatsuaren ondoren. Estibaliz Urresola Solagurenen opera prima Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films enpresek ekoiztu dute, eta hainbat aintzatespen jaso ditu izen handiko jaialdietan.
Atal honetan Paul Urkijoren ‘Irati’ filma ere lehiatuko da. Kataluniako Fantasiazko Zinemaren Nazioarteko Jaialdian mundu mailako estreinaldia izan ondoren, azpimarratzekoa da historiako euskarazko filmik arrakastatsuena dela. Izan ere, nazioarteko 15 jaialdi ingurutan parte hartu du, Seattle IFF, Macabro México eta Glasgow Film Festival, besteak beste. Gainera, hainbat aintzatespen jaso ditu, hala nola Zuzendari Onenaren Saria Brasilgo Fastaspoa Jaialdian, Film Onenaren eta Argazki Onenaren sariak Murtziako Europar Zinema Fantastikoan, Publikoaren Saria Sitgeseko Zinemaldi ospetsuan eta Goya sarietarako bost izendapen ere izan zituen.
Amat Vallmajor del Pozoren lehen film luzea ere ikusgai izango da, ‘Misión a Marte’, Berlingo Kritikaren bederatzigarren Astean nazioarteko estreinaldia izan zuena. Road-movie futurista hau surrealismoz eta zientzia fikzioz beteta dago. Euskal Herri post-apokaliptiko bat aurkezten du, non bi anaia misioan abiatzen diren. Txominek, langabezian dagoen euskal arkeologoak, Marteko peritu baten enkargua jaso du. Bere anaia Gene gidari duela, Eibartik abiatu dira, Espainiako iparraldean barrena. Generen osasun ahula eta misteriotsuki agertzen den lanbro toxikoa direla eta, bidetik aldendu eta beren arreba Milarengana joan dira laguntza eske. Hiru senideak berriro elkartu direnean, beren arteko gaitzespenak ernetu dira, eta Generen osasunak okerrera egin du. Mamu batzuen eta Jesuskristoren beraren laguntzarekin, bi anaiek Marterako misioa amaitzea erabakitzen dute. Elias Querejeta Zine Eskola, Muxika Zinema eta Vitrine Films dira ekoizleak, eta azpimarragarria da filmaren soinu banda, Hertzainak punk taldearen abestietan oinarrituta baitago ia osorik.
‘Tetuán’ filmaz ere gozatu ahal izango dugu. Bizitza errealeko esperientzia pertsonaletan oinarritua, Iratxe Fresnedak bidaia pertsonal batean sartzen gaitu. Iraganak eta orainak bat egiten dute ikusmen-esperientzia izugarri sentsorial batean; Danubio ibaiaren ertz lasaietatik hasi eta Madrilgo bizimodu asaldaturaino, lau istorio elkartzen dira Tetuango misterioetan galduz.
Era berean, Félix Viscarret zuzendariaren ‘Una vida no tan simple’ filmaren proiekzioa ere izango dugu, Lamia Producciones, Klingsor Films, AIE eta A Contracorriente Films ekoiztetxeek ekoiztutako lana. Seme-alaben hazkuntza eta helduen bizitza uztartzea kostatzen zaion aita baten istorioa kontatzen du. Bere arkitektura-estudioan eta bere seme-alabak eskolatik irtetean jolasten duten parkean igarotzen ditu bere egunak. Edonon dagoela ere, Isaias beti pentsatzen du ez dagoela behar lukeen lekuan. Ainhoa emaztearekin igartzen da urteak aurrera doazela eta haurrak hain txikiak direnean zein nekagarriak izan daitezkeen. Lanez eta seme-alabez beteriko bizitzak egunen batean atseden hartzea amesten du Ainhoa. Isaiasek gero eta adiskidetasun handi.
Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko lehiatuko den beste filmetako bat ‘Las buenas compañías’ izango da. Silvia Muntek zuzendutako eta Irusoinek ekoitzitako filmak Ikusleen Saria lortu zuen Giza Eskubideen 20. Zinemaldian. Fermin Muguruzak ere bere azken proiektua aurkeztuko du, ‘Bidasoa 2018-2023’, Talka Records & Films eta Barton Films ekoiztetxeen eskutik. Azkenik, Josu Martinezen azken bi lanak ezagutzeko aukera izango dugu: ‘Mirande, film bat egiteko zirriborroa’ eta ‘Bizkarsoro’. Lehenengoa Jon Mirande idazleari buruzkoa da; bigarrenean, berriz, zuzendariak bost istorio erreal aurkezten dizkigu, existitzen ez den herri batean 1914tik 1982ra gertatu ziren ahozko eta idatzizko testigantzetan oinarrituta. XX. mende osoan zehar, belaunaldi ezberdinek aldaketa kultural handiak bizi dituzte, hala nola hizkuntza baten erroizte eta hurrentzea eta bizirik irauteko borroka.
Made in Spain
Era berean, ‘Upon Entry’ lanak Made in Spain sail ez-lehiakorrean parte hartuko du. Alejandro Rojasen eta Juan Sebastian Vasquezen opera prima, Basque Films, Zabriskie Films, Sygnatia eta Upon Entry AIE konpainiek ekoiztu dute. Drama honetan, bikote gazte bat JFK-ko aireportura iritsiko da Espainiatik, Amerikako Estatu Batuetan etorkin gisa sartzeko. Prozesua amaituta eta onartuta zegoelakoan, ezusteko desatsegina hartzen dute ustekabeko azken ikuskapen bat egin behar zaienean. Bidaia berri baten hasiera izan behar zuena, gainditu beharreko egoera bizi eta konplexua bihurtuko da. Malagako Zinemaldian Gizonezko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Biznaga saria eta Estoniako Tallinn Black Nights Film Festival jaialdiko FIPRESCI saria jaso zituen filmak.
Euskal Zinemaren Gala
Bestalde, Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien eta La tentación producciones ekoiztetxearen ‘Arnasa Betean’ dokumentala izango da aurtengo Euskal Zinemaren Galaren protagonista. Belaunaldi ezberdinetako euskal zinemagileek parte hartu dute lan honetan.