2023-08-17
"Filma areto batean erakutsi ahal izatea da zinema egitearen punturik gorena, eta, Giornate bezalako sail entzutetsu batean gertatzen bada, oso baliotsua da"
Datorren abuztuaren 30ean hasiko da Veneziako Nazioarteko Zinemaldia, eta Victor Iriartek 'Sobre todo de noche' filmarekin debuta egiteko aukera izango du. Hitzordu ospetsuarekiko dituen itxaropenaz mintzatu zaigu.
- Zure opera primarekin Veneziako Zinemaldiko Giornate degli Autori sailean parte hartuko duzu. Nola hartu duzu hautaketaren albistea?
Albiste bikaina da, eta ilusio handiz hartzen dugu, Venezia munduko hitzordu handienetako bat baita, Cannesekin, Berlinekin eta Donostiarekin batera. Alde batetik, industriak ezinbesteko hitzordu gisa markatuta duen foroa da, eta nazioarteko prentsa garrantzitsuena bertaratzen da. Aldi berean, ‘Sobre todo de noche’ pelikularen mundu mailako aurkezpena da. Pelikula bat egitea oso prozesu luze eta bizia da. Aurkezpenaren unea funtsezkoa da, etapa baten amaiera eta beste baten hasiera markatzen baitu. Une horretan, esku artean zer daukagun baloratzeko momentua iristen da. Filma areto batean erakutsi ahal izatea da zinema egitearen punturik gorena, eta, Venezian gertatzen bada, Giornate bezalako sail entzutetsu batean, oso baliotsua da.
- Bertan aukeratua izatea espero al zenuen?
Inork ez daki non estreinatu ahal izango duen bere lana. Bagenekien film berezi bat genuela, aktore oso indartsuekin. Gainera, thrillerretik melodramara doan istorio bat da, eta egile-zinema garaikidearekin solasten duten erabaki formalak hartu ditugu. Baina jaialdi batean edo bestean sartzea konplexua da. Hautapen-batzordeak filmak ikusten joan eta hartu-emana hasten da: gonbidapen-gutunak, errefusak, itxaron-zerrendak, hainbat negoziazio... Alpha Violet konpainia gure nazioarteko salmenta-agentea da, sektorean esperientzia handia duen enpresa frantziarra, eta azken erabaki horietan talde osoa ondo gidatzen jakin du. Helburua ez da zinemaldi batek zure lana onartzea, baizik eta pelikulari gehien lagundu diezaiokeen saila aurkitzea, bere nazioarteko estreinaldien zirkuitua, posizionamendua, salmentak eta abar suspertze aldera. Lantalde osoaren artean erabaki dugu Giornate dela gurea bezalako film bat estreinatzeko eszenatokirik egokiena.
- Zer espero duzu hitzordu honetaz?
Publikoarekin topaketaz gozatzen saiatuko gara, saileko beste filmez gain, baita Veneziako Lidoko kanalen ikuspegi paregabeaz ere. Zuzendari gisa, urduri egotea saiheztezina da, baina irrikan nago lehen ikustaldi horiez gozatzeko, istorio hau pantaila handian eta lehen aldiz deskubrituko duen publiko batekin. Eta ekoizpen gisa, gogo handia dugu industriari ezagutarazteko, beste zinemaldi batzuetan lanarekiko interesa pizteko, nazioarteko banatzaileek interesa erakartzeko eta filma ahalik eta lurralde gehienetara saldu ahal izateko. Hau da pelikula partekatu eta munduari erakutsi ahal izateko beste fase baten hasiera. Bagakigu gure lana jaialdian aurkezteak leku onean jartzen gaituela azaroaren 1erako aurreikusita dagoen Estatuko estreinaldirako, baita udazken-neguko sarien denboraldirako ere. Azken batean, Venezia lagungarria izango delakoan gaude publikoari gure filma ikusteko gogoa eragiteko.
- Nola aurkeztuko zeniguke filma?
Bi emakumek (Lola Dueñas eta Ana Torrent) Duero ibaiaren ertzean izandako topaketa kontatzen duen film beltza da. Semea adopzioan eman behar izan zuen ama da Vera, eta amaordea, berriz, Cora. Euren patua aldatzeko zorian daude biak. Filma zinema beltzeko kode batekin hasten da eta ‘road movie’ moduan garatzen da: lehenik Madril, gero Donostia, eta azkenik Portugal, Portotik oso gertu. Oso garrantzitsuak dira paisaia horiek eta nola aurkezten eta aldatzen dituzten pertsonaiak. Mendebalderako bidaia horretan, hasierako polizia-istorioa melodramara pasatzen da, eta azken blokea amodiozko film gisa defini daiteke. Argitu ezin ditugun hainbat sekretu deskubritzen dituen istorioa da, baina hiru heriotza, bi lapurreta eta ihes bat ezkutatzen dituen filma dela esango dut.
- Zure opera prima da, nola bizi izan duzu esperientzia hau?
Filmaren gakoetako bat esperientzia handiko profesional talde batez inguratzea izan da, proiektua hastean proposatu genuen bilaketa formala eta sortzailea ahalik eta urrutien eramateko. Pelikula bat egitea ekintza kolektibo bat da, eta, beraz, talentuen eta indarguneen batuketa gisa uler daiteke. Eta iristen ez zarenean, zure taldea dator. Adibidez, ekoizpenean honako ekoiztetxe hauek parte hartu dute: La Termita Films, bina Urrezko Maskor irabazi dituzten Isaki Lacuesta eta Isa Campo ekoizleena, eta Inicia Films, Valérie Delpierrekin, zeinak Carla Simonen ‘Verano del 93’ edo Estíbaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak ekoitzi dituen. Eta Euskadin sortu berri diren bi ekoiztetxek ere esku hartu dute: Atekaleun (Tamara García) eta CSC Films (Katixa de Silva). Esperientzia handiaren eta talentu berrien konbinazio hori arlo guztietan eman da. Adibidez, Lola Dueñas eta Ana Torrent edukitzeak aukera eman digu euren pertsonaien mugak sormen osoz aztertzeko. Haiekin hazi egin da filma, eta talentu eta esperientzia horri esker, bi emakumeak elkartzen dituen pertsonaiari bizia ematen dion Manuel Egozkue aktore hasiberriak ere bere onena eman ahal izan du.
Alderdi tekniko-artistikoan gauza bera gertatu da. Industrian esperientzia handia zuen talde batetik abiatu ginen, eta prozesu osoan hazteko aukera eman digu: Isa Camporekin batera idatzi dugu gidoia, 2023ko Gidoi Egokitu Onenaren Goya saridunarekin ‘Un año, una noche’ lanagatik; ‘La trinchera infinita’ filmarekin Soinu Onenaren Goya saria irabazi zuen Alazne Ameztoy arduratu da zuzeneko soinuaz; ‘Akelarre’ pelikularekin Musika Onenaren Goya saria eraman zuen Maite Arroitajauregik egin du jatorrizko soinu-banda; ‘20.000 erle espezie’ lanaren zuzendaritza artistikoa egin zuen Izaskun Urkijo izan da arte zuzendaritzaren arduraduna; eta Ana Pfaff, ‘Verano 1993’ eta ‘Alcarrás’ filmen muntatzailea ere, gurekin izan da.
Beraz, fikziozko nire lehen filma da, baina oso ondo lagunduta sentitu naiz. Pentsatu nahi nuke aipatu ditudan profesional ospetsuen esperientziak bat egin duela talde hasiberrienaren jakin-minarekin eta ausardiarekin. Oreka horiek arriskuak izan ditzakete, baina nire sentsazioa da ondo egiten bada, koordinazioak funtzionatzen badu eta pelikularekiko gogo maila bera badago, ikasi eta batu egiten dela. Lan hori guztia pantailan islatzen da gero.
- Filmak hainbat laborategitan eta WIPetan parte hartu du. Uste duzu horrek lagundu duela ate gehiago irekitzen? Nola lagundu dute partaidetza horiek proiektua garatzen?
Nazioartekotzea funtsezko hitza da hazteko asmoa duen edozein industriatan, eta zineman ere gauza bera gertatzen da. Gure filma Euskadiren eta Kataluniaren arteko koprodukzioa da, eta Frantzia (4A4 Productions, Andres Queralt) eta Portugal (Ukbar Filmes, Pablo Iraola) koproduktoreak dira. Ez du zertan hobea izan filma koprodukzioa izanagatik, baina merkatuan bidea irekitzea errazagoa da. Eta gure kasuan, filmak asmo bikoitza du.
Alde batetik, hizkuntza zinematografikoaren erabileran asmo autoral nabarmena dago, baina, era berean, publikoengana iristeko eta merkatuan lekua egiteko helburua dugu. Edukia eta forma izan dira nire kezka nagusia zuzendari gisa prozesuaren fase guztietan. Hala ere, taldeari esker, garrantzi handia eman diogu proiektua industriako nazioarteko foroetan (laborategietan eta WIPetan) aurkezteko aukera emango digun ekoizpen-egitura bat sortzeari, hortik aurrera hazteko, bai sormenari dagokionez, bai finantzarioki. Nazioartean FID Lab (Marseilla, Frantzia), Les Arcs WIP (Frantzia) eta First Cut LAB (Trieste, Italia) topaketetan parte hartu dugu. Estatuan, Abycine WIP, Málaga WIP eta D 'A Film Festival LAB ekimenetan aurkeztu dugu proiektua. Horren ondorioz, filma amaitu baino askoz lehenago ezagutu zen, eta laster hitz egin ahal izan dugu banatzaileekin, salmenta-agenteekin, jaialdiekin eta sektoreko profesionalekin. Gainera, foro horietan sari ugari eskudirutan edo zerbitzuetan lortzeko zortea izan dugu, aurkezpenetan oso ondo joan baitzaigu.
Proiektua, beraz, indartu egin da prozesuan zehar, eta, azkenean, lan gogor horren guztiaren ondorioz, Europako kalitate-zigilu garrantzitsuenetako biren funtsak lortu ditugu. Zigilu horiek filmeko bazkide bihurtu dira: Eurimages eta Aide aus cinémas du monde (CNC Frantzia). Eduki autoralaren eta egitura sendo eta nazioartekoaren arteko oreka horrekin lan egitea oso interesgarria da. Zinemarena bezalako industria batek hazten jarraitzeko gakoetako bat dela uste dut, eta garrantzitsua da euskal zinemarentzat filmak bide horretan bilatzea eta haztea.
- Venezian estreinatu ondoren, zer ibilbide egitea pentsatu duzue filmarekin? Zinemetan estreinatzeko asmoa duzue?
Filma Estatu osoko aretoetan estreinatuko dugu azaroaren 1ean. Lehenago, Espainiako udazkeneko jaialdi ezagun baten Sail Ofizialean parte hartuko dugu. Filmak eta haien estrategiak amaitu baino askoz lehenago antolatzen dira, eta gure kasuan duela urtebete baino gehiago itxi genuen akordioa Atalante banatzailearekin, filmatzen hasi aurretik ere. Beraz, aretoetako estreinaldiari dagokionez, lan handia egiten ari gara duela hilabete batzuetatik hona. Data hori aukeratu dugu ikasturtearen hasierarekin bat egiteko eta udazken-neguko sari eta zerrendetan pentsatuz, Goyetara ondo kokatuta iristeko asmoz. Venezian estreinatu ondoren, gure salmenta-agentearen eskutik, Alpha Violet, nazioarteko aurkezpen-bira bat hasiko du filmak, hainbat jaialditan, publiko eta herrialde berrietarairisteko salmenta berriak bilatzeko xedez. Oso egitura zehatza da filma bertako eta nazioarteko ikusleengana ahalik eta ondoen iristeko. Gogo handia dut lana aretoetan aurkezteko. Norbere filmari buruz asko ikasteko aukera dago beste pertsona batzuek ikusten duten unean. Irrikan nago ‘Sobre todo de noche’ ezagutzera emateko eta ikusleen erreakzioak jasotzen hasteko. Orduan jakingo dugu zer nolako filma egin dugun.