2024-02-11
‘20.000 erle espezie’ eta ‘To Bird Or Not To Bird’, Goya sarietan arrakasta izan duten euskal ekoizpenak
Estibaliz Urresola Solagurenen filmak hiru sari jaso zituen, eta Martin Romerok zuzendu eta Unikok ekoitzitako lana Animaziozko Film Labur Onena izendatu zuten.
Estibaliz Urresola Solagurenek Zuzendari Berri Onenaren eta Gidoi Egokitu Onenaren Goya sariak irabazi zituen bart, '20.000 erle espezie’ lanarekin. Merezitako saria eman diote nazioarteko jaialdietan aintzatespen ugari pilatu dituen film bikain honi. Gainera, Ane Gabarain Bigarren Mailako Emakumezko Aktorerik Onena izendatu zuten, bere lankide Itziar Lazkano ere hautagai zen kategorian. Euskal ekoizpena 15 izendapenekin iritsi zen galara, opera prima batek inoiz lortutako zifra handienarekin, baina Urresolaren debutak oso aurkari gogorra aurkitu zuen; izan ere, ‘La sociedad de la nieve’ pelikulak berebiziko arrakasta izan zuen. Gaueko garaile nagusi bihurtu zen eta sari hauen historiako podiumean hirugarren geratu zen ‘Mar adentro’ eta ‘¡Ay, Carmela!’ filmen atzetik.
Erleek bildutako hiru Goya sariak zerrenda luze bati gehitu dira, Gariza Fims, Inicia Films eta Sirimiri Films etxeek ekoitzitako lanak sari uzta ederra jaso baitu nazioartean. Azken lorpenak honakoak izan dira: Film Dramatiko Onenaren Saria eta Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onenaren Saria Feroz sarietan, eta Zuzendaritza Berri Onenaren Saria, Katalanez besteko Film Onenaren Saria eta Argazkilaritza Onenaren Saria Gaudi sarietan.
Halaber, gau dirdiratsua izan zen ‘To Bird Or Not To Bird’ ekoizpenarentzat. Martin Romerok zuzendutako eta Unikok ekoitzitako lanak Animaziozko Film Labur Onenaren saria irabazi zuen. Ivan Miñambes ekoizleak bere seigarren Goya jaso zuen atzo, kritikak Estatuko eta nazioarteko hainbat jaialditan txalotu duen lan eder honengatik. Eta sari honen atarian geratu zen Sonia Estevezek zuzendutako eta Tik Tak Film Studiok ekoitzitako ‘Txotxongiloa’.
Ekoizpen izendatuak
Bestalde, Basque Filmsek ekoitzitako ‘Upon Entry’ thriller psikologikoa saririk gabe geratu zen. Alejandro Rojas eta Juan Sebastian Vasquez Zuzendari Berri Onenaren eta Jatorrizko Gidoi Onenaren sarietarako izendatuta zeuden Estibaliz Urresola Solagurenekin batera. Gainera, Alberto Amman aktore argentinar-espainiarra Aktore Protagonista Onenaren Goya sarirako hautagai zen.
Jatorrizko Gidoi Onenaren kategorian hirugarren euskal lan bat zegoen lehian: Felix Viscarret zuzendariaren ‘Una vida no tan simple’ filma, Lamia Producciones ekoitetxearena. Isabel Hergueraren eta Unikoren ‘El sueño de la sultana’ ere Animaziozko Film Onenaren Goya saria irabazteko atarian geratu zen. Eta Bixagu Entertainmentek ekoitzitako eta Carlota Peredak zuzendutako ‘La ermita’ filmak ere ezin izan zuen Bayonaren ekoizpena gainditu Efektu Berezi Onenen kategorian.