2023-05-30
Euskal zinema, Krakovian ere protagonista
Gure zinemak bere ahalmen eta indar guztia erakusten jarraitzen du, Estatuko zein nazioarteko zinema topaketa garrantzitsuenetan parte hartuz eta protagonista izanez. Oraingo honetan CEDOC Market azokan egongo da, Krakow Film Festival dela eta Krakovian egingo den sormenezko dokumentalen koprodukzio topaketan.
Maiatzaren 31tik ekainaren 3ra bitartean burutuko da eta ICAAk bi euskal proiektu aukeratu ditu ‘Co-production meeting’ ekimenean parte hartzeko. Alde batetik, Balea Media ekoiztetxeko Iñigo Lezertua 'Beloki, father and son' proiektuarekin bertaratuko da, eta, bestetik, Kanaki Filmseko Amaia Remirez García, 'Vréco: Sarajevo – New York – Granada' lanarekin joango da.
Topaketak irauten duen egunetan, euskal ekoizleek aukera izango dute poloniar homologoekin koprodukzio-bilera ezberdinetan parte hartzeko, dokumentalen aurkezpena egiteko eta CEDOCen hautatutako beste proiektu batzuekin banakako bilerak egiteko.
Gainera, nabarmentzekoa da egun hauetan Krakow Film Festival jaialdia ospatzen ari dela, eta bi euskal ekoizpen ere badauzkagula ‘Focus On Spain’ sailean. Bertan, Natxo Leuzak zuzendu eta Marmoka Filmsek eta Narm Filmsek ekoitzitako 'El Drogas' eta Jon Mikel Fernández Elorrek eta Bordagorri Produkzioak ekoiztetxeak zuzendutako 'Bi arnas' dokumentalak proiektatzen ari dira.