2023-08-25
Umorea Labur jaialdia nazioartera zabalduko da
Umorea Labur jaialdia abenduaren 11tik 16ra egingo da nobedade garrantzitsu batekin: nazioarteko jaialdi bihurtzea erabaki dute. Aitor Arenas zuzendariak gainditu behar izan dituzten erronkei buruz hitz egin eta sorpresa batzuk aurreratu dizkigu.
- Zergatik hartu duzue nazioartera hedatzeko erabakia?
Denbora generaman jaialdia berriro dimentsionatzeko asmotan. Umorera bideratutako Estatuko jaialdirik zaharrena da, eta orain dela 2-3 urte arte funtzionatzen zuen, baina aspertu egiten gintuen formula bat errepikatzen ari ginen. Orduan, aldaketa txikiak egiten hasi ginen; esate baterako, arreta herrialde desberdinetan jartzea. Iaz Kolonbiaren txanda izan zen. Jaime Manrique, Bogoshorts-eko zuzendaria (LATAMeko film laburren jaialdirik garrantzitsuena) bertan izan zen, eta izugarri gustatu zitzaion geneukana. Nazioartean egitea planteatu zuen. Buruan bueltaka genuen ideia zen, baina ez zen gauzatzeko erraza. Gero Clermont-Ferrandera joan ginen, film laburren merkatu garrantzitsuenera. Bertan 10 urte baino gehiago daramatzagu Banatu Filmak bezala parte hartzen, eta Umorea Labur ekimenari buruz hitz egiten hasi ginenean jendea harrituta geratzen zen jaialdi umoretsu baten ideiarekin. Aliantzak sortzen hasi ginen, eta errealitate bihur zitekeela ikusi genuen.
- Noiz hartu zenuten erabaki hori eta zein aldaketa gertatu dira azken hilabete/asteetan?
Aurreko galderan, neurri batean, gai horri erantzun diot. Jaimerekin eta haren aldez aurreko jarrerara onarekin izandako solasaldiaren ondoren gertatu zen, Clermont-Ferranden izandako harrera onarekin batera.
Aldaketei dagokienez, hainbat garrantzitsu daude. Bi nabarmenduko nituzke, hala nola nazioarteko zati hau guztia nola egituratuko den planteatzea: saioak, zein sari egongo diren, epaimahaiak, gonbidatuak, itzulpenak... Bestetik, finantzaketa bilatzea, hori guztia gauzatu dadin.
Gainera, zuzeneko umoreari presentzia eman nahi diogu, bakarrizketa, kontzertu eta emanaldiekin. Umorea adierazteko bide berri honi lekua egin nahi diogu, azken finean, Umorea Labur jaialdia "umorezko edukiontzi" bat delako.
- Zein harrera izan du ideia horrek?
Maila profesionalean, oso positiboa. Ez dago komedia/umore jaialdi askorik, eta horrek harritu egiten nau. Publikoari dagokionez, jende askok ez daki oraindik. Uste dut gure publikoak oso gustuko izango dituela planteatuta ditugun aldaketak.
- Zein ezberdintasun hautemango ditu ikusleak hurrengo edizioan?
Beste herrialde eta kultura batzuetako zinema eta umorea preziatu ahal izango ditu. "Kanpora ateratzeko" aukera emango dio. Asko gustatzen zaigu gure erosotasun gunetik irtetea eta publikoarekin gauza bera egitea. Jaialdi hau kudeatzen dugunontzat oso garrantzitsua da gure publikoa. Edizio bakoitzean apustu berriak egiten ditugu. "Programazioa oso ona da, aurreko urtean baino hobea" esaldia entzutea asko gustatzen zaigu. Beste edizio batzuk baino kaskarragoa dela esaten badigute ere, balio digu. Kritika funtsezkoa da. Garrantzitsua da, halaber, artistekin hartu-emanean aritzea. Kasu honetan beste hizkuntza batzuetan hitz egingo duen jendea egongo da. Uste dut oso interesgarria izango dela artisten eta gure publikoaren arteko harreman hori ikustea, umoreak nola funtzionatzen duen ikustea, ez baita beti unibertsala.
Beste nobedade bat urtean zehar jarduerak antolatzea izango da; izan ere, "Humor en CorTOUR" saioarekin hasi gara, jaialdiaren data zorrotzetatik ateratzeko. Proiektu asko ditugu martxan.
- Jaialdiko zuzendaria izateaz gain, Banatu Filmak ekoiztetxeko CEOa zara. Zein proiektu dituzue esku artean?
Ez zait asko gustatzen bideratuta ez dauden proiektuez hitz egitea, nahiago dut zuhurra izan, baina bi film luzeren eta labur baten aurre-produkzioan ari gara lanean.
Bestalde, maila pertsonalean, zinema nazioartekotzeko hainbat proiektutan parte hartzen ari naiz, talentu gazteari aukerak emateko helburuarekin. Parte hartzen dudan nazioarteko proiektuen artean, kulturaren "tokenizazioa" ardatz duen bat aipatuko dut. Asmo handiko ekimen interesgarria da, eta nazioarteko hainbat erreferente ditu dagoeneko.