2024-05-13
Aukeratuak Kimuak 2024 katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak
KIMUAK programaren 27. edizioara aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak 2024 urteko katalogoa osatzeko: ‘Dinosaurioak’ (Koldo Almandoz), ‘Errotatiba’ (Iratxe Fresneda), ‘Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu)’ (Izibene Oñederra), ‘Exergo’ (Jorge Moneo Quintana), ‘Patrimonio’ (Aitor Abio), ‘Todo lo cubre la sal’ (Joana Moya Blanco) eta ‘Utländsk’ (Alba Lozano).
Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bitartez egituratzen den programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik aurrera.
Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Alaitz Arenzana, Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko zuzendari artistikoak, Sra. Polaroiska talde artistikoko kide, irakasle eta proiektu artistikoen eta ikus-entzunezko lanen zuzendaria denak (besteak beste, Kimuak 2010 katalogoan hautatutako 'Exhibition 19' film laburrarena); Claudio Zilleruelo Acra, Black Canvas Zinema Garaikidearen Jaialdiaren sortzaile eta zuzendari artistikoak, ekoizlea Taller Tritón-en, programatzailea eta zinema independentearen zuzendaria; eta Xavi Herrerok, Ibizacinefest-Cinema Independent d ́Eivissaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari eta programatzaileak, zeinak “errealaren zinema” deritzonaren errealizadore eta ekoizle moduan diharduen.
KIMUAK 2024 katalogoak fikzioa, ez-fikzioa, entsegua, dokumentala eta animazioa jasotzen ditu. Filmetako bat euskara hutsean egina dago, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, eta hirugarren bat euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bi osoki gaztelaniaz eginak daude, eta azken biek ez dute elkarrizketarik. Zazpi laburretatik lau emakumezkoek zuzendu dituzte, eta hiru egileen lehen edo bigarren filmak dira.
Honako hauek dira hautatutako zazpi film laburren inguruko xehetasunak:
‘Dinosaurioak’
Koldo Almandoz donostiarrak (1973) hainbat genero eta formatutako filmak idatzi eta zuzendu ditu azken 25 urteetan. Bere lanak nazioarteko jaialdi askotan aukeratu eta saritu dira, hala nola Semaine de la Critique de Cannes, Rotterdam Film Festival, Donostia Zinemaldia, BAFICI, Festival dei Popoli eta Seattle International Film Festival hitzorduetan. ‘Hondar Ahoak’ eta ‘Intimidad’ telesailak ere sortu eta zuzendu ditu. Kimuaken lehen edizioan parte hartu zuen ‘Razielen itzulerar’ lanarekin (1998) eta katalogoan agertu zen azken aldia 2020a izan zen, Maria Elorzarekin batera zuzendutako ‘Quebrantos’ lanarekin.
Punto de Vista jaialdiko hautaketa batzordeko kidea izan zen. Halaber, The Balde arte eta kultura aldizkariaren zuzendaria, hainbat kultur proiektu eta erakusketen sortzaile eta komisarioa, eta irrati-fikzioen gidoilari eta zuzendaria izan da. Larrotxene, Dinamoa eta Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea, hainbat libururen egilea eta Farmazia Beltza argitaletxearen sortzailea ere da. Garabi Films etxean ekoizle lanak egiten ditu.
‘Dinosaurioak’ fikzioak Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Iñigo Aranbarri, María del Amor Zubiaur, Laura Villanueva eta Martin Almandoz ditu protagonista, eta aro baten amaiera mingotsaren aurrean jartzen du ikuslea.
‘Errotatiba’
Oroimenaren hauskortasunari eta hura babesteko gizakiak sortzen dituen lekuei buruzko ez-fikzioa da ‘Errotatiba’. Pertsonak desagertu egiten dira, bizi izan zireneko eraikinak edota lan egin eta zoriontsu izan zireneko tokiak bezala. Aurpegi eta bizitza horiek, noizbait idatzizko oroimenaren parte izandakoak, desagertuko den oroimenarekin batera galduko dira, ezer ez delako betiko. Esaerak dioen bezala, urak dakarrena, urak daroa.
Iratxe Fresneda (Arrigorriaga, 1974) emakumezko zuzendarien belaunaldi berri baten parte da, ikus-entzunezkoen ikerketaren eta industriarako lanbidearen jardunaren arteko erdibidean moldatuak, eta azken urteotan Estatuan eta nazioartean eragin interesgarria izan dutenak. 2004tik UPV-EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio Saileko irakasle agregatua da, eta Nevadako (AEB), New Yorkeko CUNY (AEB), Lundeko (Suedia) eta Toulouse II - Le Mirail-ko (Frantzia) unibertsitateetan irakasle gonbidatu eta ikertzaile izan da.
Bere zinema, ahaztutako artxiboek inspiratua, errealaren istorioen erregistroan zentratzen da, begirada pertsonal batetik. Bere lehen film luzea, ‘Irrintziaren oihartzunak’ (2016), 64. Donostia Zinemaldian estreinatu zen eta ‘Erregistroaren trilogiari’ hasiera eman zion. Trilogiari ‘Lurralde hotzak-Cold Lands’-ek eman zion jarraipena 2018an, eta ‘Tetuán’ filmarekin itxi zen 2022an.
Bere filmak nazioarteko zinemaldietan eta mundu osoko filmategietan proiektatu dira (Berlin, Varsovia, Madril, Genova, Seul, Porto, Lima, Lugano, Montevideo, Bartzelona...), eta sari eta aitorpen ugari jaso dituzte. Orain ‘Bide guztiak' film luzea garatzen dihardu. ‘Errotatiba’ iraupen laburreko bere lehen filma da.
‘Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu)’
Bere animazio berrian, Izibene Oñederra (1979) zuzendari azkoitiarrak egungo gizartearen beldurrak marrazten ditu. ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ animazioan, ingurumen krisia dela-eta kolapsoan dagoen komunitate txikiko biztanleria ahal bezala moldatzen da bizitza berrira. Pribilegiatuak carpe diem pentsakizunari lotuta, bizirauteari eutsi nahian besteak. Zer da etorriko dena? Besterik ezean, zerbaitek salbatuko gaitu?
Arte Ederretan doktorea UPV-EHUn, Izibene Oñederra Artelekuko artista egoiliarra izan zen eta bertan Cine Mapa ikus-entzunezko taldea sortu zuen beste zenbait kiderekin batera. Zinema Arraroko jardunaldiak ere antolatu zituzten. Gaur egun, UPV-EHUko Arte Ederren Fakultateko Pintura Saileko eta Arte eta Teknologia Saileko Graduko irakasle da.
Ibilbide ezaguna du animazioan eta Kimuak katalogoaren parte izan da zenbait alditan. Berak zuzendutako ‘Hezurbeltzak, una fosa común’ (Kimuak 2007), ‘Hotzanak, For Your Own Safety’ (Kimuak 2013) eta ‘Lursaguak’ (Kimuak 2019) filmez gain, kolektiboan egindako ‘Beti bezperako koplak’ (Kimuak 2016), ‘Areka’ (Kimuak 2017) eta ‘Ehiza’ (Kimuak 2020) lan kolektiboetan ere hartu du parte. Sultana Films etxeak ekoiztu du bere azken lan hau.
‘Exergo’
Jorge Moneo Quintana (Gasteiz, 1988) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU-UPV), eta zinemako eta ikusizko arteetako ikasketak egin ditu Universitatea de Arta si Design din Cluj-Napocan (Errumania), Vigoko Unibertsitatean (UVigo) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB).
IDFAcademy edo Berlinale Talents programa ospetsuetan parte hartu du. Hainbat erakusketa kolektibotan parte hartzeaz gain, bere lanak DOK Leipzig, IDFA, Punto de Vista, Malagako Zinemaldia, Tirana International Film Festival, FICG-Festival de Cine de Guadalajara, Oberhausen, Beijing International Short Film Festival edo Filmadrid bezalako nazioarteko jaialdietan saritu eta erakutsi dira.
Zuzendari gisa egindako lanekin batera, zuzendari laguntzaile lanetan ibili da Ivan Castiñeirasen ‘Where is the jungle?' filman, muntatzaile gisa Irati Canoren
‘Medusak'-en edota Frederico Loboren ‘Quando a Terra Foge' lanean, aurki Canneseko Quinzaine des Cinéastes-en estreinatuko dena. Era berean, Érik Bullot, Orsolya Gàl, Miren Barrena eta The Sound We See bezalako artistekin kolaboratu du.
‘Exergo’ saiakerak, Bilboko Arte Ederren Museoko margolan batzuen xehetasun periferiko eta ezkutuetatik abiatuta, iraganeko eta egungo artisten baldintza sozial, ekonomiko eta psikologikoekin lotutako hainbat gai aztertzen ditu.
‘Patrimonio’
Izaera sozialeko fikzio hau 2000. urtean jaiotako Aitor Abio durangarraren lehen film laburra da. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua Mondragon Unibertsitatean, gaur egun ECPVn zuzendaritza zinematografikoko diplomatura egiten ari da.
Mikelek bere aita Karlosen enpresan lan egiten du. Konpainiak saltzea eta plantillaren erdia kaleratzea erabakitzen duenean, Mikel lankideen alde agertzen da. Bere asmoak onak diren arren, langileek sabotaje plana ezkutatzen diote. Xabier Elizaldek, Mikel Laskurainek, Iñigo Aranburuk, Eder Marcosek, Gonzalo Solla-Landak eta Juan Zuluagak osatzen dute ‘Patrimonio (Ondarea)’ filmeko aktore-taldea.
‘Todo lo cubre la sal’
Berrogeita hamazazpi sare-konpontzailek egiten dute lan Euskal Herriko kostaldean, lan tradizional horrekin jarraituz, denbora gelditu izan balitz bezala. Eskuak gatzez estalita dituztela, etengabe ehuntzen dute, isil-isilik. Emakume horiek itsasoaren eta haren misterioaren parte dira. Itsasontzi baten alertak gaua urratzen du, itsasargi batek dena argitzen du, marinel bat jitoan dago uraren pentsamenduetan barrena, eta esku batzuk dantza eta dantza ari dira sareekin bat egite duten arte.
Joana Moyak (Bilbo, 1985) geologia eta dantza garaikidea ikasi zituen. 2010az geroztik irudiarekin dihardu lanean, eta ikus-entzunezko proiektuetan sartzen ditu diziplina horiek. ‘Todo lo cubre la sal (Gatzak dena estaltzen du)’, bere lehen film laburra, Doclisboa, ZINEBI, Malaga eta Hot Docs zinemaldietan lehiatu da.
Geologiarekiko bere lotura ‘La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria’ bere lehen film luzearen hazia da. Garapen fasean dagoen proiektu hau Mataderoko Egonaldi Zentroak aukeratu du, Cineteca, Noka Mentoring, Noke Ekoizpena eta Dirdira Labekin batera.
‘Utländsk’
Esti, ‘Utländsk’ filmaren protagonista, Oiartzunera itzuli da sei urtez Suedian bizi ondoren. Bere buruari ez zela itzuliko agindu bazion ere, ezegonkortasun ekonomikoak eta lan-prekarietateak bueltatzera behartzen dute. Herriak aldaezin jarraitzen duela konturatzen da, eta Esti ez dago egokitzeko prest.
Alba Lozanok (Barakaldo, 1996) Izaro Nieto eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak zuzendu ditu bere bigarren film laburrean. Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Zuzendaritza Zinematografikoa ikasi zituen ECPVn eta ESCACen. 2022an ‘Non Grata’, bere lehen filma idatzi eta zuzendu zuen. 50 jaialditan baino gehiagotan hautatu eta dozena bat sari lortu zituen, eta horien artean Alacanteko Zinemaldian Film Labur Onenaren golardoa nabarmentzen da. Bere istorioetan, Alba naturalismoan murgiltzen da, hura hunkitzen duten gatazkak aztertuz eta eragile profesionalen eta ez-profesionalen arteko sinergia bilatuz.