2024-09-14
"Go!azen’ telesailaren parte izateak izugarrizko pribilegioak eskaintzen dizkigu, hala nola Donostia Zinemaldian parte hartzearena; iaz bizitakoa ahaztezina izan zen"
Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan, aurreko urtean bezala, ‘Go!azen’ telesailaren lehen atala ikusteko aukera izango dugu Belodromoan. Hamaikagarren denboraldi honetako nobedadeak ezagutzeko eta bere pertsonaia ezagutzeko, Garaziren papera egiten duen Nerea Elizalderekin hitz egingo dugu. Aktore bilbotarrak esku artean dituen lanen berri ere eman digu.
‘Go!azen’ telesailak bere hamaikagarren denboraldiari ekingo dio. Espero zenuten publikoaren harrera hain beroa?
Grabatzen ari garenean ez dakigu orain arte bezala funtzionatzen jarraituko duen, eta, zorionez, berriz ere harridura eta poza sentitu dugu ikusleek oraindik ere gogo handiz hartzen dutelako. Pribilegio handia da egiten dugun lana hain ongi hartua izatea eta jarraitzaileek begi onez eta gehiagorako gogoz ikusten gaituztela jakitea. Lanean jarraitzeko bultzada izugarria da.
Zure ustez, zein izan daiteke arrakastaren gakoa?
Aktoreen artean gai honi buruz hitz egiten dugunean, ezin dut atzera begiratzea saihestu: ‘Go!azen’ pelikulak 8 urterekin harrapatu ninduen eta asko gustatzen zitzaidan nola dantzatzen eta kantatzen zuten ikusteak eta udaleku batera joaten banintzen gauza bera gertatuko zitzaidala pentsatzeak. Pertsonaia komikoekin barre asko egiten nuen eta Irati eta Beñaten trama erromantikoari oso lotuta nengoen. Gainera, ‘High School Musical’ filmaren garai hartan, bat-batean, euskaraz egindako proiektu hau agertu zen, etxean mila aldiz entzundako abestiekin, eta horrek askoz hurbilago sentiarazten zuen. Uste dut faktore horiek guztiak mantentzen dituela, eta oso produktu entretenigarria eta hezigarria dela.
Zer berri dakarkigu denboraldi honek?
Denboraldi honi sei pertsonaia berri gehitu zaizkio, eta, zalantzarik gabe, aktoreen lan zoragarriari esker (Adriana Sanchez, Ander Murillo, Garazi Urkola, Irati Marin, Julen Taboada eta Sara Cózar), emozio berri asko ekarriko dizkigute.
Badator uda eta, horrekin batera, Basakabi udalekua. Bertan, pertsonaiek abenturak, misterioak, adiskidetasunak, erromantzeak, istiluak… bizitzen jarraituko dute, eta, noski, euskal kantuen bertsio berri asko egongo dira. Bi musikari ditugu (Izar eta Ioritz) ezberdintasun artistikoekin baina biak talentu ukaezinarekin; komedia asko Boskori, Oihaneri, Maitaneri eta Leireri esker; eta bestalde gai serioagoak ere landuko dira, ‘Go!azen’-en beti egin den bezala.
Zalantzarik gabe, sorpresaz beteriko denboraldia da, eta gogo handiz lan egin dugu publikoa ahalik eta gehien gozarazteko.
Zer berri izango ditu Garazik, zure pertsonaiak?
Garazik begirale lanetan eman du urtea adingabeen zentro batean. Bertan neska bat ezagutu du, Alaia, bere burua gogorarazten diona adin hori zuenean: munduarekin haserre dago eta neska batek izan beharko ez lituzkeen kargak ditu. Garazik Basakabira eramatea erabaki du, bere garaian berari asko lagundu ziolako, eta hori da denboraldiaren hasiera. Kanpamentura eraman du, eta bera Lukenekin joan da New Yorkera bidaian. Baina Alaia arazo gehiegi ematen ari da, eta Garazik zer egin erabaki beharko du: bere bizitza pertsonala lehenetsi edo Alaiari lagundu.
Denboraldi honetan helduen mundura sartuko da Garazi, arduratsua izan beharko da eta Alaiarekin elkar ulertzen saiatuko da, bere bulkadak kontrolatzen saiatzen den bitartean eta egoerak beste modu batera kudeatzen ikasten duen bitartean. Gainera, berriro ikustea espero ez zuen pertsonaia bat agertuko da.
Bosgarren denboraldia duzu, nola iritsi zinen telesail ospetsu honetara?
Jada ez dut gogoratzen ‘Go!azen’ telesailean sartu aurreko bizitza... Egia esan, zorte handia da nirekin kontatzen jarraitu nahi izatea eta Garazi telesailaren parte izaten jarraitzea. Niretzat pertsonaia oso polita da, jolaserako askatasun handia ematen didalako eta ateratzea kostatzen zaizkidan alderdiak azaleratzen laguntzen didalako. Oso denbora gutxian filmatu genuen telesaila; ostiral batean eman zidaten albistea, eta hurrengo astelehenean jada lanean ari nintzen. Beraz, zorte handia izan nuen hain pertsonaia argia eta markatua eman zidatelako hasieratik.
Egia esan, oso erraza izan zen. Ander Lacallerekin eta Aitziber Errazkinekin batera sartu nintzen, luxuzko taldekideekin, eta besoak zabalik egin ziguten ongietorria. Nerbioak jota geunden hasieran, baina filmatzeko hainbesteko presa egonda, taldeak lehen egunetik “piña” egin zuen. Ahal bezainbeste laguntzen diogu elkarri eta elkar zaintzen dugu. Batera ez bagoaz, telesaila ez da ateratzen. Eta zuzendari gisa Itziar Gómez dugu, filmaketaren “amatxu”. Horrelako proiektu bat zuzentzeaz eta aurrera eramateaz gain, egunero galdetzen digu talde osoari nola gauden, besarkadak banatzen dizkigu eta guztiok leher eginda gaudenean ere animatu egiten gaitu. Bera da proiektu honen harribitxia.
Eta beste aipamen berezi bat Ander Lacalleri, nire trama-laguna izan zenari; izan ere, oinetatik bururaino artista izateaz gain, kaosaren erdian funtsezko euskarria izan zen niretzat.
Zer suposatzen du zuentzat Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan parte hartzeak?
Ohore handia da guretzat; ilusio handia egiten digu. ‘Go!azen’ bezalako telesail batera iristen zarenean indar handiko proiektu batean sartzen zara bat-batean, eta bestela bizi ezingo zenituzkeen esperientziak bizitzen dituzu. Hainbat denboraldiren ondoren ere, harritu egiten gara hainbeste jenderentzako kontzertuak egiten ditugunean edo beste denboraldi bat egingo dugula baieztatzen digutenean. Zinemaldiaren parte izatea eta belodromoa bete ahal izatea ‘Go!azen’ lanarekin gertatzen diren gauza berezi horietako bat da. Pribilegio izugarria da eta zorte handia dugu.
Zer espero duzue esperientzia horretaz? Polita izango da, ezta?
Hala izango da, bai. Iaz, errepikatuko ez zen esperientzia gisa bizi izan genuen, eta uste dut denok asko gogoratzen dugula asteburu hura: lehen kapitulua urte guztiotan ‘Go!azen’-en parte hartu duen jendez inguratuta ikusi ahal izatea, Belodromoa beteta ikustearen zirrara eta inpresioa… Ahaztezina izan zen! Beraz, itzultzeko aukera izanda, ziur aurten ere izugarri gozatuko dugula.
Ba al duzu beste proiekturik esku artean? Zerbait aurreratu diezagukezu?
Ba, bai! Pare bat gauza ditut.Batetik, Txintxua Films ekoiztetxearen ‘Zeru ahoak’ telesaila grabatzen ari naiz, Koldo Almandozek zuzendua, eta, bestetik, biran jarraitzen dut Erre produkzioak konpainiaren eta Gorka Minguez zuzendariaren ‘Solo hasta mañana/Bihar arte bakarrik’ antzezlanarekin. Bertan, Lorea Intxaustirekin, Mikele Arizkorretarekin eta Albar Cirardarekin batera parte hartzen dut. Loreak eta biok obraren sortze prozesuan parte hartzeko aukera izan genuen, eta, beraz, maitasun berezia diogu.