2023-09-26
“Zailtasunak zailtasun eta ikusezinak izan arren, emakumeek zinema egin dute eta egiten jarraituko dute, bakoitzak bere begirada emanez”
‘Arnasa Betean’ Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía zuzendariek Euskal Zinemaren Galan aurkeztuko duten lana da. Dokumentalean, bi zuzendariak hainbat belaunalditako euskal zinemagileek egindako zinean murgiltzen dira. Filma gaur, irailak 26, proiektatuko da Victoria Eugenia Antzokian eta Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko da. Primeran elkar ulertzen dute bi zuzendariek eta, horren erakusgarri, galderei batera erantzutea erabaki dute.
- Zuen lana Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan aurkeztuko duzue. Zer esan nahi du hain erakusleiho garrantzitsuan egoteak?
Pozik gaude gure filma Euskal Zinemaren Galan estreinatuko delako. Ez zaigu leku hoberik bururatzen. ‘Arnasa Betean’ euskal zinemagileei eskainia dago, eta lanbide osoari interesatzen zaizkion gaiez hitz egiten du; beraz, euskal zinemaren jaia da dokumentala ezagutarazteko tokirik egokiena eta naturalena. Gainera, Victoria Eugenia antzokian izango da, non hainbeste jaialdi bizi izan ditugun biok. Oso eskertuta gaude.
- Zein izan da dokumentalaren ibilbidea?
Oraingoz, Zinemaldiko estreinaldiaren zain gaude. Aldi berean, euskal hiriburuetako hainbat aretotan, Euskal Herriko eta Estatuko herri askotako kultur etxeen zirkuituan eta Estatuko zein nazioarteko zinema-jaialdietan erakusteko lanean ari gara.
- Gure lurraldeko sektore zinematografikoari balio handia eman dioten belaunaldi ezberdinetako euskal zinemagileek parte hartzen dute dokumental honetan. Nolakoa izan da haiekin lan egitea?
Luxu handia izan da. Zinemagile guztiek, salbuespenik gabe, hasiera-hasieratik onartu zuten gure proposamena, erraztasun guztiak jarri zizkiguten eta behar adina denbora pasatu zuten gurekin. Umore onez eta profesionaltasun handiz parte hartu zuten elkarrizketetan, eta haien filmen laburpenak lortzen lagundu ziguten. Zer gehiago eska dezakegu?
- Zer mezu helarazi nahi duzue zuen lanaren bidez?
Zailtasunak zailtasun eta ikusezinak izan arren, emakumeek zinema egin dute eta egiten jarraituko dute, bakoitzak bere begirada emanez.
- Zer helburu dituzue Zinemaldiari begira?
Espero dugu Zinemaldiko publikoak dokumentalarekin gozatzea, ezagutzen ez zituen edo ahaztu dituen filmak, zinemagileak edo istorioak aurkitzea, gure zinemagileez harro egotea eta bere lanak ikusteko jakin-mina sentitzea, eszena batzuk baino erakutsi ezin ditugun film horiek ikusteko gogoarekin geratzea. Zinemaldiak filma beste jaialdi batzuetara eramaten lagunduko digula ere espero dugu, baita beste hiri eta herri askotara hurbiltzen ere.