2023-05-04
‘Talentuaren gunea’ sortu da ikus-entzunezko sektorean euskal ahots berriak bultzatzeko
Ikus-entzunezko sektorean sortzen ari diren euskal ahots berriei bultzada emateko sortu da ‘Talentuaren gunea’, Zineuskadiren eta Basque. Audiovisual. euskal ikus-entzunezkoen sektorearen nazioartekotzearen atzean dagoen marka komertzialaren eskutik. Bihar, maiatzak 5, Tabakalerako 2DEO aretoan (Donostia) egingo den topaketa berritzaile honen helburua industrian lehen urratsak ematen dituzten ekoizleei topagune bat eskaintzea da. Horretarako, pitching saioak burutuko dira, antolatzaileek aukeratutako 17 proiektuak ezagutarazteko.
Lehen edizioaren deialdiak harrera bikaina izan du, guztira 30 proiektu jaso baitira: 7 film luze, 16 film labur eta 7 telesail. Elías Querejeta Zine Eskola, Noka, Euskal Herriko Zine Eskola, ESCIVI, UPV/EHU eta Digipen erakundeetatik jasotako proposamenek fikzioa, dokumentala eta animazioa bezalako generoak jorratzen dituzte.
Enpresen harrera beroa
Azpimarratzekoa eta eskertzekoa da, halaber, ekitaldira joango direla baieztatu duten ekoizle eta banatzaile ugarien harrera bikaina. Horien artean, Irusoin, Pausoka, Katz Estudio eta Uniko bezalako ekoiztetxeak eta Atera, Barton eta Vitrine bezalako banatzaile nabarmenak aurki ditzakegu.
Balorazio Batzordeak 17 proiektu hautatu ditu guztira, eta, horiek, euskal ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat ekoizle eta profesionalen aurrean aurkeztuko dira. Film laburren arloan aukeratutako lanak ondorengo hauek dira: Alejandro Aguirreren eta Ibon Goitiaren ‘Call Centre’ (ECPV); Iztzel Sorzabalbereren eta Alexia Txoperenaren ‘El Intruso’ (ESCIVI); Aitana del Olmoren ‘Proyecto Mariposa’ (ESCIVI); Gonzalo Benitoren ‘Maketos’ (ESCIVI); Martxel Larrazaren ‘Soinua’ (UPV/EHU); Naia Fernández Regoren ‘Erdi(bi)tu’ (UPV/EHU) eta Victoria Ladrón de Guevararen eta Josué Martínezen ‘Xoxoa osoa’ (UPV/EHU). Halaber, film luzeen eta telesailen atalean parte hartuko duten proiektuak hauek dira: Karen Plataren ‘El diablo fuma’ (EQZE); Mikele Landaren ‘Senda’ (EQZE); Daniel Saucedoren eta Lucía Malandroren ‘La isla sumergida’ (EQZE); Teresa Ochagaviaren ‘S. XXI’ (ECPV); Joana Moyaren ‘Hierro’ (Noka) eta Ander Elorduiren ‘Lauxeta’ (UPV/EHU). Azkenik, Pablo Río, Bruno Santoro, Leyre Zapata eta Aitor Olanoren ‘Funnie Fantasies’ (Digipen); Noa Murilloren ‘La ciudad de las tinieblas’ (ESCIVI); Unax Caballeron ‘La pandilla del bosque’ (ESCIVI) eta Jon Baztarrikaren ‘Racermind’ (ESCIVI) dira animazioaren atalean aukeratutako lanak.
Talentuaren Gunean parte hartzeko lehen deialdi honek izan duen harrera bikaina ospatu nahi dute Zineuskadik eta Basque. Audiovisual. ekimenak, eta jasotako proiektuek duten maila handia ere nabarmentzen dute, euskal ikus-entzunezkoen sektoreak bizi duen une bikainaren isla baitira.