2023-02-25
Estibaliz Urresola eta Sofia Otero Berlinen gailendu dira!
Estibaliz Urresola Solagurenek, Berlinaleko Sail Ofizialean bere opera primarekin lehiatu den lehen euskal zinemagileak, aintzatespen handia jaso du kritikari eta publikoaren aldetik ’20.000 erle espezie’ filmarekin, eta Sofia Oterok, filmeko protagonistak, Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du. Gainera, Urresolak Guild Film Prize saria, Alemaniako erakusketariek Berlinaleko Competition saileko Film Onenari ematen diotena, eta Berlinale Morgenpost Readers’s Jury Award saria ere jaso ditu.
Errekonozimendu horrek garrantzi handiagoa hartzen du kontuan izaten badugu gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez filmatutako lana dela. Hortaz, Berlinalen euskara entzuten den lehen aldia izan da hau, eta Laudioko zinemagileak historia egitea lortu du, hainbat oztopo hautsiz eta euskal zinema munduko zinema-jaialdi garrantzitsuenetako baten mapan kokatuz.
Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films enpresek ekoitzi dute ’20.000 erle espezie’ filma. Cocoren istorioa azaltzen digu, ez da eroso sentitzen gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin, eta ez daki zergatik. Inguruko guztiek Aitor deitzen diharduten arren berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen. Anek, bere amak, udako oporraldia baliatuko du bere hiru seme-alabekin jaioterrira itzultzeko. Bertan Lita amamarekin zein izeko Lourdes erlezainarekin elkartuko da. Uda erabakior honek hiru belaunaldi ezberdinetako emakume hauen bizitzak eraldatuko ditu beren beldur eta zalantzei aurre egitera behartuz.
Berlinen izandako arrakastaren ondoren, ‘20.000 erle espezie’ filmak Estatuko zein nazioarteko hainbat jaialditan jarraituko du bere ibilbidea; besteak beste, Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartuko du eta D’A Film Festival jaialdi katalaneko amaierako galan proiektatuko da.
Encounters atalean ere bai
Bestalde, Encounters sailean ere nabarmendu da euskal zinema, 'Samsara' filmak epaimahaiaren sari berezia jaso baitu. Lois Patiñok zuzendutako eta Señor y Señora etxeak ekoiztutako film luzea da. Zinegileak heriotzari buruzko hausnarketa egiten du erlijiotasun budistaren ikuspegitik.