2024-04-11
“Berrikuntza gisa, ziurtatu nahi izan dugu azken hautaketak beti aukera bat ematea zuzendari berriei”
Esther Cabero Kimuak programaren arduradunarekin hitz egin dugu, 2024rako deialdiak dakartzan berrikuntzei buruz. Izena emateko epea apirilaren 21era arte egongo da zabalik.
- Euskal film laburrak sustatzeko Kimuak programak nobedadeak ekarri dizkigu, besteak beste, webgune berri baten aurkezpena. Zein berrikuntza eta funtzionalitate ditu?
Webgune erabilterraza egin nahi izan dugu, Kimuaketik pasa diren labur guztien fitxa argiekin, eta filmak eta egileak erraz aurkitu eta identifikatzen lagunduko duen bilatzaile batekin. Honekin, zinemazaleek eta edozein herritarrek jaso dugun ekoizpen guztia ezagutzea nahi dugu.
Bestalde, guretzat eta Kimuaken film laburretan interesa dutenen profesionalentzat oso erabilgarria izango den tresna bat ezkutatzen du: film laburren euskal ekoizpen osoaren erregistro bat izaten lagunduko digun datu-base bat, ihes egiten ari zitzaigun zerbait baitzen. Gainera, aurrerago erregistro hori eskuragarri egongo da bertako eta nazioarteko programatzaile, ikertzaile eta adituentzat.
Guztiarekin, webgune berri honek euskal laburgintzaren erretratu leial eta eguneratua izaten eta euskal ikus-entzunezkoa modu zabalagoan ezagutarazten lagunduko digu.
- Kimuak programaren deialdi berriak ere, berrikuntzarik ekarri al du?
Edukian, deialdiak berrikuntza garrantzitsu bat dakar, katalogoan talentu berrien presentzia bermatzea. Epaimahaiaren parte diren adituen eztabaidetan modu naturalean sortu da hasten ari diren zinemagileen inklusioari erantzutea, baina emakumeek zuzendutako eta euskaraz ekoiztutako lanekin egin genuen bezala, ziurtatu nahi izan dugu azken hautaketak beti aukera bat ematea zuzendari berriei.
Aurkeztutako film labur guztiek irizpide objektiboetan oinarritutako ebaketa-nota gainditu beharko dute katalogoan parte hartu ahal izateko, eta, beraz, obra guztien kalitate orokorra ziurtatuta egongo da. Horrela, hautagai guztientzako berdintasunezko lehen iragazki bat ere bermatzen dugu. Beraz, epaimahaiak beste maila batean kokatu dituen filmen artean soilik aplikatzen dira errepresentazio-irizpideak.
Nobedade honekin, Kimuak izena talentu berriekin irmoki lotuta egotea nahi dugu.
- Badira 26 urte Kimuak egitasmoa jaio zela. Urte hauetan egindako ibilbidearen zer balantze egingo zenuke? Zer lorpen azpimarratuko zenituzke?
Ibilbidea luzea izan da, eta ikus-entzunezko industria erabat aldatu da urte hauetan. 26 ediziotan, Kimuak aldaketa eta aurrerapen bakoitzera egokitzen joan da, bere esentziari eutsiz. Urteekin, toki onean kokatu da nazioarteko ikus-entzunezko panoraman, eta munduko txoko guztietako eragileekin egindako loturen kopurua eta kalitatea azpimarragarria izan da.
Etxean, sortzaileek adierazi digute Kimuaken urteroko deialdia pizgarria dela beren ekoizpenak aurrera ateratzeko, eta denborak erakutsi digu aukeratu direnak ez ezik, aurkeztu direnak ere euskal ikus-entzunezko harrobiaren parte izan direla eta denborarekin industria-sarean integratu direla.
Nolabait, beraz, esan dezakegu zinemagileak, teknikariak eta profil artistiko berriak ere sartzea sustatzen duen tresna dela Kimuak, beste hainbat neurri eta programekin bat egiten duena.
Horri lotuta, Kimuaken jarduerak aukera ematen digu gure eragileekiko harreman hurbilak lantzeko eta batzuk eta besteak garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko, laburrak edo beste iraupen edo formatu batzuetakoak izan. Beraz, talentu berriak identifikatzeko bitarteko baliotsua ere da.
- Zeintzuk dira Kimuak programak dituen erronka nagusiak euskal film laburrak nazioartean hedatzeari dagokionez?
Gero eta labur gehiago ekoizten dira munduan, zinemaldiek edizio bakoitzean aurreko izen-emate errekorra gainditzen dute eta lehia urtetik urtera handiagoa da. Konpetenteak izaten jarraitu behar dugu, eta aldi berean izen berriei aukerak eman.
Kimuak markaren posizionamendua oso ona da nazioarteko merkatuan, eta gure baliabide guztiak jarri behar ditugu leku horri eusteko. Honen harira, hain zuzen ere, aurten deialdiaren datak zertxobait aurreratu ditugu Cannesko Short Film Corner entzutetsura iristeko. Kimuak 2024 hautaketa labetik atera berritan eramango dugu, bertaratutako programatzaileei aurkezteko.
Euskal zinema nazioartean ondo baloratua dago, eta ezinbestekoa da oinarritik ikusgarritasuna ematea.
- Zein laguntza mota jasotzen dute Kimuak programan parte hartzeko hautatutako euskal zinemagile eta ekoizleek?
Esan bezala, Kimuak izenpean jasotako film laburrek harrera ona dute nazioarteko jaialdien sare zabal batean, eta horietako asko aukeraketa berri bakoitza jasotzeko zain daude urtero. Beraz, kalitate-zigilu baten parte izatearen onura "ikusezin" hau dago, baina egileei ere ziurtatzen diegu beren lanak hedapena izango dutela eta mundu osoan ikusiko direla.
Jaialdien zirkuituaz gain, mundu osoko kultura- eta/edo gizarte-erakunde askorekin, udaletxeekin, ikastetxeekin, Euskal Etxeekin eta bestelako eragileekin kolaboratzen dugu, eta horien bidez, publiko zabalago batengana irits gaitezke, askotan jaialdien programaziorako sarbiderik ez duena.
Aplikatzen den kasuetan, film laburrek euskara eta euskal kultura zabaltzen ere laguntzen digute. Gure kultur ondarearen parte izateaz gain, balio handiko tresna dira ere, eta erakundeetatik babestu eta lagundu egin behar ditugu.
KIMUAK programa publikoaren 2024ko edizioan parte hartzeko deialdia zabalik dago eta apirilaren 21era arte film laburrak jasoko ditu kimuak.basqueaudiovisual.eus webgunearen bitartez.
Ikusi deialdiaren oinarriak.