2022-11-11
Abian da ZINEBI
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia gaur hasiko da eta azaroaren 18ra arte luzatuko da.
Zinebi, berriro ere, ezinbesteko hitzordua da euskal ikus-entzunezkoen alorrean. Hainbat proiekzio eta topaketa izango ditu, networking-a eta koprodukzioak sustatu eta talentu gazteei aholkularitza eta laguntza emateko. 64. edizio honetan, euskal presentzia bereziki garrantzitsua izango da, eta aipatzekoak dira film laburren sail ofizialeko proiekzioak, María Elorzaren ‘A los libros y a las mujeres canto’ filmarekin gozatzeko aukera, edota Itziar Gómezen ‘Go!azen 9.0' telesailaren bederatzigarren denboraldiko lehen atalaren proiekzioa.
Hirurogeita laugarren edizio honetan, jaialdiak Iñigo Salaberria zinemagile zendu berriari merezitako omenaldia egingo dio. ZINEBIko ohiko parte-hartzaile bihurtu zen eta zuzendariaren senitarteko eta lagunek Ohorezko Mikeldia jasoko dute gaur arratsaldean, 19:30etik aurrera, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio-galan. Antolatzaileek euskal ikus-entzunezkoen sektoreari egindako ibilbideagatik eta egindako ekarpenagatik ematen diote sari eder hau.
Aurrekoetan bezala, ZINEBIk euskal ikus-entzunezkoen ekoizpenaren garrantzia azpimarratuko du berriro, eta, inaugurazio-ekitaldiaren ondoren, Sail Ofizialean parte hartzen duten zazpi euskal film laburrak proiektatuko ditu: Maddi Barberren ‘Alas / Tierra’; Maria Inês Gonçalvesen ‘The Bath (O Banhos)’; Txuspo Poyoren ‘Gran Hotel Nazareno’; Ainhoa Olasoren eta Enara Garcíaren ‘Hemen bizi da maitasuna’; Jose Martínezen ‘Hitzak’; Marta Gómezen eta Paula Iglesiasen ‘Hondarrak’; eta Karla Crncevicen ‘Wild Flowers (Divlje Cvijecé)’ nazioarteko ekoizpena. Nabarmentzekoa da Olasok eta Garciak zuzendutako film laburra aurten berriro ere Zineuskadik kudeatzen duen Kimuak 2022 katalogoan dagoela.
Jaialdiko beste atal garrantzitsuenetako bat ‘Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi’ da. Sail honek jaialdiak euskal ekoizpen berrienekin duen loturari eutsi nahi dio. Film laburren atalean 16 lan proiektatuko dira: César Velasco Brocaren ‘Alegrías riojanas’; Raúl Barrerasen ‘Arnasa’; Ane Berriotxoaren ‘Bat’; Estibaliz Urresolaren ‘Cuerdas’, zeinak nazioarteko hainbat aintzatespen jaso dituen eta Goya Sarietarako prelistan dagoen; Donostiako Zinemaldiko Nest atalean parte hartu berri duen Nagore Murielen ‘Erro bi’; Tana Garridoren ‘Espera & Sedimento’ eta Kimuak 2022 katalogorako hautatua izan den Maider Fernándezen ‘Fe’. Honako hauek ere proiektatuko dira: Amaia Bonachera, Ander del Molino, Ernesto Fernández, Gorka Junquera, Ane Unzalu eta Robert McBride zuzendarien 'Heartbits'; Lur Olaizolaren ‘Hirugarren koadernoa’, Kimuak katalogorako hautatua; Iñigo Jimenezen 'Infernuan'; ‘Influencer', Nerea Torrijosen estreinako lana zuzendari gisa; Maider Oleagaren 'Irrits' (Kimuak 2022); Irati Canoren 'Medusak'; Nacho Solanaren 'No hay fantasmas'; Mikele Landaren 'Noizko basoa', Donostiako Zinemaldiko Nest sailean ere parte hartu zuena; eta Carmen Echeverriaren ‘Oihartzunak’.
Gainera, Urak Dakar sailak Irati Gorostidi eta Arantza Santesteban zuzendarien ‘Euritan’ filmaren proiekzioa hartuko du. Era berean, jaialdian María Elorzaren ‘A los libros y a las mujeres canto’ filmarekin ere gozatu ahal izango da. Lanak Zinebi Networking saria irabazi zuen 2021eko edizioan, eta duela gutxi mundu mailako estreinaldia izan du Donostiako Zinemaldian. Halaber, Alberto Vázquez zuzendari galiziarraren ‘Unicorn Wars’ ikusteko aukera izango da, eta baita Itziar Gómezen ‘Go!azen 9.0’ telesaileko bederatzigarren denboraldiko lehen kapitulua ere.
Bestalde, ZINEBIren hirurogeita laugarren edizio honek Kantabria Euskadi Networking 2022 topaketaren lehen edizioa hartuko du, Zineuskadik Kantabriako Kulturarekin batera antolatua. Jarduera azaroaren 14an izango da Azkuna Zentroko Iparragirre Aretoan. Saul Pérezen (zuzendaria eta gidoilaria) eta Sergio M. Villarren (ekoizlea) ‘El poder del silencio’; Katixa de Silvaren, María Gómezen, Roberto Ruizen eta Iván Ruizen ‘Marma Rabbit Boy'; eta Lander Castroren (zuzendaria) eta Igor Garcíaren (ekoizlea) ‘Hotz’ lanak aukeratu dituzte ekitaldian parte hartzeko.
Jaialdian, halaber, euskal zinemagile ugarik parte hartuko dute, eta, gainera, 'Zinebi Networking: dokumentalen sorgunea' ekimena ere garatuko da. Topaketan parte hartuko dute ‘36, zuri beltzan', Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk zuzendua eta Guillermo Martínezek eta Naiara Olitek ekoitzia; Jone Ibarretxeren eta Nere Falaganen 'Esto no es Hollywood' (Euskadi Movie AIIE ekoiztetxea); Juan Pradoren 'Itaca', El Burro Filmsek eta Chisgarabis Kinok ekoitzia; Marta Gómezen eta Paula Iglesiasen 'La sinsorga' (Al Borde Films ekoiztetxea); eta Pello Gutierrez Peñalbaren eta Zazpi T 'erdi ekoiztetxearen 'Zikuñagako Ama'. Sorkuntzarako, gogoetarako, aholkularitzarako eta gazte sortzaileei bultzada emateko gunea da foroa. Horretarako, zinemagintzako ekoizpena sustatzen duten eta belaunaldi berriko enpresa zein profesionalen nazioarteko proiekzioa bultzatzen dituzten zuzendari, ekoizle, erakunde eta sektoreko gainerako profesionalekin topaketak izango dituzte.