2023-09-29
"Aspalditik pentsatzen nuen Jon Mirandek kontatu gabeko istorio bat zuela"
Josu Martinez zuzendari bilbotarrak bere bigarren lana aurkeztuko du Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean. ‘Mirande: film bat egiteko zirriborroa’ Jon Mirande idazle eztabaidagarriari buruzko dokumentala da, Tentazioa eta Gastibeltza etxeek ekoitzitakoa. XX. mendeko euskarazko literaturako poetarik garrantzitsuenetakotzat jotzen da Mirande. “Arrazista zela. Pedofiloa. Nazia. Inmorala. Haren gaineko berri bakoitzak, kontrako iritziak harrotzen ditu. Ez dakigu zer egin berarekin. Jon Miranderi buruzko film bat egin nahi dut. Baina ez dakit nola. Agian, behingoz, berari eman behar zaio hitza”. Hala azaltzen du Josuk bere lana.
- Nondik sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Aspalditik interesatu zait Jon Mirande. Aspaldi pentsatu nuen istorio bat zegoela hor, orain arte kontatu ez zena, berari hitza emanez. Ez dakit asmatu dudan, baina bidean asko ikasi dut.
- Nolakoa izan da pertsonaia horren inguruan lan egitea?
Miranderen inguruan sorkuntza egitea eta ikertzea plazera izan da, eta are gehiago lortu dugulako filmak orain arte ezagutzen ez ziren elementu pila bat plazaratzea. Gai pisutsuei buruz hitz egiten da filmean tarteka (nazismoa, pedofilia...), eta horiek tratatzean, saiatu naiz nire begirada bilatzen. Baina nolanahi, erantzunak baino, galderak ditut nik.
- Nola uste duzu hartuko duela publikoak dokumentala?
Ez dut ideiarik ere.
- Etorkizunera begira, zer proiektu dituzu esku artean? Zerbait aurreratu diezagukezu?
Unibertsitatera itzuliko naiz orain, EHUra, urte batez Baionan ikerketa-egonaldia egin ondoren. Nire proiektua horixe da, ikus-entzunezko ikasleei zerbait ikasten laguntzen saiatzea. Zinemagintzan beste zerbait egingo ote dudan geroago, ez dakit.