2023-09-15
"Estetika ilun eta erradikala duen arren, ‘Misión a Marte’ filmak mundu guztiari eragiten dio, giza harremanez ari baita, zehazki hiru anai-arrebei buruz"
‘Misión a Marte’ lehiaketatik kanpo proiektatuko da Zinemira sailaren barruan. Amat Vallmajor del Pozoren filmak WIP Europan parte hartu zuen, Berlingo Kritikaren Astean ere ikusgai izan zen eta aipamen bat jaso zuen Gijongo Zinemaldian. Elias Querejeta Zine Eskolak, Muxika Zinemak eta Vitrine Films etxeek ekoitzitako film luzeak Euskal Herri post-apokaliptiko bat erakusten du, non bi anaia misio batean abiatzen diren. Zuzendariarekin hitz egin dugu Donostiako Zinemaldian izango duen parte-hartzeari buruz eta datorren irailaren 29an aretoetan estreinatzeari begira ezartzen dituen erronkei buruz.
- ‘Misión a Marte’ Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean proiektatuko da. Zein helbururekin zoazte Zinemaldira?
Filma etxean erakutsi ahal izateak ilusio handia egiten digu, orain arte proiekzio lekuetara hurbiltzeko aukerarik izan ez duten lagun guztiek bertaratzeko aukera izan dezaten.
- Nola aurkeztuko zeniguke filma?
Film familiarra da, futurista, distopikoa, punka. Bere genero nahasketa onak adierazten duen bezala, film eklektikoa eta bere inperfekzioak besarkatzen dituen opera prima da; eta, nire ikuspuntutik, maitasunez egina dago.
- Hainbat jaialditatik pasa eta Gijongo Zinemaldiko Espainiako Zinema Epaimahaiaren Aipamen Bereziarekin saritua izan ondoren, ‘Misión a Marte’ irailaren 29an estreinatuko da zinemetan. Nolako harrera izatea espero duzue?
Aretoetan harrera ona izatea espero dugu. Estetika ilun eta erradikala duen arren, mundu guztiari eragiten dion filma da, giza harremanez ari baita, hiru anai-arrebaren istorioan oinarrituz, hain zuzen ere. Oso film independentea eta ekoizpen txikikoa da eta harrera ona izan dezake.
- Zer helburu dituzue etorkizunari begira?
Talde berarekin lan egiten jarraitu nahiko genuke, baita gustuko ditugun filmak egiten ere.
- Zer balantze egiten duzue orain arte gertatutako guztiaz?
Oso positiboa. Horixe da itxaropen eta konpromiso handirik gabeko pelikula bat egitearen alderdirik onena. Iristen den guztia oso atsegina da eta arrakasta izango da guretzat, edozer delarik ere.