2024-06-26
MENDI FILM BEKA 2025 egile amateur nahiz profesionalei zabaldu zaie
Mendi Film jaialdiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Mendi Film Bekaren 5. edizioa iragarri dute. Mendiko Kulturaren ikus-entzunezko sustapena helburu duten proiektu zinematografikoak sortzera bideratua dago.
Mendiko kultura, ikuspegi askotatik ulertuta: kirola, kultura, gizartea edo jasangarritasunarekin, ekologiarekin eta klima-aldaketarekin lotutako proiektuak. Errealizadoreen gaztetasuna, Bizkaian filmatutako proiektuak, eta horien izaera lokal-globala, baloratuko dira. Hala ere, hirurak ez dira faktore baztertzaileak izango beka lortzeko garaian.
Bekak, hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroko diru-laguntza eta aholkularitza programa eskainiko ditu. Egile amateurrek nahiz esperientziadun profesionalek aurkeztu ahal izango dute hautagaitza, hori da aurtengo deialdiaren berrikuntza nagusia, eta adin mugarik ere ez da ezarriko 18 urtetik gora.
Hautaketa-prozesuak bi fase izango ditu. Lehenengoan, hurrengo fasera igaroko diren bost proiektu finalistak hautatuko dira. Bigarren eta azken fasea BBK Mendi Film Bilbao- Bizkaia jaialdiaren 17. edizioan burutuko da, aurrez aurre, eta ikus-entzunezkoen komunitateko nahiz mendi munduko kideez osatutako epaimahai batek erabakiko du Mendi Film Bekaren 5. saria jasoko duen proiektua zein den.
2025eko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian estreinatuko da proiektua.
Proiektuen inskribatzeko deialdia 2024ko irailaren 30ean itxiko da. Oinarriak eta izen-emateko formularioa www.mendifilmfestival.com-en daude.
Proiektuaren ideia originala izango da.
Gaitegiak: mendiko kirolak (alpinismoa, eskalada, xenda-zaletasuna, eskia, mendiko bizikleta, trail-runninga, kayak, espeleologia, slack-line, parapentea eta beste batzuk), abentura, esplorazioa, natura, beste jarduera kultural, artistiko, linguistiko, sozial edo ekonomiko batzuk, ekologia, jasangarritasuna eta/edo klima-aldaketa. Guztiak mendiaren eremuan garatuak.
Jarduera horien eragile aktiboak dira bekaren babesleak:
Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldearen izana eta izaera hartzen ditu bere gerizpean, haien zaintza eta ezagutza sustatuz.
Mendi Film Elkarteak BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazioarteko mendi zinemaldia eta Mendi Tour zirkuituaren bidez lau haizetara zabaltzen ditu Mendiko Kulturaren inguruko mezuak, eta zinema genero horren industriaren zaintzan diharduen International Alliance for Mountain Film elkarteko kide da.
5. edizioa
2020an egin zen Mendi Film Bekaren lehen deialdia. Harrez gero, hiru pelikula estreinatu dira Mendi Filmen, eta laugarren bat lanketa bidean da.
2021: TXANGO
Tamara Lucarini zuzendari euskaldunaren “Txango” pelikula izan zen lehen fruitua, 2021eko Mendi Filmen estreinatu zena. Lau lagunen arteko kedada bat Bilbotik Pagasarrira txangoa osatzeko. Lau neska, hainbat jatorritakoak, mendirako ohiturarik izan gabe mendiaren aitzakian biltzen direnak.
2022: LOBOS
Marina Garcia Andreu zuzendari kataluniarrak jaso zuen laguntza Bekaren bigarren deialdian “Lobos” proiektuarekin. Pelikula 2022ko Mendi Filmen estreinatu zen. Asturiasen, landa giroko herrixketan otsoaren presentziak sortzen duen egonezina eta sineskeriak ditu ardatz.
2023: OINEZ
Leire Egaña zuzendari euskaldunak hartu zuen lekukoa Bekaren hirugarren deialdian “Oinez” lanarekin. Xendazaletasuna, eta bereziki, mendizaletasuna erritmo sosegatuan ulertzeko era baten aldarria da “Oinez”, 2023an estreinatu zen, eta Mendi Tour zirkuituan ikus liteke aurten. Urtarriletik azarora, Espainia osoko 50 bat herri edo hiritara iristen da Mendi Tourra.
Bekaren 4. deialdiko proiektu irabazlea lanketa prozesuan dago orain: HIGHLINE NERVION. Dani Cascales zuzendari andaluziarra ari da Oreka Tolosa eta Slackline Pays Basque taldeak elkarlanean burututako jardueraren pelikula egiten: 900 metro luze den soka-lerroan Nerbioiko urjauzian aldenik alde high-line egitea.