2024-09-07
"Gazteenentzat oso adierazgarria izan daiteke Loloren istorioa ezagutzea; bizitza gogorra izan zuen garaiko emakume bat zen"
40 urte bete ditu belaunaldi oso bat markatu zuen 'La bola de cristal' telebista saioak, eta Donostia Zinemaldia agertoki ezin hobea izango da 'Los poderes de Lolo' estreinatzeko. Nino Fontán, Miguel Alba Rico eta Itziar Bernaola dira dokumental hunkigarri honen zuzendariak, eta haiekin hitz egin dugu lan hau Zinemaldira eramatearen esanahiaz, bere sormen prozesuaz eta Espainiako telebista irauli zuen emakume baten ondarea bizirik mantentzearen garrantziaz.
Nola sortu zen filmaren proiektua?
Proiektua Nino Fontanek, Miguel Alba Ricok (Lolo Ricoren zazpi semeetako bat) eta Itziar Bernaolak sortu zuten. Urriaren 7an izango da ‘La bola de cristal’ telebista saioaren 40. urteurrena, eta pentsatu genuen aukera paregabea zela jarraitzaile ugari izaten segitzen duen programa bat gogoratzeko eta bere sortzaileari omenaldia egiteko.
Zer kontatzen du ‘Los poderes de Lolo’ dokumentalak?
Dokumentalak Lolo Ricori buruz dihardu. Publikoak ‘La bola de cristal’ programaren sortzailea izateagatik du bere berri, baina Lolo askoz gehiago izan zen. Arlo profesionalean, telebista programa bat zuzendu zuen lehen emakumeetako bat izan zen. Sormen handia zuen, oso pertsona jantzia zen eta talentua eta abangoardia detektatzeko trebezia zuen. Arlo pertsonalean ere, emakume aurrerakoia izan zen, eta banandu ondoren asko aldatu zen. Lolo Opus Deiko kide izatetik Alderdi Komunistako militante izatera pasa zen eta bere zazpi seme-alabak bere kabuz atera zituen aurrera. Gaur egun emakume ahalduna kontsideratuko genuke.
Lana martxan jartzeko zailtasunik izan zenuten?
Finantzaketarik gabe ekoizten hasi ginen dokumentala da, baina sutsuki sinesten genuen proiektuan eta haren aldeko apustua egitea erabaki genuen. Behin martxan jarri eta aurreprodukzioari ekin genionean, energiaz bete gintuzten funtsezko bi gauzen berri izan genuen. Lehenengoa, Loloren istorioa are indartsuagoa zela sakonki aztertu ahala. Eta bigarrena, ‘La bola de cristal’ telebista sailak hainbat belaunaldi hunkitu zituela, eta gaur egun ere maitasun handiz gogoratzen zutela programa.
Nolakoa izan zen filmaketa prozesua? Prozesuan zehar erronkaren bati aurre egin behar izan zenioten?
Filmazioa ez zen bereziki zaila izan. Oro har, jende guztia pozik zegoen parte hartzeagatik eta egiten genituen elkarrizketa guztiak baliagarriak ziren. Loloren hainbat seme, lagun eta lankide elkarrizketatzea lortu genuen, baita ‘La bola de cristal’ sailean parte hartu zuten artista asko ere, hala nola Kiko Veneno, Loquillo, Anabel Alonso, Pablo Carbonell edo Javier Gurruchaga.
‘Los poderes de Lolo’ filmak Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean parte hartuko du. Zer esan nahi du zuentzat aukeraketa honek?
Guretzat harro egoteko modukoa da, eta oso pozik gaude Baleuko ekoitzetxeak proiektuarekin bat egin duelako.
Zuen ustez, zein izango da publikoaren erantzuna?
Publiko entregatu bat espero dugu, ‘La bola de cristal’ sailaren jarraitzaileak izan zirenak. Programak 80ko hamarkadaren hasierako haur edo nerabe asko markatu zituen. Eta harritu egingo dira jakitean nor zegoen telebista gutxiago ikusi eta irakurtzera animatzen zituen edota ‘Madrilgo Movidako’ taldeen berri ematen zien saioaren atzean. Gainerako ikusleentzat, batez ere gazteenentzat, oso adierazgarria izan daiteke Loloren istorioa ezagutzea; bizitza gogorra izan duen garaiko emakume bat zen.
Tamaina honetako jaialdi batean parte hartzeak ate berriak irekitzen lagun dezake?
Baietz uste dugu. Donostia Zinemaldiak ospe handia du Estatuan eta nazioartean.
Zer ibilbide jarraituko du filmak?
Zinemaldian estreinatuko da, eta, ondoren, ziurrenik, RTVEn eta plataformaren batean eskainiko da.
Baduzue beste proiekturik esku artean?
Oraingoz, ‘Los poderes de Lolo’ topera gozatu nahi dugu, esfortzu eta dedikazio handia eskatu baitigu. Gero, proiektu berriak hasiko ditugu.