2023-12-18
'20.000 erle espezie' filmak irabazi du Film Onenaren Forque Saria
‘20.000 erle espezie’ film luzeak irabazi du Film Onenaren Saria abenduaren 16ko Forqué Sarien galan. Estibaliz Urresola Solaguren zuzendariaren opera prima ‘La sociedad de la nieve’, ‘Cerrar los ojos’ eta ‘Upon Entry’ lanekin batera izendatua zegoen kategoria gorenean, eta Zinemaren eta Balioetan Oinarritutako Hezkuntzaren Saria ere jaso zuen.
Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films dira ’20.000 erle espezie’ filmaren ekoizleak. Pelikulak zortzi urteko Cocoren istorioa kontatzen du. Ez da eroso sentitzen gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin, eta ez daki zergatik. Inguruko guztiek Aitor deitzen diharduten arren berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen. Anek, bere amak, udako oporraldia baliatuko du bere hiru seme-alabekin jaioterrira itzultzeko. Bertan Lita amamarekin zein izeko Lourdes erlezainarekin elkartuko da. Uda erabakigarri honek hiru belaunaldi ezberdinetako emakume hauen bizitzak eraldatuko ditu beren beldur eta zalantzei aurre egitera behartuz.
Hurrengo erronkak
Duela gutxi, 2024 Goya sarietarako izendatuta dauden lanak ezagutarazi dira, eta euskal zuzendariaren filma sari horien historian izendapen gehien jaso dituen opera prima bihurtu da. Hain zuzen, 15 izendapen lortu ditu honako kategoriatan: Film Onena, Emakumezko Aktore Protagonista Onena (Patricia López Arnaiz), Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onena (Ane Gabarain eta Itziar Lazkano), Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onena (Martxelo Rubio), Zuzendari Berri Onena, Jatorrizko Gidoi Onena, Argazki Zuzendaritza Onena, Soinu Onena, Muntaketa Onena, Efektu Berezi Onenak, Arte Zuzendaritza Onena, Jantzien Diseinu Onena, Makillaje eta Ile-apainketa Onena eta Ekoizpen Zuzendaritza Onena.
Otsailaren 10ean jakingo dugu nolakoa izango den Estibaliz Urresola Solagurenen zortea, Valladoliden egingo den sari-banaketako galan.