2024-07-11
"Kalkuk zure proiektuaren aurretiazko argazki bat eskaintzen du, karbono-aztarna murrizteko neurriak aldez aurretik har ditzazun"
Bilibin Circular enpresako Eneko Muruzabalekin hitz egin dugu Kalku izeneko proiektua ezagutzeko, garapen fasean dauden lan kulturalek ingurumenean duten eragina murriztea helburu duen tresna.
- Zer da Kalku?
Prototipo bat da, proiektu kulturaletara bideratutako karbono-aztarnaren kalkulagailu baten proba funtzionala. Lehenik eta behin, zinemaren munduan jarri genuen arreta, baina, gero, beste kultura-jarduera batzuetarako baliagarria izango zen analogia bat egiten saiatu gara, batez ere arte eszenikoetan eta musika-jardueretan, hala nola biretan edo kontzertuetan, erabili ahal izango litzatekeena. Beste batzuen aldean duen berezitasuna da garapen bidean dauden proiektuetarako pentsatuta dagoela, diseinu edo finantziazio-bilaketa fasean daudenetara hain zuzen ere.
- Nola kalkulatzen da ekitaldia oraindik egin ez bada?
Aurrekontuan oinarrituta. Normalean, proiektu horiek finantzaketa bilatzen ari direnean aurrekontu xehatu bat egiten dute, gastuak zeintzuk izango diren azalduz, eta, horretan oinarrituta, funtsezko partida batzuk kontuan hartuz, proiektuaren karbono-aztarnaren gutxi gorabeherako kalkulua egiten dugu. Gainerako kalkulagailuetan, arazo bat ikusten genuen: etorkizuneko ekoizpenetarako ondorioak ateratzeko balio dute, baina ez jada amaitu duzun lanerako. Ekoizpena hasi baino askoz lehenago estimazio bat egiteko aukera emango zuen eta proiektuan txertatu ahal izango liratekeen erabakiak hartzen lagunduko zuen tresna baten falta sumatzen genuen. Kalkuk aurretiko argazki bat eskaintzen du, eta horrek neurriak aurrez hartzen laguntzen du.
Ikusi dugu, halaber, ekoizpenaren hasierako fasean gutxi gorabeherako zifra eta helburu kuantitatiboak izatea lagungarria dela hartutako neurriak jakinarazteko orduan. Ekoizleekin probak egin ditugu, eta onuragarria izan da taldeari aurrera eramaten diren neurrien zentzua azaltzea, taldekideek konpromisoa hartzea errazten baitu.
- Beraz, Kalkuk azaltzen dizu zein ataletan izango duzun karbono aztarna handiena, ezta?
Bai. Kalkuk 10 datu eskatzen ditu estimazioa egiteko. Datu horiek zazpi familiatan biltzen ditugu, hala nola erregai-gastua, energia-kontsumoa edo bidaiak eta ostatuak. Datu horiek eman ondoren, tresnak emaitza orokor bat eta atalka banatutako beste bat eskaintzen dizkizu. Partida ekonomikoak ingurumen-inpaktu bihurtzeko erabili ditugun datuak Estatuko 2023ko zifretan oinarritzen dira. Horrelako tresna batek emaitza erabilgarria izan dadin datu horiek aldian-aldian eguneratzea eskatzen du, eta hala egiten jarraitzea gustatuko litzaiguke. Era berean, etorkizunari begira, prototipoa kalkulu-orri izatetik web-aplikazio sendoagoa izatera pasatzea nahiko genuke, datuak sartzea eta emaitzak lortzea eskuragarriagoa eta arinagoa izan dadin.
- Emaitzen txostenak berotegi-efektuko gasen isurketa hori murrizteko har daitezkeen neurriak eskaintzen al ditu?
Bai. Emaitzen Excel ahalik eta sinpleena diseinatu dugu, erabiltzeko erraza izan dadin. Dokumentuak kalkulu-fitxa bat eta aplikatu beharreko neurriak dituen beste fitxa bat ditu. Neurri horietan sakontzeko, komenigarria litzateke zure sektoreko gida espezifiko bat kontsultatzea edo gaian espezializatutako enpresaren batekin hitz egitea.
- Zein da proiektu honen izaera?
Basque Green Film-en esparruan egin dugu. Idazkaritza tekniko hori Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sortu zuen, sektoreari jasangarritasun-neurriak ezartzen laguntzeko. Nabarmentzekoa da finantzaketa-funts publikoek eta abarrek jada eskatzen dituztela horrelako neurriak.
- Zein da proiektu honen nahia?
Ingurumen-inpaktua murriztea eta ezagutza partekatzea. Mundu guztiak tresna honen egitura ezagutu dezake, eta beste batzuek beren lanetan erabiltzea gustatuko litzaiguke. Garrantzitsua iruditzen zaigu tresna arinak lortzea, hain fidagarriak ez izan arren, erabakiak garaiz hartu ahal izateko, eta ez berandu denean.
- Non aurkitu daiteke Kalku tresna?
Basque Green Filmen dago eskuragarri. Anekdota gisa, lehengo egunean produktore batek kontaktatu ninduen, animazio-film baterako jasangarritasun-plan bat egin berri zuelako. BFGtik errepasoa egiteko eskatu zigun, feedbackak doan eskaintzen baititugu, eta proiektuan Kalkun ateratako txostena erabili eta sartu zuela ikusi genuen. Horrela, tresnak benetan funtzionatzen duela eta erakargarria dela baieztatu genuen.
- Nabaritu duzue ekoiztetxeak dagoeneko tresna erabiltzen hasiak direla? Zer onura ditu?
Oso goiz da ondorioak ateratzeko, oso denbora gutxi baitarama eskuragarri. Guk erabili dugu arreta handiagoz landu ditugun proiektuetarako eta emaitza onak lortu ditugu. Onura nagusiak dira, alde batetik, bost minututan, ekoizpenaren aurrekontu zehatza izanda, zure proiektuaren karbono-aztarnaren estimazio bat izango duzula, eta, horri esker, ekoizpenean inpaktu handiena duten arloak zein diren identifikatu ahal izango dituzula. Bestetik, kalkulagailua garapenaren lehen faseetan erabil daitekeenez, neurriak garaiz har daitezke ingurumen-inpaktua geldiarazteko edo murrizteko.