2023-08-12
Locarnoko Jaialdiaren Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du ‘Negu Hurbilak’ filmak, Cineasti del Presente atalean
Ekain Albitek, Adrià Rocak, Nicolau Mallofrék eta Mikel Ibarguren gazteek zuzendutako eta Maluta films eta Cornelius Films etxeek ekoitzitako pelikulak Suitzako hirian izan du mundu mailako estreinaldia, eta nazioarteko beste 13 zinegile berriren lanekin lehiatu da. Izan ere, Cineasti del Presente sailak mundu osoko talentu berrien lehen eta bigarren film luzeak biltzen ditu, gehienak mundu mailako estreinaldiak.
Zine esperimentalaren eta egile-zinemaren hitzordu nagusietarikoa den Locarnoko Zinemaldiak Epaimahaiaren Aipamen Berezia egin dio ‘Negu Hurbilak’ filmari, Cineasti del Presente atalean. Ekain Albitek, Adrià Rocak, Nicolau Mallofrék eta Mikel Ibarguren gazteek zuzendutako eta Maluta films eta Cornelius Films etxeek ekoitzitako pelikulak Suitzako hirian izan du mundu mailako estreinaldia, eta nazioarteko beste 13 zinegile berriren lanekin lehiatu da. Izan ere, Cineasti del Presente sailak mundu osoko talentu berrien lehen eta bigarren film luzeak biltzen ditu, gehienak mundu mailako estreinaldiak.
Ihesaldi baten istorioa kontatzen du filmak. Jazarpenak bultzatuta, ziurgabetasunean murgilduta dagoen neska gazte bat da protagonista. Ez daki non dagoen, nora doan, ezta iritsi nahi duen lekura heltzea lortuko duen ere, baina helburu argia du: muga zeharkatzea; izan ere, badaki horrek etxetik urrun eramango duela, dagoeneko ez baitago seguru. Jone Laspiur da protagonista, eta Atlantida, L 'Alternativa, REC eta FICX jaialdietako Work In Progress ataletan parte hartu du, besteak beste. Nabarmentzekoa da parte hartu duen topaketa batzuetan aintzatespenak jaso dituela.
Anekumen
Bestalde, suitzar hitzorduaren merkatu atalean parte hartu du Irati Gorostidiren ‘Anekumen’ proiektuak, lehen film luzeen garapenari babesa emateko Locarno Residency topaketan.
Apellaniz y De Sosa enpresak ekoitzitako lanak dagoeneko ibilbide luzea egin du nazioarteko hainbat merkatutan. Azpimarratzekoa da 2022an Donostia Zinemaldiaren esparruan garatzen den Ikusmira Berriak programan parte hartu zuela; 2023an, aldiz, Indie Lisboako ‘Co-production Forum’ ekimenean hautatu dute, eta berriki FIDLaben Culori Award saria jaso du.
Zuzendaria, Irati Gorostidi, euskal zinemaren promesa handienetako bat da. 2023 honetan Cannesko Kritikaren Astean ‘Contadores’ film laburra estreinatzeko aukera izan du, eta nazioarteko hainbat jaialditan ere aukeratua izan da, baita Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi – Tabakalera sailean ere.