2023-02-15
Euskal zinemak, berriz ere, parte-hartze nabarmena izango du Berlinalen
Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiak Euskal Herriko zinemagile ugari bilduko ditu berriro ere. Aipamen berezia merezi du Estibaliz Urresola Solagurenen '20.000 erle espezie' lanak, munduko jaialdi garrantzitsuenetako batean egingo baitu mundu mailako estreinaldia. Gertaera oso garrantzitsua da hau, Sail Ofizialean bere opera primarekin lehiatuko den lehenengo emakume espainiarra izango baita.
Bere azken film laburrarekin, ‘Cuerdas’ lanarekin hain zuzen ere, lortutako arrakastaren ondoren, zuzendari arabarrak bere lehen film luzea aurkeztuko du. Nabarmentzekoa da film laburrarekin Fikziozko Film Labur Onenaren Goya Sarirako izendatua izan zela eta Cannesko Kritikaren Asteko Le Rails d' or Saria jaso zuela. Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films enpresek ekoitzi dute ’20.000 erle espezie’ filma. Cocoren istorioa azaltzen digu, ez da eroso sentitzen gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin, eta ez daki zergatik. Inguruko guztiek Aitor deitzen diharduten arren berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen. Anek, bere amak, udako oporraldia baliatuko du bere hiru seme-alabekin jaioterrira itzultzeko. Bertan Lita amamarekin zein izeko Lourdes erlezainarekin elkartuko da. Uda erabakior honek hiru belaunaldi ezberdinetako emakume hauen bizitzak eraldatuko ditu beren beldur eta zalantzei aurre egitera behartuz.
“Berria ezagutu genuenean sinetsi ezinik geunden, baina oso hunkigarria izan zen. Ez nuen horrelako etorkizunik imajinatzen. Une bakoitzean zegokidana egiten saiatu naiz, eta bost urteko lan handiko prozesua izan da. Lana aurkezterakoan itxaropen apur bat bagenuen, baina egia esan sorpresa handia izan zen aukeratuak izatea”, adierazi du zuzendariak.
Bestalde, estetikoki ausartak diren zinemagile independente eta berritzaileen lanak sustatzea helburu duen Encounter Sailak ‘Samsara’ filma aukeratu du aurtengo ediziorako. Lois Patiñok zuzendutako eta Señor y Señora etxeak ekoiztutako film luzea da, eta bertan, zuzendariak, heriotzari buruzko hausnarketa egiten duen erlijiotasun budistaren ikuspegitik.
Berlinale Talents
Halaber, Berlinale Talents-ek bi euskal zinegile, Mikel Gurrea eta Maddi Barber, hautatu ditu aurtengo edizioan parte hartzeko. Zuzendari donostiarra ‘Suro’ opera primarekin lortutako arrakastaren ostean iritsiko da hitzordura. Filmak mundu mailako estreinaldia egin zuen Donostia Zinemaldian, eta kritikarien eta ikusleen aldetik oso iritzi onak jaso zituen. Gainera, Goya sarietarako bi izendapen ere izan zituen; garrantzitsuena, Zuzendaritza Berri Onenaren sarirako hautagaitza. Gainera, duela gutxi Zuzendari Berri Onenaren Gaudi Sari ospetsua jaso zuen Gurreak. Zinegilearentzat, Berlinale Talentsen parte hartu ahal izatea “opari bat da. Munduko zinemaldi garrantzitsuenetako bat da, eta hautaketa honek aukera ematen dit lehen lotura bat izateko eta zinemagileekin harremanetan jartzeko. Etorkizuneko proiektuetarako harreman interesgarriak sortzeko aukera on bat ere izan daiteke”.
Aldi berean, Maddi Barber aukeratu dute topaketa honetan parte hartzeko. Zuzendariaren esanetan, “Berlinale Talentsen parte hartzeak dakarren gauza garrantzitsuenetako bat ezagutzen ez duzun jendearekin denbora eta espazioa partekatu ahal izatea da. Ez noa helburu argi batekin, datorrenera irekita nago”. Urte garrantzitsua izango da zinemagilearentzat, Donostia Zinemaldiak Tabakalerarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen duen Ikusmira Berriak programan parte hartuko baitu.
Berlín Critic’s Week topaketan ere
Zinemalditik kanpo, Berlin Critic's Week 2023 ekimenaren barruan, ‘Misión a Marte’ filma ikusi ahal izango da. Amat Vallmajor del Pozoren opera prima Vitrine Filmesek, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Muxika Zinemak ekoitzi dute. Txominen istorioa aurkezten digu. Langabezian dagoen euskal arkeologoa da eta Marteko peritu baten enkargua jaso du. Bere anaia Gene gidari duela, Eibartik abiatu dira, Espainiako iparraldean barrena.
Gainera, aurrekoetan bezala, Basque. Audiovisual. ekimenak Berlingo merkatuan espazio bat izango du, Cinema from Spain atariari lotua, non Bizkaiko pizgarri fiskal berriei buruzko informazioa eskainiko duen, beste gai askoren artean. Era berean, euskal markak hainbat ekitaldi antolatu ditu, euskal presentzia nabarmena ospatzeko eta onuragarriak izan daitezkeen nazioarteko harreman berrien sorrera sustatzeko. Berlinaleren 73. edizio honetarako gure webgunean eskuragarri dagoen katalogoaren online bertsio berri bat ere prestatu dugu.