2023-01-20
“Cinco lobitos’ filmarekin bizitzen ari garen guztia magikoa izaten ari da”
‘Cinco lobitos', Alauda Ruiz de Azúaren opera prima, Estatuan estreinatutako film handienetako bat izan zen 2022an.
‘Cinco lobitos', Alauda Ruiz de Azúaren opera prima, Estatuan estreinatutako film handienetako bat izan zen 2022an. Berlinalen izan zuen mundu mailako aurkezpena, eta kritikaren eta ikusleen aldetik harrera bikaina jaso ondoren, lanak 11 Goya sari eskuratzeko aukera izango du; horien artean, Film Onenaren eta Zuzendari Berri Onenaren golardoak lortzeko izendatua dago. Zuzendari bizkaitarrak atzean utzi berri dugun urte honen balantzea egin du.
- Nola baloratzen duzu filmak izan duen harrera?
Bikaina izan da, sinestezina. Gainera, albiste onak bata bestearen jarraian iritsi zaizkigu. Lehenik Berlinalen estreinatzea, gero Malagan gertatutakoa, Oscar sarietarako aurre-hautaketa, izendapenak, ikusleen erantzuna zinema-aretoetan… Egia esan, batzuetan gelditu eta gauzak perspektiban jartzen saiatzen naiz. Hamaika izendapen, filmeko lau aktoreena besteak beste… Lehen film baterako zerbait magikoa dela uste dut. Pribilegiatua sentitzen naiz, zaila baita horrelako gauzak lortzea.
- Denbora beharko duzu filmak lortutako guztiaz jabetzeko, ezta?
Uste dut baietz, oraindik ez dudala tarterik izan zuzendari gisa gertatu zaidan guztiari neurria hartzeko. Ziur nago ekitaldiak amaitzen direnean gertatutako guztiaren beste dimentsio bat aurkituko dudala.
- Nola jaso zenituen 2023ko Goya sarietarako izendapenak?
Oso polita izan zen, zirraragarria, taldeko kide batzuk taberna batean elkartu ginelako izendapenen irakurketa ikusteko. Ederra izan zen, izendapen asko baitzeuden; eta asko ez genituen espero. Lau aktore nagusiak izendatuta ikustea; Ramón Barearen lehen izendapena izatea; zinema-eskolako lagun Andrés Gil ere Muntaia Onenaren sarirako izendatua egotea; nire lehen filmarekin Film Onenaren saria lortzeko aukera izatea… Goiz magikoa izan zen. Tabernan geunden, jendeak ez zekien nor ginen eta erotuta bageunde bezala begiratzen gintuzten (barreak). Oso pozik geunden.
- Zure opera primarekin Film Onenaren eta Zuzendari Berri Onenaren sarietara izendatua izatea lorpen handia da.
Izugarrizko ametsa da, oso zorionekoa naiz. Iruditzen zait Zinema Akademiako jendeak maitasun handiz hartu duela filma, eta ez genuen espero. Nire lehen pelikula, ekoizpen independentea eta intimista izanik zaila zen, baina nabaritzen da Akademiako kideek oso ondo konektatu dutela berekin.
- Lau protagonistak, gainera, hautagaien artean daude...
Apustu berezia egin dugu aktore-lanaren alde; asko zaindu dugu hori. Eta esfortzu hori guztia aintzat hartzen dela ikustea, jendeak ikusi eta baloratzen duela egiaztatzea, da oparirik onena.
- Esan daiteke urte bikaina izan dela eta Goya sariek borobilduko dutela?
Urte zoragarria izan da, bira dramatikorik ez duen gidoi baten antzekoa. Inork ez luke ekoitziko dena ondo doalako (txantxetan). Sinestezina izan da, oso dibertigarria. Goya Sariei dagokienez, ilusio handia dugu, eta asko gustatuko litzaiguke sariak eramatea, guztioi bezala, baina egia da taldean dagoeneko asko dugula ospatzeko eta azken etapa honetaz gozatzen ari garela.
- Zein izan daiteke ‘Cinco lobitos’ lanak izandako arrakastaren gakoetako bat?
Proiekzio eta solasaldi ezberdinetan parte hartu dut, eta jendearen erreakzioa ikusteko eta pelikularen inguruko gauzak ikasteko aukera izan dut. Konturatu naiz pertsonek asko gozatzen dutela eta hunkitu egiten direla egunerokoari buruzko kontakizun bat ikustean; beren bizitza eta familiak kontraesanekin eta akatsekin erretratatuta ikustean.
- Maite dugun norbaiten bizitzaren amaierari aurre egiteko modu ezberdinak ere jorratzen dituzu filmean. Gai hori ez da hain agerian egoten zinemagintzan…
Bitxia da, asko kontatu ez den gaia delako eta esperientzia oso politak bizi izan ditudalako. Pelikula ikusi ondoren pertsonaian islatuta ikusten ziren pertsonak idatzi didate. ‘Begoña’ askorekin ere topo egiten dut proiekzioetan, eta haien bizipenak filman islatuta ikusi dituztela aipatu didate; ordura arte ez direla berdin sentitu. Hori ere oso aurkikuntza polita izan da; etxe mordo batean gertatzen den baina azaltzen ez den istorioa dela egiaztatzea.
- Inor axolagabe uzten ez duen filma da, gogoetak eragiten dituena...
Hau da, zalantzarik gabe, zuzendari gisa eramaten dudan gauzarik politenetako bat. Oso ederra da norbaitek jakinarazten didanean nire filma ikusi ondoren hainbat egunez horretaz hausnartzen aritu dela. Zoragarria dela uste dut. Nik pelikulak ikusten nituenean eta zinema-zuzendari izatea amesten nuenean ere gogoratzen nituen egun batzuez nire barruan irauten zuten filmak, hainbat arrazoirengatik ukitzen nindutenak, eta, beraz, hau guztia oso polita da.
- Gainera, sektorean garrantzitsuak diren profesionalen kritika bikainak jaso dituzu, hala nola Pedro Almodovarrena. Nola jaso zenituen bere hitzak?
Uste dut oso eskuzabala izan zela. Poz handia eman zidan, baina egia da hasieran txundituta geratu nintzela, ez bainuen sinesten. Garrantzi eta talentu zinematografiko eta sentsibilitate handiko pertsona batek zure filma balioan jartzea magikoa da.
- Etorkizunari begira, hitz egin diezagukezu esku artean dituzun proiektuez?
Nire bigarren film luzea izatea gustatuko litzaidakeena idazten ari naiz. Hori ere nik zuzenduko nuke, baina ezin dut ezer aurreratu.