2023-07-14
Hiru euskal ekoizpen hautatu dituzte Donostia Zinemaldiko sail ezberdinetan
Donostia Zinemaldiak aurtengo edizioko hainbat sailetan parte hartuko duten Estatuko lanen zerrenda eman du gaur ezagutzera, eta hautatutako ekoizpenen artean hiru euskal lan daude.
Albiste aipagarriena da Isabel Herguera zuzendari donostiarraren ‘El sueño de la Sultana’ filmak mundu mailako estreinaldia izango duela lehiaketako Sail Ofizialean. Uniko, Sultana Films, Gatoverde Producciones, Fabian & Fred eta Abano Produciòns ekoiztetxeen film hau Rokeya Hosseinek 1905ean idatzitako zientzia fikziozko ipuin feminista indiarrean inspiratuta dago, eta 2023ko Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian egongo da. ‘El sueño de la Sultana’ filmak ibilbide bikaina egin du dagoeneko mundu osoko merkatu garrantzitsuetan, hala nola WIP Annecy 2023an edota Ventana Sur eta Cartoon Movie 2022an; eta hainbat aintzatespen jaso ditu, TorinoFilmLab Audience Design Award saria European Work in Progress Cologne atalean, adibidez. Gainera, sail berean Jaione Camborda zuzendari donostiarraren ’O Corno’ ekoizpen galiziarra estreinatuko da.
Bestalde, Zabaltegi – Tabakaleran Irati Gorostidiren (Apellaniz eta Sosa, Tractora and Pirenaika) ‘Contadores’ film laburra aurkitzen dugu. Lan honek Cannesko Kritikaren Astean egin zuen bere mundo mailako estreinaldia eta Curtas Vila do Conde edo Mexikoko Guanajato International Film Festival nazioarteko jaialdietan parte hartu ondoren helduko da jaialdira.
Halaber, atal berean Ion de Sosaren ‘Mamántula’ metraje erdiko filma dago. Apellaniz y De Sosa, Paola A’. Filmproduktion eta Tasio enpresek ekoiztutatako lanak Donostian izango du mundu mailako estreinaldia, Estatuko zein nazioarteko jaialdietan egingo duen ibilbideari ekin aurretik.