2023-09-27
"Cannesko Kritikaren Astean parte hartzea izugarrizko errekonozimendua da, eta 'Contadores' ikusarazten eta etorkizuneko proiektuak bultzatzen laguntzen du"
Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioan parte hartuko duen beste euskal ekoizpenetako bat da ‘Contadores’. Irati Gorostidik zuzendutako film laburrak mundu mailako estreinaldia izan zuen Cannesko Kritikaren Astean, eta Zinemaldiko Zabaltegi Tabakalera sailean lehiatuko da. Apellaniz y de Sosa, Tractora eta Pirenaika enpresek ekoitzitako lana 70eko hamarkadako negoziazio sindikal bati buruzkoa da, eta aktore ez-profesionalek osatutako castinga du.
- ‘Contadores’ buruz ezer entzun ez duenarentzat, aurkeztuko zeniguke zertan datzan?
1978. urtean girotuta dago eta Donostiako Ur Kontagailuen Fabrikan, Bidebietan, egindako batzarra kontatzen du. Batzarrean metalaren sektoreko hitzarmen berri bat sinatzea eztabaidatzen ari dira. Erabakigarria da, trantsizioko neurri ekonomikoak jasotzen baititu. Hitzarmen hori sinatzeko negoziazioek mobilizazio asko eragin zituzten eta alderdiak eta sindikatuak legeztatu eta gutxira iritsi ziren. Une historiko erabakigarria da.
Batzarraren bezperan, fabrikako langile talde txiki batek, apartamentu batean bilduta, sindikatuen aurkako panfleto bat inprimatu zuen. Ez dituzte ordezkari gisa onartzen eta langileen borrokaren autoantolaketa defendatzen dute.
- Nondik sortu zitzaizun istorio hau kontatzeko ideia?
Abiapuntua Gipuzkoako langile-mugimenduaren autonomian eta 70eko hamarkadako gizarte-mugimenduen inguruan sortu ziren komunitate-bizitza proiektu alternatiboetan oinarritutako ikerketa da. Gaur egun, ikerketa horretan bertan oinarritutako film luze bat garatzen ari naiz. Luzemetraiaren bigarren zatian, fabrikako langile batzuek komuna batera batzea erabakitzen dute.
- Pasa den maiatzean Cannesko Kritikaren Astean parte hartu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Esperientzia aparta izan zen. Cannesko Kritikaren Astean parte hartzea izugarrizko errekonozimendua da, ‘Contadores’ ikusarazten eta etorkizuneko proiektuak bultzatzen laguntzen baitu.
- Gaur arratsaldean aurkeztuko duzu zure lana Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean. Nolakoa izatea espero duzu publikoaren harrera?
Ilusio handia egiten dit. Beti interes handiz jarraitu dudan saila da. Gainera, ederra izango da filma Donostian erakutsi ahal izatea, talde osoarekin eta maite ditudan pertsona askorekin partekatzeko eta ospatzeko unea izango baita. Horrez gain, ‘Mamántula’ filmarekin batera proiektatzen da, Ion de Sosa nire lagun estimatuaren azken filmarekin batera. Horrelako proiekzioak opari bat dira.
- Zer balantze egiten duzu film laburrak orain arte izan duen ibilbideaz?
Oso eskertuta nago, ibilbide aparta egiten ari da eta. Nolanahi ere, saiatzen naiz gogoan izaten ezin dugula aurretik jakin zer nolako ibilbidea egingo duen horrelako lan batek. Filmaren kalitateaz, interesaz edo egokitasunaz gain, beste hainbat faktore eragingarri daude. Oraingo honetan, zorte handia izan dugu eta gozatzen ari naiz. Baina gogoan dut litekeena dela, beste batzuetan, niretzat hau bezain garrantzitsuak diren lanek ibilbide xumeagoa egitea.
- Baduzu beste proiekturik esku artean?
Nire lehen film luzean ari naiz lanean, ‘Anekumen’. ‘Contadores’ pelikula honen prekuela moduko bat da. Lehenengo zatia langile mugimenduan girotuko da, eta bigarrena, berriz, askatzea, trantze eta katarsi egoerak lortzea helburu duten ikastaroetan parte hartzeko ehunka pertsona biltzen diren komunitatean. Filmaren abiapuntua 80ko hamarkadan Ultzamako haranean ezarri zen ‘Arco Iris’ komunitateari buruzko ikerketa bat da. ‘Contadores’ film luzearen unibertso bisuala eta pertsonaiak zirriborratzen hasteko modu aparta izan da.