2024-09-04
"Gure helburua zen filma zinemaldian estreinatzea, eta argi dago hautaketa-batzordeak begi onez ikusi duela"
‘Erreplika’ dokumentala Donostia Zinemaldiko Zinemira sailerako hautatua izan da. Oso lan pertsonala da eta irudien garrantziari buruz hausnartzen du. Izan ere, irudiek oroitzapenak mantentzea eta berpiztea ahalbidetzen dute. Pello Gutierrez gidoilari eta zuzendariak lan hau sortzeko zerk inspiratu zuen azaldu digu.
Zerk inspiratu zintuen ‘Erreplika’ sortzerako orduan?
‘Erreplika’ zuzenean interpelatzen nauten bi istorio paralelotatik sortu da. Alde batetik, aitaren heriotzaren ondoren, 1978an zuzendu zuen film labur zahar bat aurkitu nuen, eta hark minutu bateko hutsune beltz bat zuen. Bestetik, 1979an Zikuñagako Ama Birjinaren irudia lapurtu zuten. Lapurreta horrek hutsune bat utzi zuen Hernaniko auzo horretako ermitan, eta oraindik ez da argitu zer gertatu zen. Bi abiapuntu horiekin, film bat eraiki dugu hutsuneei buruz.
Zein istorio edo mezu nagusi transmititu nahi zenuen obra honekin?
Funtsean, filma irudiei buruzko hausnarketa bat da, eta memoriarako zein baliagarriak diren azaltzen du. Irudiek maite ditugun lagunak gogora ekartzen dizkigute, baina, era berean, nortasun kolektiboa eta inguruan ditugun pertsonekiko kohesioa mantentzen laguntzen digute. Baina zer gertatzen da irudi horiek desagertzen direnean? Nola jo dezakegu bizirauteko irudiak behar dituzten oroitzapen horietara?
Zein izan da filmaketan izan duzuen erronkarik handiena?
‘Erreplika’ lanaren filmatze prozesua nahiko luzea izan da. Denbora asko eskaini diogu dokumentazioari eta gidoiari, eta ia urte betez egon gara aldizkako espazioetan filmatzen. Filmaren idiosinkrasiak berak eskatzen zigun filmaketa muntaketarekin uztartzea. Dokumental hau entsegu filmikoa da, filmatu eta muntatu ahala eboluzionatzen joan dena. Gidoia beti egon da irekita azken orduko ekarpenetara eta filmatzean egiten genituen aurkikuntzetara. Beraz, filmaren ekoizpenaren erronka nagusia malgu mantentzea izan da, prozesuan zehar sortzen ziren gidoi eta muntaia aldaketak onartzeko.
Zer esan nahi du zuretzat eta zure taldearentzat dokumentala Donostia Zinemaldiko Zinemira sailerako hautatzeak?
Gure nahia zen filma Zinemaldian estreinatzea, eta argi dago hautaketa-batzordeak begi onez ikusi duela. Etxean estreinatzeak ilusio berezia egiten digu, eta estrategikoki ere dokumentalarentzat albiste ederra da. Oso eskertuta gaude Zinemaldiarekin gure filmei eman izan dien tratuagatik, beti izan da gure proiektuetarako hedapen-plataforma bat, eta une oro lagundu gaituzte. Luxua da Zinemaldiko lantaldearen babesa jasotzea.
Zer gustatuko litzaizuke publikoak sentitzea?
Oso lan pertsonala da eta jendaurrean biluzteko ekintza txiki bat dela esan daiteke. Bertan kontatzen dugun istorioa publikora heltzea nahi genuke prozesu osoan zehar landu dugun indar eta poesiarekin. Eta, batez ere, filmak zinema-aretotik kanpo hausnarketak eta eztabaidak piztea gustatuko litzaidake, ikusleak dokumentalean kontatzen diren istorio txikiei buruz ikertzeko gogoz ateratzea.
Zure ustez, badadude Zinema dokumentala baloratzen duten plataforma eta jaialdi nahiko?
Zinemaren historiaren une batean gaude non zerbait egin behar dugun kontakizunen geldialdia eta homogeneizazioa saihesteko. Programazio eta erakustaldi-eredu berriek arriskua dute istorio estandarrak bultzatzeko eta alde batera uzteko gauzak beste era batera kontatu nahi dituzten film disidenteak. Hasiera batean, Interneten gorakadak plataforma txikien agerpena erraztu zuen eta horiek baliagarri izan ziren gauzak kontatzeko modua berritu nahi zuten filmak zabaltzeko. Baina gaur egun, pixkanaka, plataforma handiak eskala txikiko erakusketa itotzen hasi dira, eta oso zaila da haiekin lehiatzea. Horregatik, gehiago arriskatzen diren filmak erakustea oso zaila izaten ari da. Elkarrekin lan egin beharko genuke zinema desberdina babesteko. Hala ere, oraindik ere jaialdi eta plataforma asko daude bazterreko zinea indarrez babesten dutenak, eta horiei esker gure filmak publikoarengana iritsi daitezke. Pertsona horiek guztiek egiten duten lana izugarria da.
Zein da zuen asmoa dokumentala Donostia Zinemaldian aurkeztu eta gero?
Behin ekoizpen lana amaituta, oso zaila izan ohi da publikoari filma helaraztea. Gure lanak ez luke inolako zentzurik ikusleek ikusiko ez balute eta horretarako, ezinbestekoa da jaialdietan eskaintzea. Hedapen estrategia bat sortzen ari gara filma ahalik eta jende gehienarengana iristeko: festibaletan eskaini behar da, zinema-aretoetan, plataforma digitaletan, telebistan...
Baduzu lantzen ari zaren beste proiekturik?
Zazpi T 'erdi ekoiztetxearen berezitasuna da sorkuntza-taldea dela. Proiektu oso pertsonalak izanagatik, lana beti da kolektiboa, eta gainontzeko kideen inplikazioa erabatekoa da. Une honetan, David Aguilar gure lankideak zuzentzen duen ‘Eltzegorra’ luzemetrai dokumentalaren proiektu berri batekin gabiltza. Jotzea debekatuta dagoen euskal instrumentu tradizional bati buruz dihardu dokumentalak. Garapen fasean gaude eta oso pozik gaude proiektuaren ekoizpenarekin daramagun bidearekin.