2023-03-09
Euskal zinemak bere indarra erakutsiko du Malagako Jaialdian
Martxoaren 10etik 19ra bitartean, zinema iberoamerikarraren erakusleiho nagusietako bat, Malagako Zinemaldia hain zuzen ere, euskal ekoizpen askoren erakustoki izango da berriro. Oraingoan, jaialdiak berak eta MAFIZ industria-guneak 21 lan aukeratu dituzte hainbat ataletan esku hartzeko. Nabarmentzekoa da hautatutako euskal ekoizpenetatik 14 emakumeek zuzendu dituztela.
Alde batetik, Sail Ofizialean Estibaliz Urresola Solagurenen '20.000 erle espezie' filma proiektatuko da. Hau izango da filmaren Estatu mailako estreinaldia, Berlinalen lortutako arrakastaren ondoren. Bertan, harrera ederra jaso zuen kritikaren eta publikoaren aldetik, eta Sofia Otero protagonistak Zilarrezko Hartza irabazi zuen bere interpretazio bikainagatik. Biznagetako bat eskuratzeko lehiatuko dira, halaber, Alejandro Rojasen eta Juan Sebastián Vasquezen ‘Upon Entry’ filma, Tallin Black Nights Film Festival jaialdian estreinatu zen drama eta thriller psikologikoa; seme-alaben hazkuntza eta helduen bizitza uztartzea kostatzen zaion aita baten istorioa kontatzen duen Félix Viscarreten ‘Una vida no tan simple’; eta Sílvia Munt-en ‘Las buenas compañía’, 1970eko hamarkadako feminismoa ikusarazteko borrokan murgiltzen den 16 urteko neska baten istorioa.
Gainera, film laburren atal ofizialean Leire Apellanizen ‘La Concha’ ikusi ahal izango da. Albert Jasangarritasuneko zigilua lortu duen Euskadin filmatutako fikziozko lehen film laburra da. Poza eta duintasuna mantentzeko borrokan ari den ama gazte baten bilakaera kontatzen du, bere inguruko guztia gainbehera doala ikusten duen bitartean. Halaber, ZINEBIko azken edizioan parte hartu zuen Mikel Uralderen ‘Hormak’ proiektatuko da, baita Estibaliz Urresola Solagurenen ‘Cuerdas’ ere. Fikziozko Film Labur Onenaren Goya Sarirako izendatu zuten lana, eta sari garrantzitsuak jaso ditu Estatuan zein nazioartean. Bestalde, Animazine Sail Ofizialak emakumearekin lotutako auzi sozialak jorratzen dituen Sonia Estevezen ‘Txotxongiloa’ izenburudun film laburra hartuko du.
Bestalde, Cinema Cocina sailean Beñat Gerekaren ‘Itsasoak pizten gaitu’ proiektatuko da, Getariak itsasoarekin duen harremana aztertzen duen dokumentala. Halaber, euskal ordezkaritza izango dugu Emakumeen eskubideak azpimarratzeko atalean. Bertan, Alejandra Bueno de Santiagoren azken lana, ‘Ezohikoak’, ikusteko aukera izango dugu. Hausnarketa eta ahalduntze istorioa da, eta ama, emakume eta familia anitz eta inperfektuak legitimatzeko proposamen bat egiten digu zuzendariak. Azkenik, Cineforumek Ana Murugarrenen ‘El hotel de los líos’ filmaren proiekzioa hartuko du. ‘García y García’ pelikularen "spin off" bat da.
MAFIZ azokan ere protagonista
Malagako Zinemaldiko MAFIZ Industria gunean ere ez da euskal partaidetzarik faltako. Spanish Screenings-eko Regional Hub atalean, Ainhoa Andrakaren eta Zuri Goikoetxearen ‘Cabeza y corazón’ izango da, Espainiako gurpil-aulkiko emakumezkoen saskibaloi selekzioak jokatutako lehiaketa aurreolinpikora garamatzan lana; eta baita Iratxe Fresnedaren ‘Tetuan' ere, Gijongo/Xixongo Nazioarteko Zinemaldian eta ZINEBIn batera estreinatutako pelikula. Neo Screenings-en barruan, bi euskal proiekzio ere aurki ditzakegu: ‘La quietud en la tormenta’, Alberto Gastesiren opera prima, beste egoera batzuetan bide desberdinak hartu ahal izan zituzten bi pertsonaren maitasun-istorioa aztertzen duena; eta ‘My Way Out’, Izaskun Arandiak 'The way out' Londresko transgenero klubari buruz egindako dokumentala. Era berean, Malaga Short Corners atalaren barruan Sonia Estevezen 'Malkoak' film laburrarekin gozatu ahal izango da. Bertan, artista gasteiztarrak negar egitea aldarrikatzen du, malkoekiko dugun ikuspegi negatiboa zalantzan jarriz.
Spanish Screenings-en eta, zehazkiago, Animation Day delakoaren WIParen baitan, Isabel Herguera zuzendari donostiarraren azken proiektua ezagutzeko aukera izango dugu. Lan horren izenburua ‘El sueño de la Sultana’ da, eta Malagara iritsiko da nazioarteko hainbat WIPetan parte hartu eta saritua izan ondoren. Bestalde, Animation Day-eko Market Screenings-etan Nuno Beatoren 'Los demonios de Barro' topatuko dugu, Animaziozko Film Onenaren Goya Sarirako izendatuta egon zen filma.
Next From Spain sailak, aldiz, Nagore Eceizaren azken lana, ‘If You Wish To Make An Apple Pie’, hartuko du. Proiektu honek Lau Haizetara dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartu zuen Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan. Aldi berean, Albertina Carriren ‘Caigan las rosas blancas’ genero gaietako road-tripak ere parte hartuko du. Azkenik, Málaga Work In Progress España atalean, Duero ibaiaren ertzean 50 urteko bi emakume elkartzen dituen ‘Sobre todo de noche’ proiektuarekin izango da Victor Iriarte.
Ohi bezala, Basque. Audiovisual. ekimenak euskal ikus-entzunezkoen sektoreko berritasunak ezagutaraziko dituen stand bat izango du. Gainera, euskal ekoizpenen online katalogoaren bertsio eguneratua aurkeztuko da berriro, eta www.basqueaudiovisual.eus webgunean ere eskuragarri egongo da.