2022-09-23
Basque. Audiovisual. ekimenak webgune berria estreinatu du
Basque. Audiovisual. ekimenak webgune berria estreinatu du, hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez) eta funtzionalitate eta tresna berriekin, atzerriko inbertitzaileei eta koproduktoreei euskal ikus-entzunezko sektoreari buruzko informazioa eskuragarri jartzeko. Horrela, pauso berria eman dugu gure lurraldeko produkzioak nazioarteko merkatuetara hedatzen laguntzeko, eta ikus-entzunezko proiektu berriak garatzeko nazioarteko baliabideak lortze aldera ere baliagarria izango da.
Webgune berri honek lehiakorragoa izan nahi du merkatu, foro eta ekitaldien online formatu berriei begira; hartara, tokiko eragileek, nazioarteko enpresez gain, sektoreko hitzordu nagusiei eta euskal ekoizpenei buruzko datu eguneratuak izan ditzakete. Aldi berean, Basque. Audiovisual. ekimenak ad hoc katalogo bat prestatuko du nazioarteko merkatu bakoitzerako, Euskadin abian diren proiektuen fitxa eguneratuekin. Halaber webguneko nazioarteko harpidedun guztiek mailina jasoko dute hilean behin, sektoreko azken berriak ezagutzeko.
Webgune berriaren atalen artean jaialdiena nabarmentzen da, Estatuko zein nazioarteko hitzordu guztien, beren ezaugarrien eta ematen dituzten sarien berri emango baitu. Horrela, euskal agenteek jaialdi horietan parte hartzeko deialdien berri izango dute eta aurreko edizioak kontsultatu ahal izango dituzte.
Koproduzitu atala ere nabarmendu behar da, bereziki Basque. Audiovisual. markaren helburuetako batera bideratuta baitago: atzerriko inbertsioa erakartzea eta koprodukzioak abian jartzen laguntzea. Atal honetan, Euskadiko grabaketa-kokaleku onenak biltzen dituen bideoa, hiru lurralde historikoetako zerga-pizgarrien azken berrikuntzen gida, laguntza publikoei buruzko informazioa eta elkarteen, film commission bulegoen eta sektoreko beste erakunde batzuen harremanetarako informazioa biltzen dira. Nazioarteko inbertitzaileentzako datu interesgarriak ere aurki daitezke bertan.