Zer kontatzen digu ‘Ese mundo que no te da nada’ dokumentalak?
Garai eta leku ezberdinetan emakume eta gizon batzuen artean sortzen diren harreman konplexuak ulertzen saiatzen da. Hutsaltzen ari diren maitasunak edota desagerpenak ere aipatzen ditu. Aldi berean, ondorengo gai hauek ere jorratzen ditu: belaunaldien arteko ezberdintasunak, bertako eta kanpoko diktaduren aurkako gazte-idealak eta gazteek hilaren amaierara iristeko dituzten zailtasunak. 1975etik 2019ra bitarteko denbora-tartea hartzen du filmak, eta itsasoko bi hiritan gertatzen da, Bilbon eta Habanan, hain zuzen ere.
Nola sortu zen filma egiteko ideia?
Hainbat elementuren batura da: batetik, 2000. urtean Habanan ausaz filmatu genituen eta inoiz erabili ez diren irudiak, eta, bestetik, nik une desberdinetan, Bilbon, hainbat euskarritan filmatutako dokumental eta filmen zatiak. Material horri egun filmatutakoa gehitu diogu, eta hiru protagonisten bizitza eta bilaketa birsortzeko balio duen narrazio-eraikuntza berri bat sortu dugu.
Zer esanahi du zuentzat Donostia Zinemaldiak aurtengo ediziorako aukeratu izanak?
Poz handia da. Horrelako film bati, dokumental bati alegia, ikusgarritasun eta erraztasun handiagoa ematen dio publikoari, industriari eta komunikabideei gure lana ezagutarazteko. Asko estimatzen dugu jaialdi honek gure lana pantaila handiko areto batean ikusteko aukera ematea; agerikoa dirudien arren, orain ez da hain ohikoa.
Zein helbururekin zoazte Donostiara?
Lana Zinemaldira aurkeztu genuen eskaintzen dituen aukerengatik, dokumentalak jaialdi garrantzitsuetan ibilbide bat izatea nahi baitugu.
Zinemaldiaz gain, zer ibilbide egitea espero duzue?
Donostia Zinemaldiaren izen onari esker, Estatuko zein nazioarteko beste jaialdi batzuek gure lana estimatzea espero dugu, bereziki zinema dokumentalari zuzendutakoek.
Behin ibilbide hori amaituta, dokumentala plataformaren batean egongo da ikusgai?
Garai hauetako edozein ekoizpen zinematografikoren ezinbesteko etorkizuna plataforma batean bukatzea da. Une hori iristen denean, gure proiekturako plataformarik egokienarekin jarriko gara harremanetan, ahalik eta ikus-entzule gehienengana iristeko.
Beste lanik ba al duzu esku artean? Zerbait aurreratu diezagukezu?
Nire ideia gidoiak idazten jarraitzea da, istorioak bilatzen, itua joko duen bat aurkitu arte.