2024-10-02
"Ibermedia Next ekimenak baliabideak eta denbora eman dizkigu teknologia berriak probatzeko, teknika berritzaileak aztertzeko eta nazioarteko taldeekin lan egiteko"
Ibermedia Next animazio iberoamerikarraren sektore estrategikoan berrikuntza eta lankidetza sustatzeko diseinatutako Ibermedia Programaren modalitate berri bat da. Maria Luquero zuzendariaren eta Uniko euskal ekoiztetxearen ‘Titan Tofu’ lana 14 proiektu onuradunetako bat izan da, eta Espainiatik, Italiatik eta Portugaldik Latinoamerikako 10 herrialderekin batera garatuko dira. Obra hauek Iberoamerikako istorioak kontatuko dituzte animazioko berrikuntza teknologikoaren bitartez.
'Titan Tofu' Ibermedia Nexten 14 proiektu onuradunetako bat izan da, eta Latinoamerikako herrialde batekin batera garatzeko aukera izango duzue. Nola jaso zenuten albistea?
Txundituta utzi ninduen. Uste dut laguntza hori sektoreak azken urteotan jaso duen onena dela, eta oso eskertuta nago lortu dugulako. Maila oso altuko proiektu eta lankide asko aurkeztu ziren, beraz, hautatuen zerrendan egoteak irizpide eta estandar oso altuak gainditu genituela esan nahi du. Sinestezina iruditu zitzaidan, eta aldi berean izugarri poztu ninduen. Egindako lan guztia eta pertseberantzia fruituak ematen ari direla ikusteak ez du preziorik.
Zein da 'Titan Tofu' obraren mezu nagusia?
Lanaren ardatz nagusia haurrentzako adimen emozionalaren hezkuntza kontzientea da. Hau da, kontua ez da soilik emozioei buruz hitz egitea, baizik eta haurrei irakastea nola bizi behar dituzten egunero bizi dituzten esperientzia emozionalak. Ez bakarrik modu indibidualean sentitzen ditugun emozioetatik, baita taldeko emozioetatik ere, hala nola zainketak, enpatia... Modu sortzailean egiten saiatzen ari gara, haurrak istorioetan identifikatuta egon daitezen, teoria handirik gabe, baina bai praktika askorekin.
Lan honek dagoeneko parte hartu du MIFAko pitchetan, Animation Production Days eta Cartoon Forum ekimenetan, besteak beste. Azalduko zeniguke zein izan den zuen ibilbidea eta zein onura ekarri dizkizueten hautaketa hauek?
Hasieran nire kabuz ekin nion proiektuari. Sortzaileen laborategi eta mentoria ezberdinetan hautatua izan nintzen, hala nola Next Lab Generation edo Cima Impulsa ekimenetan. Aukeraketa horiei esker, proiektua asko aberastu eta hazi zen narrazio-mailan eta bisualki, eta horrekin ekoizleak erakarri ahal izan nituen. Hortik aurrera, guretzat oparia izan diren merkatu eta jaialdi ospetsuetan egon gara. Ikusgarritasun eta babes handia eman digute nazioartean, eta, horren ondorioz, maila ikaragarriko kolaboratzaileekin hizketan ari gara gaur egun.
Zer aukera espezifiko zabalduko dizkio Ibermedia Next-ek 'Titan Tofu' lanari, baliabideei eta laguntzari dagokienez?
Animazioko prozesuek ikerketa, proba eta errore asko eskatzen dute, eta batzuetan ez dira produkzioetan barneratzen, kostu gehigarria dutelako. Dagoeneko funtzionatzen duten tresna ezagunak erabiltzeko joera dago. Ibermedia Next ekimenak baliabideak eta denbora eman dizkigu teknologia berriak probatzeko, teknika berritzaileak aztertzeko eta nazioarteko taldeekin lan egiteko, gure etorkizuneko proiektuetan emaitza bereizgarriak lortzeko helburuarekin. Aholkularitza pertsonalizatu eta indibidual asko ere izan ditugu (gidoi, lege eta ekoizpen gaiekin lotuta), eta oso baliagarriak izan zaizkigu proiekturako.
Ekuador izan da proiektua elkarrekin garatzeko aukeratutako Latinoamerikako herrialdea. Zer lortzea espero duzue nazioarteko lankidetza honekin?
Galdera honek ilusio berezia egiten dit. Matte enpresarekin ari gara ‘Titan Tofu’ lana garatzen, kapitulu pilotua hain zuzen, eta ez dut esker oneko hitz nahikorik egiten ari diren lan handia definitzeko. Oso talde polita sortzen ari gara. Elkar aberasten dugu, eta dena modurik onenean doa. Beraz, espero dut lankidetza hau iraunkorra izatea eta etorkizunean telesaila elkarrekin egin ahal izatea.
Zein etapatan dago gaur egun lana?
Kapitulu pilotuaren ekoizpen betean gaude. Urte honen amaieran bukatuko dugu eta Annecy 2025 Jaialdian aurkeztu ahal izango diogu publikoari, Ibermedia Next ekimenari esker. Bestalde, finantzaketa bilatzen ari gara, eta hainbat banatzailerekin eta telebistarekin hitz egiten ari gara lehen 26 atalak ekoizteko.
Zein aurreikuspen dituzue?
Irailean Cartoon Forumeko aurkezpena izan genuen. Telesaila finantzatu eta lehen denboraldi bat ateratzea lortzen badugu, zoragarria izango da. Bitartean, nahiago dut egunerokoa bizi eta egiten ari garen bide bereziaz gozatzen joan. Animazio-proiektuek denbora asko daramate eta hobe da etorkizunean ez pentsatzea, hau iraupen-lasterketa bat baita.