2024-11-15
“Proiektu bat aurrera eramateko orduan, neure buruari galdetzen diot zer mezu helarazi nahi didan filmak niri”
Alex Reynolds zuzendariaren eta Apellaniz eta De Sosa, Señor y Señora eta Banquete Films ekoiztetxeen azken film laburra, ‘Horizontal’, ZINEBIko Sail Ofizialean dago aurten. Zuzendariarekin hitz egin dugu proiektuaren sorreraz, sorkuntza-prozesuaz, eta Espainiako metraje laburreko zinemaldi entzutetsuenetako batean parte hartzeak proiektuari dakarkionaz.
Nola aurkeztuko zenuke ‘Horizontal’?
Spoiler gehiegi egin gabe, esango nuke pertsona helduen eta haurren arteko harremana erretratatzeko genero-elementuak erabiltzen dituen filma dela, non harreman horren ohiko bertikaltasuna kolokan jartzen den.
Zein da zabaldu nahi duzun mezua?
Proiektu bakoitzak misterio bat du niretzat, eta misterio horrek jartzen nau martxan; uste dut nire buruari galdetzen diodala filmak niri zer mezu helarazi nahi didan. Batzuetan, urte batzuk igaro arte ez dut ulertzen nik neuk egindako film bat, eta, gainera, haren esanahia aldatuz doa niretzat; bizitza propioa balu bezala.
Lana idazterako orduan buruan neuzkan ideiei buruz hitz egin dezaket. Alde batetik, gure gurasoak nola zahartzen diren pentsatzen nuen, eta zainketen harremana nola aldatzen den aztertzen nuen. Umeen jakinduria misteriotsuan ere pentsatzen nuen: beste edozein bezalako pertsonak dira, baina beren denbora edo mundua bera nola kudeatzen den erabakitzeko ahalmenik ez dute. Mundua ez da beren neurrira eraikitzen; zuzenean eragiten dieten erabakiak hartzen dira.
Nolakoa izan da film laburra egiteko prozesua?
Sutsua eta zaila, baina oso aberasgarria! Bideoartearen mundutik zetorren aurrekontu batekin lan egin genuen, hau da, fikzioa egiteko txikiegia… Beraz, oso baliabide gutxirekin landu genuen film laburra.
Horrez gain, errodajearen aurretik eta bitartean denetarik gertatu zitzaigun. Billiek –protagonistak– zaintiratua egin zuen filmatu baino egun batzuk lehenago, eta presaka dena birprogramatu behar izan genuen. Halaber, Alicia Reginatok, ordura arte proiektuan lan egin zuen ekoizleak, ezin izan zuen parte hartu, eta niretzat ezezaguna zen talde batekin lan egin behar izan nuen. Horrek, hasieran, dezente beldurtzen ninduen, baina luxu bat izan zen haiekin lan egitea. Flor de Múgicak, Artur Pol Camprubík, Luca Rullok eta Alejandra Frecherok lan pazientea eta ederra egin zuten, dena eman zuten eta beraiei esker filma bukatu ahal izan genuen. Gerora, topaketa zoriontsu berriak izan ditugu, hala nola Leire Apellaniz eta Claudia Salcedo ekoizleekin. Filma muntatze fasean zegoenean batu ziren proiektura.
Zer esanahi du zuretzat ZINEBIn parte hartzeak?
Ni Arte Ederretatik nator, eta aurretik hainbat jaialditan parte hartu izan dut, baina beti sail esperimentaletan. Niretzat Zinebin parte hartzeak zinema narratiboenaren munduan estreinatzea dakar, nolabait esatearren, eta ilusio handia egiten dit.
Zer espero duzu bertan parte hartzeaz?
Espero dut filma beste ikuspegi batetik ikusi ahal izatea, publikoarekin edo beste zinemagile batzuekin izandako elkarrizketen bidez. Gainontzeko film laburrak ikusteko eta zuzendariak ezagutzeko gogoa ere badut.
Gijonen ere egongo zarete. Film laburrak zein ibilbide egitea espero duzue?
Oso pozik gaude Zinebik eta FICXek estreinaldia partekatu nahi izan dutelako. Ondoren, film laburrak Estatuko beste jaialdi batzuetan zehar ibilbidea izatea espero dugu, baita nazioarteko estreinaldi bat aurkitzea ere. Publikoaren aurrean proiektatuko dugun lehen aldia izango da.
Zer beste proiektu dituzu esku artean?
Theo Liveseyrekin batera film luze baterako ideiak zirriborratzen hasi naiz. Bien bitartean, finantzazio bila nabil ‘Segunda persona, tercera persona’ filmaren bigarren zatia filmatzeko. Frantziako asilo-prozesuetako burokraziaren eta narratibaren arteko gurutzaketari buruzko filma da. Bestalde, azken urte honetan AEBetako Estatu Departamentuak Palestinako genozidioaren inguruan egindako prentsaurrekoetan kazetariek egindako galderetan fokua jartzen duen proiektu batean ere lanean ari naiz.