2025-01-30
“Guretzat oso garrantzitsua zen gure hurbileko historiaren zati honetaz hitz egitea, ahanzturan eror ez dadin eta berriro gerta ez dadin”
Arantxa Echevarriaren azken filma, ‘La infiltrada’, faboritoen artean dago datorren otsailaren 8an gauzatuko den Goya Sarien banaketa ekitaldirako. Hamahiru izendapen jaso ditu, eta horien artean daude hautagaitza garrantzitsuenak. Zinemagile bilbotarrarekin hitz egin dugu filmak gizartean izan duen oihartzunari buruz.
Nola jaso zenuen ‘La infiltrada’ zuzentzeko proposamena?
Ekoizleek deitu zidaten istorioa kontatuz, eta liluragarria iruditu zitzaidan: 22 urteko neska bat, Poliziatik atera berria eta zortzi urtez ETAn infiltratuta egon zena. Titularrak bakarrik oilo-ipurdia jartzen dizu, eta istorioa azaldu zidatenean, kontatu egin behar nuela pentsatu nuen. Garai hori guztia bizi ondoren, eta gainera operatiboa kudeatu zuten poliziak eta Arantxa komandoan infiltratu zuen komisarioa bera eskura izanda, ametsa zen edozein zuzendarirentzat. Gure hurbileko historiaren kasu hau, hain ahaztuta daukagun historia hau, kontatu ahal izatea, aukera paregabea zen.
Engainua, konfiantza eta egiaren aldeko borroka jorratzen ditu. Nola lortu zenuen estereotipoetan erori gabe gai horiek jorratzeko tonu egokia aurkitzea?
Pelikularen tonua aurkitzea zaila izan zen; errespetu eta lotsa handia genuen. Euskalduna izanda, prozesu hau guztia bizi izan dut eta badakit gauzak ez direla ez zuri ez beltzak; grisen gama oso bat dago tartean. Onak ez dira hain onak, eta txarrak ez dira hain txarrak. Gatazka baten barruan oso egoera zailean dauden gizakiak dira. Bada puntu bat non nik ekitate guztia galtzen dudan: Irene Villaren atentatua telebistatik zuzenean ikusi nuenean. Amari deika dagoen neskato baten irudi horiek ikustea… Ez duzu ezer ulertzen. Minaren sozializazioa, berunezko urteak, zibilak hiltzen hasten direnean, esaten duzu: “Zergatik erokeria hau guztia?” Zaila da ekidistantzia mantentzea nerabezaroko oroitzapenetara eta unerik gogorrenetara eramaten nauen horrekin guztiarekin.
Duela gutxi pasa zen zerbait da…
Noski, ez da ia denborarik igaro, baina bitxia da ikustea nola nerabeek, 18 urtekoek, ez dakiten zer gertatzen zen Euskal Herrian. Bai niretzat eta baita ekoizleentzat ere, garrantzitsua zen honetaz guztiaz hitz egitea, hura gogoratzeko eta berriro ez gertatzeko. Pelikula hau ikusi ondoren, espero dut jendea etxera iritsi eta ‘Patria’ ikustea, ‘Maixabel’ ikustea, eta hurbileko historiari buruzko informazioa bilatzea, espainiarrok gertatu den guztia ezabatzeko mania baitugu.
Hasieran komentatzen zenuen poliziekin elkartzeko aukera izan duzuela, baita Arantxa erakundean infiltratu zuen pertsonarekin ere… Dokumentazio lana oso garrantzitsua izango zen, ezta?
Bai, lan handia izan da, baina aldi berean oso interesgarria. Pablo Muñoz kazetaria bi urtez aritu zen informazioa biltzen, operatiboaren inguruko pertsonekin hitz egiten, zein informazio errepikatzen zen eta zein ez ikusten, komisarioarekin ere hitz egiten, eta elkarrizketa guztien analisi-txosten moduko bat eman zigun. Amelia Morarentzat eta niretzat oso baliotsua izan zen gidoi indartsua idazteko. Poliziekin hitz egiteko aukera ere izan genuen, egunerokotasuneko xehetasunen inguruko informazioa biltzeko; noiz esnatzen ziren, nola joaten ziren pisu frankora, entzuketen makinak nolakoak ziren… Adibidez, konturatu ginen mikrofonoetako makinak erraldoiak zirela eta bateriak 15 egunean behin aldatu behar zirela, eta horrek maiztasun horrekin pisura sartzera behartzen zuela. Ameliarentzat eta niretzat, poliziaren mundua oso ezezaguna zen, eta haiengana hurbiltzeak lagundu digu ulertzen zergatik jartzen den norbait tesitura horretan.
Ezaguna da istorioaren protagonista Espainiatik kanpo joan zela eta denetik aldendu zela. Berarekin harremanetan egoteko aukerarik izan duzue?
Proiektua jaso genuenean, noski, berarekin hitz egiten saiatu ginen. Gainera, normala denez, Carolina Yustek ere interes handia zuen hura ezagutzeko. Berarengana jo genuen, baina ez zuen idazketan parte hartu. Gidoia bidali genion eta badakigu jaso zuela, baina ez genuen erantzunik izan. Oso pertsona burutsua izan da; ez du inoiz komunikabideetan agertu nahi izan, eta ez dakigu filma ikustera iritsi den ere.
Oztoporik aurkitu duzue bidean?
Egia esan, uste genituenak baino askoz gutxiago aurkitu ditugu, ia batere ez. Uste dut dagoeneko itxita dagoen gaia delako, gainditu ahal izan dugulako, izan zaigula erraza. Egia da oraindik orbain bat dagoela, zauri ireki bat, baina uste dut euskal gizartea, azkenean, gure bizkarrean genuen berun sentsazio hori askatzen hasi dela. Donostiako Herriko Tabernara joatera ere ausartu ginen, han filmatzerik ba ote genuen jakiteko. Ezetz esan ziguten, noski, baina duela urte batzuk ez zitzaigun galdetzea bururatu ere egingo. Oro har, nahiko erraza izan da, eta aktoreren batek esan du: "Ba, begira, ez dut istorioarekin bat egiten, ez dut casting-a egingo". Hori oso zilegi eta zuhurra iruditzen zait beren aldetik. Dena oso globalizatuta dago, oso ahaztuta, eta ETA jada, Jainkoari esker, ez da existitzen.
Inoiz aipatu duzu beti argi izan duzula protagonistaren papera Carolina Yusterentzat zela. Zer nabarmenduko zenuke haren lanetik?
Bai, ekoizleen deia jaso nuenean, eskegi eta zuzenean Caroli deitu eta esan nion: “Hau proposatu didate, nirekin egingo duzu?” Gidoia bidaltzeko esan zidan, eta proposamena egin berri zidatela eta oraindik idatzita ez zegoela esan nionean, honelako zerbait erantzun zidan: “Tira, tira. Izugarrizko kolpea hartu behar badugu, egin dezagun elkarrekin”. Niretzat oso garrantzitsua zen bera ondoan edukitzea. Banekien asko kuestionatuko ninduela, ezpataren eta hormaren artean jarriko ninduela. Hala, banekien superheroia ez den pertsona irudikatzen lagunduko zidala, hau da, hezur-haragizko gizaki bat aurkeztuko genuela, bere barne-gatazkak, beldurrak eta larritasunak dituena. Berak baietz esan zidanean lasai hartu nuen arnasa; banekien elkarrekin ondo lan egin ahal izango genuela.
Pertsonaiaren profil psikologikoa oso konplexua da, eta Carolinak egiten duen interpretazioa bikaina.
Ikaragarria da. Gainera, beti harritzen nauen gauza bat hartu behar da kontuan, oso garrantzitsua baita: raccord emozionala. Filmaren hasieran protagonista egoera emozional batean aurkitzen da eta bukaeran erabat lur jota dago, baina guk ez dugu kronologikoki filmatu. Adibidez, ETAkoen etxean sartu ginen, eta leku horri buruzko guztia grabatu genuen. Beraz, goizean, adibidez, Keparekin oso adeitsua izan zitekeen, eta, arratsaldean, Sergio Polo sartu eta hark muturreraino eramaten zuen. Raccord emozional hori mantentzea, tentsio hori, filma ikustea eta jauzirik ez egotea, ikaragarria da. Niretzat Carolinak egin duena Goya jasotzeko modukoa da. Gainera, nabarmendu behar da protagonistak deformazio fisiko bat ere jasaten duela, desgastea. Berak goizean itxura batekin agertu behar zuen, eta arratsaldean beste batekin.
Gainerako castingari dagokionez, zaila izan zen definitzea?
Keparen papera egiten duen Iñigo Gastesiren kasuan, casting bat egin genuen. Euskal aktoreen bila ibili nintzen denbora batez eta ederra izan zen bera topatzea, oso tipo bikaina delako, oso inteligentea, eskuzabala eta inplikatua. Bestalde, ‘As bestas’ filma ikusi ondoren beti buruan izan nuen aukeretako bat zen Diego Anido; niretzat garondoan tiro egiten zuen ETA militar horren irudia zen.
Luis Tosar opari bat izan zen. Duela sei urte arte ez nuen filmik egin; nolabait, nahiko berria naiz honetan. Eta Tosarrek baietz esan zuela jakitea oso pozgarria izan zen. Oso pertsona eskuzabala da, oso interesgarria, umore-sen izugarria du eta oso lagun ona da. Aktore handia da, hori ez dago esan beharrik, baina lankide ona ere bada, eta Carolinarekin egiten dituen sekuentzietan ematen dion laguntza asko nabaritzen da. Distira egiten laguntzen dio, bere burua lehenetsi beharrean.
‘La infiltrada’ izan da, ‘El 47’ filmarekin batera, Goya sarietarako izendapen gehien jaso dituen filma. Nola jaso zenituen izendapen horiek?
Oihuka eta ilusio handiz. Azkenean ezin da jakin zer gertatuko den. Akademia horrelakoa da; ez da mugimendu global bat, bakoitzak bere boto indibiduala du eta ezinezkoa da aurreikuspen bat egitea. Hainbeste izendapen jasotzeak poz ikaragarria eman zidan. Gainera, izendapen garrantzitsuenak ditugu, Gidoi Onenari, Film Onenari, Zuzendari Onenari eta aktore onenei zuzendutakoak. Teknikariek ere izendapen asko jaso dituzte, eta horrek ilusio handia egiten dit. Nire beste filmek egile-ikuspegi handiagoa zuten, baina oraingoan soinuan, musikan edota makillajean ere aukeratu gaituzte. Filmak taldean egiten dira eta denen lana aitortzea oso polita da.
Talde barruan egin duzue porraren bat?
Nik neurea daukat, eta lankide batzuek ere badute berea, oso baikorra, sinesten ez dudana, baina Carolek saria eramango duela uste dut eta ziur nago musikak, argazkiak, soinuak… ere aukera garbiak izan daitezkeela.
Zer balorazio egiten duzu filmak publiko eta kritikaren aldetik izan duen harreraz?
Ekoizleek askotan esaten dute thrillerrek ez dutela zineman funtzionatzen, eta, bat-batean, honek lortu egin du. Idazketa garaian, Ameliak eta biok filma irudikatzen genuenean, funtziona zezakeela pentsatzen genuen. Inoiz ez dakizu, aldagai asko baitaude: estreinaldiaren data, egun horretan egiten duen eguraldia, ahoz aho ibiltzea... Eguraldi ona dagoen egun batean estreinatzen baduzu, adibidez, eta jendea zinemara joaten ez bada, zure filma desagertu egiten da. Hainbeste aldagai daude, hain absurduak batzuetan...
Gainera, 2024an Espainian zinemetan gehien ikusi den Estatuko bigarren filma da, eta Euskadin lehena. Espero zenuen hemen harrera onena izatea?
Oso pozik nago. Datu hori izugarri atsegin dut, gainera, jendearen erreakzioa oso positiboa izan delako hemen. Asko gustatzen zait gure iragana ikusteko eta aztertzeko gai izatea. Eta horri buruzko eztabaida sortzea ere oso onuragarria dela uste dut. Euskal gizartea zein heldua den ere erakusten du. Oso nekatuta gaude Espainiako Estatuaren aldetik sentitzen genuen amore emate begiradarekin, eta honek erakusten du oso helduak garela eta ez zaigula axola gure historiaren alde txarraz hitz egitea.
Espainiako zinemaren historiako emakume zuzendari arrakastatsuena bihurtu zara, zinemetara erakarritako pertsonen zifrak kontuan hartuta…
Azkar esaten da, eta oso pozik nago erreferenteak sortzen laguntzeagatik. Ni hasi nintzenean oso emakume gutxi zeuden kontatuta: Iciar Bollaín, Isabel Coixet… Eta, bat-batean, orain erreferente asko daude zinema ikasten ari diren neskentzat; ez bakarrik zuzendaritzan, baita beste arlo tekniko batzuetan ere. Thriller batekin Espainiako urteko bigarren film arrakastatsuena izatea lortu duen emakume bat egotea oso positiboa da. Funtzionatzeak, ekoizleak gure alde apustu egiten hasteak, kristalezko sabaiak hausten laguntzen digu.
Aipagarria da, gainera, euskal emakume zuzendarien egungo maila: zu zeu, Alauda, Estibaliz…
Zalantzarik gabe, Estik Berlinen lortu zuena harrigarria izan zen. Eta Alaudak ‘Cinco Lobitos’ filmarekin eta ‘Querer’ telesailarekin lortu duena izugarria da. Niretzat, urte honetako telesail onena da, hamarkadakoa ez esatearren. Konturatzen bazara, ‘Cinco lobitos’ lanak denoi interesatzen zaizkigun gauzez hitz egiten digu, baina, azkenean, emakume baten ikuspuntutik. Amatasunari buruz hitz egiten du emakumeen ikuspuntutik. Beti erakutsi digute nola bizi behar dugun amatasuna, sexualitatea, baita gure seme-alabak nola hazi behar ditugun ere, eta beti gizonen ikuspuntutik. Alaudak gure errealitatea erakusten du eta, gainera, jaialdietan funtzionatzen ari da eta kritikariak ere bereganatu ditu. Euskal zinema inoiz baino biziago dagoela uste dut; ahots berriak sortzen ari dira eta datorrenarekin flipatuko dugula uste dut.
Azkenik, aurreratu ahal diezagukezu gaur egun zer proiektu dituzun esku artean?
Martxoan pelikula bat filmatzen hasiko naiz Donostian, komedia beltz bat Hugo Silva, Susi Sánchez eta Belen Rueda aktoreekin.