2025-03-12
“Gustatuko litzaiguke lanak jendearekin konektatzea eta eztabaida sortzea; gure gizartean hain ezkutuan dagoen gaia mahai gainean jartzea”

‘Lo que no se ve’ lanaren mundu estreinaldia Malagako Zinemaldiko Film Laburren Sail Ofizialean izango da. Maria Algora eta Mikel Bustamante zuzendarien lana Bedmar Films, Katz Estudio, Larrua Creaciones eta Gosua Films enpresek ekoitzi dute eta suizidioaren inguruan dagoen tabua erakusten digu. Zuzendariekin hitz egin dugu, estreinaldiari begira dituzten itxaropen eta sentimenduei buruz.
Nola aurkeztuko zenigukete ‘Lo que no se ve’?
Maria Algora (M.A. ): Ñabardura fantastikoa duen kutsu sozialeko film laburra da; umore eta errealismo magiko ukituak dituen drama. Istorioak suizidioaren inguruan dagoen tabuaz hitz egiten du: Anek, Carmenen alabak, bere 30. urtebetetzean deskubritzen du bere aita ez zela hil txikitan kontatu zioten bezala. Errebelazio horrek Aneren bizitza aldatzen du.
Mikel Bustamante (M.B.): Familiako sekretuez eta familiako kide baten suizidioaren inguruan sortzen den tabuaz hitz egiten duen istorioa da. Lotsa, beldurra edo errua mahai gainean jartzen dira, ixtea asko kostatzen den zauria sendatzen saiatzeko.
Nola erabaki zenuten film labur hau egitea?
M.A.: Mikelekin izandako elkarrizketa batean, 16 urterekin senide batek bere buruaz beste egin zuela nola jakin nuen azaldu nion. Nire bizitza osoan etxeko istripu baten ondorioz hil zela uste izan nuen, eta, modurik bitxienean, familiako bazkari batean, nire izeba bati egia itzuri zitzaion. Shock bat izan zen niretzat, eta ordutik aurrera aitarekin asko hitz egiten hasi nintzen, familiako tabua ulertzeko eta askatzeko.
M.B.: Oso eszena interesgarria iruditu zitzaigun hasierako ideia gisa, sakontzen eta pertsonaiak ulertzen hasteko, eta, azkenean, ama-alaben arteko adiskidetze-bidaia ekarri zuen.
Lanaren mundu estreinaldia Malagako Jaialdian izango da. Zer suposatzen du zuentzat halako jaialdi entzutetsu batean izateak?
M.A.: Duela bi urte, proiektua altxatzen hasi ginenean eta, aldi berean, Mikel Malagan ‘Cinco Lobitos’ estreinatzen ari zenean, esan balidate ‘Lo que no se ve’ lanarekin itzuliko ginela jaialdira, ia ezinezko ametsa irudituko litzaidake. Albistea eman zigutenean sekulako poza sentitu genuen. Talde osoak istorio hau kontatzeko jarri dugun esfortzuaren eta maitasunaren aitortza gisa sentitzen dut.
M.B.: Ohore eta pribilegio bat da. Lan eta ahalegin handia egin behar izan dugu film laburra gauzatzeko, eta Malagan estreinatu ahal izatea amestutako saria da. Pertsonalki ere, 2022ko oroitzapen ederrak ditut, ‘Cinco Lobitos’ estreinatu eta harrera ikusgarria izan zuenekoak. Beraz, niretzat ametsa da Malagara itzultzea eta, gainera, ekoizpen propioa eta hain istorio pertsonala estreinatuz.
Zer espero duzue bertan parte hartzeaz?
M.A.: Gogo handia daukat istorioa publikoarekin partekatzeko eta ikusteko zer sentitzen duen Anek eta Carmenek egiten duten bidaiarekin. Ikusi nahi dut ea istorioarekin konektatzen duten eta etxera hausnarketaren bat eramaten duten. Estreinaldiaren egunean, taldekide batzuk izango ditugu gurekin: Andrea Martínez, argazki-zuzendaria; Rakel Muniain, produkzio-zuzendaria; Juantxu Álvarez, ekoizlea; eta Manuel Minaya, jatorrizko abestia konposatu duen eta aitaren papera egiten duen aktorea. Gainera, ilusio handia egiten dit gurasoak nirekin izateak, pozik baitaude proiektuarekin. Beraientzat gertukoa den istorio bat azaltzen du. Gertatzen dena gertatzen dela, badakit gau berezia izango dela.
M.B.: Jaialdiaz gozatzea, jende asko ezagutzea, beste pelikula batzuk ikustea, eta baita gure istorioa publikoari gerturatzea eta beren barruko sentimenduak mugiaraztea ere.
Munduko estreinaldia dela kontuan hartuta, ba al dago urduritasunik publikoaren eta kritikaren harrera ikusteko?
M.A.: Alde batetik, ikusleen eta prentsaren erreakzioak ikusteko urduritasuna eta ikusmina nahasten dira. Baina bestetik, pentsatzen dudanean, sentitzen dut lana eginda dagoela eta harro gaudela filmaz eta azken emaitzara iritsi arte izan dugun sormen prozesuaz. Benetan bidaia zoragarria izan da. Nire kasuan, konfiantza ariketa bat egin behar dut eta exijentzia alde batera utzi. Espero dut istorioa iritsi behar zaion publikoari iritsiko zaiola.
M.B.: Urduritasun ona da. Bai Mariarentzat eta bai niretzat oso garrantzitsua zen istorio bat kontatu dugula uste dut; bioi eragiten digu gaiak gertutik eta badakigu jende askorentzat gertukoa dela. Nire kasuan, gaia beldurrik gabe lantzen saiatu izanak, asmo handiagorik gabe, kritikaren presioa arintzen dit.
Malagako jaialdia bukatu ondoren, zer ibilbide egiteko asmoa duzue film laburrarekin?
M.A.: Malagaren ondoren, film laburra ahalik eta toki gehienetara eramaten saiatuko gara Estatuan. Asko gustatuko litzaidake bidaiatzea eta solasaldiak egitea. Uste dut gaiak asko hitz egiteko ematen duela. Ea laster Euskadin aurkezteko aukera dugun, gogo handia baitaukagu. Nazioartean ere, gure banatzailearekin Espainiatik kanpo estreinaldi indartsu bat bilatzen ari gara. Atzamarrak gurutzatu ditugu, ea laster berri onak iristen zaizkigun.
M.B.: Film laburra ahalik eta gehien ikustea nahi dugu. Estatuko eta nazioarteko jaialdi ugaritara joan nahiko nuke, eta edozein motatako pantailetan proiektatzea ere gustatuko litzaiguke, gure gizartean hain ezkutatuta dagoen gai hau mahai gainean jar dadin.
Zuen ustez, Malagan parte hartzeak beste jaialdi batzuetara gerturatzen lagundu dezake?
M.A.: Uste dut beste jaialdi batzuetatik maitasunez begiratzen zaiela Malagan aukeratutako piezei. Beraz, espero dugu jaialditik igarotzeak lagunduko digula beste topaketa batzuetara iristen.
M.B.: Espero dut baietz, Malagako jaialdia lehen mailako erakusleihoa da, eta espero dugu horrek bultzada ederra emango diola ‘Lo que no se ve’ lanari.
Etorkizunari begira, zer beste lan dituzue esku artean?
M.A.: Gure Bedmar Films ekoiztetxearekin hazten jarraitzea gustatuko litzaiguke, eta gure alderik sortzaileenarekin konektatuko gaituzten istorioak idaztea. Hainbat proiektu ditugu buruan, baina oraindik lehen fasean daude. Saiatzen gara gure aktore karrera gure ekoizpen propioekin uztartzen.
M.B.: Badira urte batzuk film luze bat egin nahian gabiltzala, eta ideia batzuk garatzen ari gara. Susmoa dut hori izango dela gure hurrengo urratsa, eta hala izatea nahiko nuke.