2025-03-18
“Film laburrean gizarte honen kritika soziala egiten dut: aurrera joan arren, adineko pertsonak atzean uzten baititu, ikusezin bihurtu arte”

Elixabet Núñez zinemagile arabarrak ‘A-Maniki’ bere lehen film laburrarekin gaurkotasun osoa duen arazo bat jorratzen du: gizartearen zahartzea eta digitalizazioa. Núñezek bere opera prima Malagako Zinemaldian estreinatzeari buruz hitz egin digu, eta lanaren inguruan dituen itxaropenak azaldu dizkigu.
Nola aurkeztuko zeniguke ‘A-Maniki’? Zer azaltzen digu?
Isolamenduaz eta adinkeriaz dihardu; aurrera joan arren, adineko pertsonak ikusezin bihurtu arte atzean uzten dituen gizarteaz. Gero eta konektatuago gaude errealitatetik urruntzen eta deskonektatzen gaituzten pantailetara. Emakume protagonistaren zailtasunak ikusten ditugu; bere adineko norbaitek teknologiarekin eta pantaila horiekin izan ditzakeen zailtasun normalak, hain zuzen. Hori aprobetxatuz, metafora bisualez betetako istorioa kontatu dugu. Protagonistaren larritasunean murgildu gara, kostunbrismotik beldurrera pasatuz eta kutsu surrealistak gehituz.
Nola sortu zen lan hau egiteko ideia?
Erakusleiho baten barruan dagoen pertsona bati buruz idatzi nahi nuen; besteengandik bereizten duen kristal baten atzean dago. Horrela, harrapatzen gaituzten pantailekin konparazio bat egin nahi nuen. Albiste bat aurkitu nuen, non adineko andre bat ageri zen erakusleiho baten barruan. Denda itxi zuten bera barruan zela; inork ez zuen ikusi.
Zein da film laburraren mezu nagusia?
Uste dut mezua burua altxatzeari buruzkoa dela; erabat desagertu baino lehen inguratzen gaituenarekin gehiago konektatzeari buruzkoa, hain zuzen ere. Gizarte gisa autokritika bat da: erritmo azkar batean harrapatuta bizi gara, eta jarraitu ezin baduzu, ez zara existitzen.
Zer suposatu zuen zuentzat Malagako Zinemaldiko Film Laburren Sail Ofizialean parte hartzeko aukeratuak izateak?
Sekulako poza eta aukera. Nire lehen film laburra da, eta Malagakoa bezalako jaialdi baten babesa jasotzeak indarra ematen digu istorioak kontatzen jarraitzeko.
Zein helbururekin joan zineten?
‘A-maniki’ erakustea eta jende askorengana iristea. Ikusleak pentsaraztea ere bai.
Zer ibilbide egin du orain arte film laburrak?
Oraingoz, lana aurrera eramatea ahalbidetu duten hainbat laguntza publiko jaso ditugu. Laguntza horiek gidoia sortzen geunden momentutik izan genituen. Orain, Malagan estreinatu dugu eta jaialdi askotan egon ahal izatea gustatuko litzaiguke.
Zer harrera izan du kritikaren eta publikoaren aldetik?
Malagan estreinatu dugunez, aurretik ez du jende askok ikusi. Espero dut gustukoa izatea, istorioa kontatzeko moduan arriskatu dugula uste baitut. Onerako edo txarrerako, zerbait ezberdina egin dugu.
Etorkizunera begira, aurreratu al diguzu zerbait esku artean dituzun lanei buruz?
Proiektu berri bat daukat, kritika sozialean oinarritua, eta gaurkotasun handiko gaia jorratzen du. Aurten aurrera atera ahal izatea espero dut.