2025-02-05
“Ismael interpretatzea erronka emozional handia izan da; gizon honek bere gain hartu ez duen erantzukizun moral guztia haragitan sufritu dut”

2022an ‘Maixabel’ filmean egindako lanagatik Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onenaren Goya Saria irabazi ostean, Urko Olazabal berriz ere izendatuen artean dago, oraingoan ‘Soy Nevenka’ lanagatik. Sexu-jazarpenagatik zigortutako Ponferradako alkate ohia zen Ismael Álvarezen paperean egiten duen interpretazio bikain eta zirraragarriak Gizonezko Aktore Protagonista Onenaren Goya sarirako izendapena ekarri dio.
Aktore bilbotarrarekin hitz egin dugu bere hautagaitzaz, hain pertsonaia konplexuari bizia emateko erronkaz eta film honekin ikasi duen guztiaz.
- Lehenik eta behin, zorionak izendapen honengatik. Nola hartu zenuen? Espero zenuen?
Egia esan, prentsa espezializatua bat datorrenean zure lanari kritika positiboak egiten eta faboritoen artean kokatzen zaituztenean, batek ilusioak egiten ditu. Emaztearekin nengoen zuzeneko bozketen irakurketa jarraitzen, baina nire izena entzun arte ez nekien zer gerta zitekeen. Ondoren,100 aldiz egiaztatu behar izan nuen ondo entzun nuela, barre eta malko artean.
- Pozgarria da Akademiako kideek zure lana balioan jartzen dutela ikustea, ezta?
Urte osoan zehar ekoizten den guztia kontuan hartuta, izendapen bat jasotzea oso esklusiboa da, eta horrekin amets egiten dugu aktore guztiok. Industriaren aintzatespen hori sentitzea autoerrealizazio-esperientzia oso atsegina da.
- Zure bigarren izendapena da. Nola bizi duzu?
Zalantzarik gabe, aurrekoan baino askoz lasaiago nago, etxean Goya bat izateak lagundu egiten baitu. Izan ere, 2022an sarien denboraldiak ezustean harrapatu gintuen guztioi etxean, eta ikastaro azkarra egin behar izan genuen alfonbra gorrian, photocall-ean eta hainbat lekutan parte hartzeko. Gaur egun badakigu esparru horietan mugitzen, eta lasaitasunetik bizi dugu. Adibidez, oraingoan, egun batzuk lehenago joango gara Granadara, hiriaz gozatzera.
- Gainera, bigarren izendapena da Iciar Bollainen eskutik; bien artean sintonia ona dagoela dirudi.
Zalantzarik gabe. Bi pelikula egin ditugu elkarrekin, artistikoki zein afektiboki batu gaituztenak, elkarren arteko adiskidetasuna eta miresmena sortuz. Konfiantza horrek sormenerako elkarrizketa zuzen-zuzena ahalbidetzen du, eta, beti Iciarrek gidatuta, nire baitan ohikoak ez diren adierazpen-moduak esperimentatzen ditut, baita emaitza eraginkorrak lortu ere.
- Nola heldu zenion Ismaelen paper konplexuari?
Ismaelen esfera publikoa ezagutzen dugu. Bere elkarrizketek, bideoek... bere irudi adierazkorrera hurbildu ninduten. Energia ikusgarri hori pertsonaiari aplikatzea erabaki genuen, baina ez genuen kopiarik egin nahi izan, eta ezaugarri ezagunagoak, unibertsalagoak, sartzea pentsatu genuen. Bere eremu pribatua abusu, jazarpen eta tratu txarrei buruzko psikologia eskuliburuak aztertuz osatu nuen. Biktimarekiko enpatia oro ezabatu behar nuela ulertu nuen. Ikasketa horrek eraman ninduen profil psikologiko horren portaera komunak esperimentatzera. Zorionez, gidoian oso ondo erretratatuta zeuden. Horrekin guztiarekin, berehala ulertu nuen erronka emozional handia izango zela niretzat, eta gizon horrek bere gain hartu ez duen erantzukizun moral guztia haragitan sufrituko nuela. Baina aktore batek ez du bere pertsonaia epaitu behar, eta etxera ez eramaten saiatu nintzen. Asteak pasa ahala ezinezkoa zitzaidan dena kanpoan uztea filmaketa amaitu arte. Orduan konturatzen zara zure gorputza eta burua pertsonaiari mailegatu dizkiozula, zure baitan bizi izan dela. Oso gogorra izan bada ere, hipoteka fisiko-emozional honek oso ordainsari artistiko atsegina ekarri dit.
- Nahiz eta pertsonaia jakin batez ari garen, egia esan, pertsona askorengan islatuta ikus ditzakegun egoerak eta ekintzak erretratatzen ditu.
Hori zen gure asmoa. Pertsona asko bi pertsonaietan islatuta ikusteak jazarpenarekiko sentsibilizazio-estrategia bati erantzuten dio. Denok ezagutzen dugu jazarpen hitza, baina ez barruan gertatzen dena. Jazarpena jasaten duen emakume batek bizi duena kronologikoki eta lehen pertsonan bizi dugu filmean. Eta nor da jazarle hori? Gutxien espero duzun pertsona izan daiteke. Pertsonaia horren zenbait portaera izateak ez zaitu zuzenean erasotzaile bihurtzen, patologia psikopatiko bat izango litzateke gehien bat. Baina oinordetzan hartutako jokabide matxistak dira, eta koloreak ateratzen dizkigu gizon gehienoi. Horregatik, pertsonaia horren helburua ez da film bat kontatzea soilik, baizik eta norbere burua aztertzeko lan pedagogikoa egitea, gure gizarteak berezkoa duen indarkeria matxistari amaiera emateko.
- ´Soy Nevenka´ filmean interpretatzea egokitu zaizun paperari dagokionez, garrantzitsua da, halaber, Mireia Oriol aktorearekin hurbiltasun- eta konfiantza-giroa sortzea, ezta?
Filma ikusten duenak oso gaitzespen desatsegina sentitzen du Ismaelek Nevenkarekin egiten duenarekiko. Hau gidoia irakurri nuenetik banekien nik. Horregatik, filmaketa baino hilabete batzuk lehenago Mireiari deitzea erabaki nuen, nire bizimodua eta familia ezagutu zitzan eta nire asmoak artistikoak eta profesionalak zirela ziurtatzeko. Horrela, segurtasunezko lan-giroa bultzatu genuen, eta lotura afektibo hori lagungarria izan zitzaigun unerik zailenetan. Hurbiltasun horrek adiskidetasuna sortu zuen, eta gaur egun ere zaintzen eta mantentzen dugu.
- Horrelako pertsonaia bat interpretatzeak pertsonalki lagundu al dizu? Paper bakoitzak arrasto txiki bat, ikasketa bat, utzi dezake aktoreengan, ezta?
Hala da. Pertsonaia honek ulertarazi dit nola pentsatzen duen jazarle batek: zerk bultzatzen duen z egiten duena egitera eta nola pentsatzen duen pertsona manipulatzaile batek. Biktima nola sentitzen den ulertzeko ere lagungarria izan zait eta enpatiatik eraman nau salaketak sozialkiegitera; portaera matxistaren bat, botere-abusua edo antzekoren bat ikusi, entzun edo sumatzen dudan bakoitzean, garbi adieraztera. Inoiz ezin izan ditut bidegabekeriak jasan, eta orain informazio gehiago daukat. Pertsonaiak utzi didan arrastoa, kasu honetan, positiboa izan da. Ffilma amaitu bezain laster nire psikologoarengana jo nuen balantze emozional hau egiteko eta ondorio posibleak ezabatzeko.
- Zure ustez, filmak lagun al dezake gure gizartean normalizatuta dauden egoerak jazarpen gisa identifikatzen?
Bai, erabat gainera. Isa Campo eta Iciar jakitun ziren horretaz, eta horregatik gidoiak gizartearen gehiengoak oraindik ulertzen ez dituen uneez hitz egiten du.Hain gaizki bazegoen, zergatik ez zuen ihes egin Nevenkak? Manipulatzaile batek egiten duen presioak eta haren jazarpenak "gaslighting" efektua sortzen dute. Ondorio hori jazarpen-biktimengan ohikoa den sentsazioa da; izan ere, haiek ez dakite zergatik egiten duten behin eta berriz topo harri berarekin; erasotzaileak biktimak desorientatzea lortzen du beren errealitatea zalantzan jartzera bultzatuz. Isila bezain ikusezina den zerbait da; trantze moduko zerbait. Erasotzaileak psikologikoki menderatzen ditu, bakarrik uzten dituelako, autonomiarik gabe eta erreakzionatzeko gaitasunik gabe, bere buruaz lotsa sentitzeraino. Halaber, erruduntasun izugarri handia sentitzera iristen dira eta hori oztopo bihurtzen da euren egoera kontatzeko garaian, eta are gehiago erasotzailea salatzerakoan. Gainera, askotan, ez dituzte haren tratu txarren froga nabarmenik ere. Normalizatuta dagoen beste gai handi bat onespena da. Etengabeko ezezkoaren ondoren, Ismaelek Nevenka musukatzea erabakitzen du. Emakumea zorretan sentitzen da (manipulazio emozionalak bultzatuta) berarekin, eta musu hori itzuliz atsegin ematea erabakitzen du. Hor hasten da bere kalbarioa. Berak ez zuen onartu; bere burua bortxatu zuen Ismaeli atsegin emateagatik. Uste dut emakumeek gizonezkoei atsegin emateko joera horri aurre egiten ikasi behar dutela, eta gizonezkoek onarpen garbia daukatela ziurtatzen ikasi behar dutela.. Abusatzaileak moraltasunaren gainetik pasatzen dira.
- Askok uste dugu garrantzitsua zela horrelako gai bat eta kasu bat jorratzea eta ikusaraztea, eztabaida bat sortzea...
Nik ere hala uste dut. Herrialde honetan, legitimitate handiagoa edo txikiagoa ematen zaio gaiari sentsibilitate politikoaren arabera. Lotsagarria da denok biktimen ondoan ez egotea, indarkeria matxistaren aurkako borrokan eta bortxaketaren kulturan kontra bat eginda. Azkeneko gertaerek, hala nola Carretero epaileak Iñigo Errejonen kasuan izandako jokabideak, argi uzten dute. Hain da beldurgarria, erruduntasun-sindrome horrekin lotsatutako biktima ugari itxaropenik gabe uzten dituela. Nola sentituko dute justiziaren babespean daudela? Hala ere, zenbaiti zuzena iruditzen zaio epailearen jardun hori. Baina horrek ez zirudien deklarazio bat, galdeketa bortitza baizik, eta egoerak birbiktimizazio nabarmena eragin zion Elisari. Pelikularekiko paralelismo gisa, Nevenka Fernándezek Ancos fiskalarengatik 2002an jasan zuen antzeko egoera irudikatzen da.
- Gizarteak aurrera egin duen arren eta 2002. urtea atzean utzi badugu ere, oraindik bide luzea dago egiteko, ezta?
Sinestezina da nola, denbora gutxian, biderkatu egin diren sare sozialetan emakumeek gertaera hauek sozialki eta publikoki salatzeko eta bakarrik ez sentitzeko dauden kontuak. Horretan aldatu gara; batzuk sentsibilizatu egin gara eta biktimaren bertsioa sinesten dugu. Hau “manadaren” biktima sinistean edota Jenny Hermosori emandako babes masiboan ikusten da. Gogora dezagun Nevenka Fernandezek bakarrik aurre egin behar izan ziola egoerari, eta herrialdetik alde egin behar izan zuela hedabideek eta gizarteak aho batez egindako jazarpenagatik. Bestalde, sare sozialetako kontu horietan salatzen den kasu bakoitza aurrekoa baino okerragoa da, lagunak eta gertuko familia baitira erasotzaile arruntenak. Guk uste baino gehiago dira, ez dute buru-estalkirik eta ez dira zure zain egoten kalezulo baten ilunpean. Egun argiz erasotzen dute, eta ukiezinak eta hautemanezinak direla uste dute. Eztabaidatu egin behar da, bai, baina baita publikoki salatu ere, erasotzaileak zirkulaziotik kanpo uzteko. Uste baino bide luzeagoa dago egiteke.
- Etorkizunari begira, zer beste lan dituzu esku artean? Zerbait aurreratuko zeniguke?
Ezin ditut datu asko eman pribatutasunagatik, baina konta dezaket Euskal Herrian filmatuko den euskarazko film luze batean nabilela eta dieta zorrotza egiten ari naizela pisua jaisteko.