2025-02-14
“Prestakuntzak eta laborategietan eta jaialdietan parte hartzeak etengabeko lana izan behar dute, epe luzera emaitzak lortzeko”

European Film Marketek, nazioarteko zinema-merkatu ospetsuenetako batek, María Elorza arabar zinemagilea aukeratu du aurtengo Berlinale Talents topaketan parte hartzeko. Gasteiztarrak hitzordu honetara zein helbururekin doan azaldu digu, baita gaur egun esku artean duen proiektua aurkeztu ere.
Zer suposatzen du Berlinale Talents bezalako programa garrantzitsu batek zu aukeratu izana?
Zalantzarik gabe, aukera bat da alderdi askotan: nazioarteko zineman gertatzen ari denari buruz egunean jartzeko eta profesional handiei entzuteko, nirearen antzeko egoeran dauden mundu osoko solaskideak aurkitzeko eta Berlingo Zinemaldia barrutik ezagutzeko.
Zer espero duzu bertan parte hartzeaz? Jarduera-programa azaldu dizuete?
Programa oso bizia da, eta eskola magistral tradizionalagoetatik hasi eta beste profesional batzuekin sarean lan egitea sustatzeko jarduera parte-hartzaileak barne hartzen ditu. Jarduera espezifiko batzuk zuzendarientzat dira, eta beste batzuk orokorragoak, hainbat diziplinarekin lotuak. Zuzendaritza-mailan gehien gustatzen zaizkidanak Todd Haynes-en eta Joshua Oppenheimerren hitzaldiak dira. Alemaniako filmotekako kontserbatzaileek emandako ‘Archive yourself’ izeneko tailerra egiteko gogoa ere badut, norberaren sormen artxiboa nola gorde aztertzeko.
Nola lagunduko dizu horrelako programa batean parte hartzeak?
Nire proiektuekin askotan topatzen dudan oztopo bat, hain zuzen ere, nazioartekotzearena da: oso zaila da nazioarteko zirkuituetara ateratzea. Berlinen parte hartzea alderdi horretan bultzada bat izatea espero dut.
Helburu zehatzak dituzu? Proiekturen batekin zoaz topaketara?
Programan parte hartzeko ez da beharrezkoa proiekturik eramatea, eta hori da nire kasua. Ikastetik eta sortzen diren aukerak aprobetxatzetik harago ez daukat helburu zehatzik.
Ziur aukera ezin hobea dela kontaktu berriak egiteko eta ate berriak irekitzeko…
Jakina, nahiz eta batzuetan ateak ez diren berehala irekitzen. Prestakuntzak eta laborategietan eta jaialdietan parte hartzeak etengabeko lana izan behar dute, epe luzera emaitzak lortu ahal izateko. Bat Berlinera doanean ez da bazkide potentzialez eta proiektuz betetako agendarekin itzultzen. Aitzitik, harremanak ereinez eta finkatuz doaz, eta horiek, zainduz gero, denboraren poderioz laguntza-sare bat osatuko dute etorkizuneko proiektuak aurrera ateratzeko.
Etorkizunari begira, zer proiektu dituzu esku artean?
Gaur egun ‘Caro Bastiano’ filmaren garapenean ari naiz lanean; Alemaniako, Italiako eta Euskal Herriko lurraldeetan filmatuko dugun lana da. Film hibridoa da, 1945ean kokatutako fikzio gisa hasten da gaur egun girotutako dokumentalari bide emateko. Aurreko proiektuetan bezala, nire familiaren historiatik eta inguru hurbiletik abiatzen naiz, gai unibertsaletan barneratu eta iraganaren eta orainaren arteko loturak egiteko.