2024-12-18
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 17. edizioak 9.800 lagun bildu ditu, %34ko hazkundearekin
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 17. edizioa abenduaren 6tik 15era egin da, eta 9.837 ikusle bildu ditu, iazko ikusle-kopuruarekiko %34ko hazkundea, alegia.
Gainera, eskainitako zine saioetako edukieraren %81 bete du (%77koa programako ekitaldi guztiak barneratuta). Okupazio portzentaje hori marka berria da, orain arteko edizio guztietatik onena, 2022ko %74koa gaindituz, eta iazko beherakada (%60) irauliz.
Euskalduna Bilbaon eta BBK Aretoan, guztira 23 zine saio eskaini dira aurten, eta haietako 10etan aretoa bete egin da, sarrerak agortuz.
Atmosfera itzela. Hori azpimarratu dute bai ikusleek, eta baita Mendi Filmera beren lanak ordezkatuz etorritako eragile guztiek. Mundu osotik etorritako 50etik gora zinegile, ekoizle eta protagonista bildu dira Bilbon joan direneko egunetan.
Mendi Film, nazioarteko komunitatearen topagunea izan da mendiko kulturaren inguruan. Horren lekuko dira Euskadiko eta Estatuko ordezkariez batera Japonia, Pakistan, Australia, Estatu Batuak, Kanada, eta Europako hainbat herrialdetako jendea. Horrez batera, nazioarteko mendi zinemalditako ordezkariak ere bildu dira Mendi Film-eko hitzordua eredu eta biltzeko aukera aparta dutela berretsiz: Herbehereetako Dutch Mountain Film Festivaleko kideak eta Heerlen hiriko batzorde instituzionala, Koreako Ulsan-Ulju zinemaldiko eta Mendi Federazioko ordezkaritza, Kanadako Banff zinemaldia, Poloniako Krakow zinemaldia, edota Bordeleko Les Quais de L’Aventure zinemaldia, besteren artean.
Harrera berezia eta hunkigarria izan zuen Hasera Ekitaldian Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima alpinista japoniarrei eskainitako omenaldiak, lehenaren alarguna Shoko Etoh eta seme-alabak bertan zirela. Hala, baita ere, harrera beroa izan dute Aniqa Bano emakume ekintzaile pakistandarrak, Erri de Luca idazle italiarrak, eta zuzendari andanak: Eliza Kubarska, Bertrand Delapierre, Kenji Tsukamoto, Luke Kaneb, Marco Zingaretti, Mateo Maggi, Cristiana Pecci, Vincent Groos, Yohan Guignard, Pierre Cadot…
Etxekoen artean, Bilboko Alborde Films eta Labografias ekoiztetxeek aitortza potoloa jaso dute ‘Flying Hands’ lanarekin Marta Gomez eta Paula Iglesias-ek zuzendaritza onenaren saria jaso baitute. Mikel Lizarralde eibartarra ere pozarren da, ‘Zazpi’ filmarekin EITB Euskarazko Film Onenaren saria jaso, eta Esklerosi Anizkoitzaren gaia plazaratu du.
Mendi Tour asistentzia
Mendi Tourreko 88 zine-saioetara (50 herri/egoitza) 13.000 ikusle bildu dira urte osoan zehar, beraz jaialdi nagusian, Bilbon bizitu berri ditugun 10 egunetan, bertaratu direnei gehituta, 23.000dik gora pertsona dira Mendi Filmeko aterkipean egon direnak 2024an, iaz baino ia 2.000 ikusle gehiago.
Orain, 2025eko Mendi Tourraren hasierari begira lan egiteko garaia da, urtarrilean abiatuko baita zirkuitua, mendiko pelikula onenak ikusteko aukera eskainiz hainbat tokitan. Euskal Herrian abiatu eta Espainia osoan eskaintzen den mendiko zine mostra ibiltaria, mendi zinemagintzarik onena.
Hala izango da abendura iritsi bitarte. Orduan, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 18. edizioa helduko da: 2025eko abenduaren 5etik 14ra bitartean egingo da jaialdia datorren urtean.