2025-03-11
“Euskarazko fikzio gutxi egiten da, eta are gutxiago zientzia-fikzioa; beraz, aukera hau baliatu nahi izan dut euskararen balioa mundu osoan erakusteko”

Eneko Muruzabalek zuzendutako 'Planetagatik' film laburrak zientzia fikzioa eta kritika soziala uztartzen ditu ingurumen konpromisoari buruz hausnartzeko. Oihua! lehiaketarako sortua jatorriz, proiektuak ibilbide arrakastatsua izan du ZINEBI, FICX eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Orain, bultzada berria emango dio Malagako Zinemaldian parte hartzeak.
‘Planetagatik’ film laburrak ingurumen- eta gizarte-gaiak jorratzen ditu. Nola sortu zen proiektu honen ideia eta zein mezu nagusi helarazi nahi zenuen?
Hasiera batean, ‘Planetagatik’ Oihua! gidoi-lehiaketarako idatzi nuen, eta hortik abiatu zen proiektua. Lehiaketa horrek ingurumenaren inguruko istorioak bultzatzen ditu, eta nik neure buruari galdetu nion: “Noraino iristeko prest gaude planetaren alde zerbait egiteko? Zer nolako egoera behar da aldaketa sakona bultzatzeko?”
Filma ikusi ondoren, ikusle bakoitzak bere interpretazioa egingo du, eta hori da nire helburua: galderak sortzea eta jendea zirikatzea, ez mezu bakarra inposatzea. Aldi berean, zinema-esperientzia dibertigarria eta zirraragarria eskaintzea ere nahi nuen.
Zergatik erabaki zenuen horrela titulatzea eta zein garrantzi du euskarak istorio honetan?
‘Planetagatik’ da filmaren barruan agertzen den enpresaren leloa. Hasieran, marketin-kanpaina arrunt bat dirudi, baina ikusleak bere interpretazioa egin dezake, lelo horrek esangura anitza duelako.
Bestalde, euskararen presentzia erabatekoa izan da niretzat. Ni duela gutxi hasi naiz laburrak egiten; nolabait kanpotar sentitzen naiz sektore honetan, baina argi neukan fikzioa sortzekotan, euskaraz izango zela. Euskarazko fikzio gutxi egiten da, eta are gutxiago zientzia-fikzioa; beraz, aukera hau baliatu nahi izan dut euskararen balioa mundu osoan erakusteko.
Zeintzuk izan ziren erronka nagusiak film laburra zuzentzerakoan?
Erronka nagusia lantalde handiarekin lan egitea izan da. Nire aurreko laburra askoz txikiagoa eta xumeagoa izan zen, eta oraingoan dimentsio handiagoa izan du produkzioak. Departamentu buru guztiak profesionalak izan dira; bakoitzak bere ekarpena egin du, eta horrek laburra asko aberastu du. Lan bikaina egin dute, benetan.
Niretzat erronka handienetakoa aktoreak zuzentzea izan da. Eskerrak Iñigo Aranburu, Ainhoa Artetxe eta Maria Cruickshank profesional itzelak diren; prozesua asko erraztu didate eta beraien lanarekin pelikulari beste maila bat eman diote.
Bestalde, ikus-efektu bereziak eta 3D efektuak ongi integratzea ere erronka polita izan da. Halako elementuak erabiltzea beti da konplexua, baina emaitzarekin oso gustura geratu naiz.
Azkenik, gehien harrotzen nauena da planifikatutako guztia geneukan denboran egitea, eta taldekide guztiak garaiz eta pozik etxera joatea. Errepikatzeko moduko esperientzia izan da.
Nolakoa izan da film laburraren orain arteko ibilbidea?
Ibilbidea ezin hobea izaten ari da. Filma Donostiako Beldurrezko Astean estreinatu genuen, eta ondoren Estatuko goi-mailako jaialdi batzuetan egon da: ZINEBI, FICX eta Aguilar, besteak beste.
Orain nazioarteko estreinaldia apirilean izango dugu, Méliès sareko jaialdi batean. Oraindik ezin dugu iragarri, baina Hego Amerikan izango dela aurreratu dezaket. 2025eko udazkenerako nazioarteko beste jaialdi batzuetan egotea ere espero dugu.
Zer suposatzen du zuretzat eta taldearentzat ‘Planetagatik’ filmak Malagakoa bezalako jaialdi ezagun batean parte hartzeak?
Ohore handia da guretzat, eta bultzada handia izan daiteke jaialdi gehiagotan egoteko eta ikusle gehiagorengana iristeko. Malagak ikusgarritasun handia ematen dio film laburrari, eta oso pozik gaude bertan parte hartzeko aukerarekin.
Gainera, Ainhoa Artetxe eta biok han izango gara laburra aurkezten, eta esperientziaz gozatzeko gogoz gaude. Aldi berean, hurrengo proiektuentzako kontaktuen sarea zabaltzeko aukera paregabea izango dela uste dut.
Nolakoa izan da film laburraren harrera aurreko jaialdi edo proiekzioetan?
Ona izan dela esango nuke. Helburua gogoeta eragitea eta ikusleak gozatu araztea da. Filmaren tonua umoretsua den arren, gizakien kontraesanak jorratzen ditu, eta ez du mezu bakarra. Hori dela eta, askotan ikusleak gogoetatsu hurbiltzen zaizkigu eta eztabaidak sortzen dira. Niri, horrelako elkarrizketak sortzea gustatzen zait; beraz, oso pozik nago jasotzen ari garen erreakzioekin.
Aurreratu ahal diguzun proiektu berriren bat lantzen ari zara?
Bai, beste labur bat idatzi dut, eta orain finantzaketa bilatzen hasiko gara. Euskarazkoa izango da eta, berriz ere, zientzia-fikzioa landuko dugu. Oraingoan, ekotopia baten aukera dramatikoak esploratu nahi ditut, eta narratiba eta istorio-arketipo berriak probatu. Horrez gain, efektu berezi praktikoak ere gehiago erabili nahi ditut.