2025-03-14
Krisi klimatiko batek eragindako kolapso batean komunitate baten parte diren pertsonen erreakzioa erakusten digu film labur honek

Annecyko Zinemaldiko Sail Ofizialean egon eta KIMUAK katalogoan parte hartu ondoren, Malagako Zinemaldirako hautatu dute Izibene Oñederraren ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ animaziozko film laburra. Bere lanaren nazioarteko ibilbideaz hitz egin dugu zuzendariarekin.
Ezagutzen ez duenarentzat, zer kontatzen du 'Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)' filmak?
Animaziozko film labur bat da, 2D marrazketa digitaletako teknikaz egindakoa. Komunitate baten parte diren pertsonen erreakzioa da, krisi klimatiko batek eragindako kolapso batean.
Nondik dator lan hau sortzeko ideia?
COVID19aren konfinamenduan egin ziren gerora animazioa izango zenaren lehen marrazkiak.
Ibilbide garrantzitsua izaten ari da, nola estatuan, hala nazioartean. Nolakoa izan zen zuen parte-hartzea Annecyko Jaialdian?
Nazioarteko Animazio Jaialdia munduan dagoen animaziozko jaialdirik garrantzitsuena da. Oso hunkigarria izan zen gure filma halako kalitate handia duten film laburrekin lehiatzen ikustea.
Zein balorazio egiten duzue horrelako jaialdi garrantzitsu batean egin duzuen ibilbideaz?
Sortzaile gisa, aurrera ateratzea hainbeste kostatu den filmak bizitza luzea izatea nahi duzu, eta ibilbideari Annecyn ekitea oso ondo hastea da.
Zer harrera izan zuen publikoaren aldetik?
Egutegi arrazoiak medio, areto nagusian ehunka ikusleren aurrean estreinatu zen egunean ezin izan ginen egon, baina ondorengo ekitaldietan jaso genuen feedbacka zein beste areto batean egindako proiekzioa oso positiboa izan zen.
Film laburra KIMUAK 2024 katalogoaren barruan dago. Nola jaso zenuten berria?
KIMUAKen parte izatea harro egoteko modukoa da beti, badakizulako filmak zinemaldietan bere bidea aurkituko duela eta ibilbide horretan babestuta egongo dela.
Zer onura ekarri dizkio lanari?
Banaketa on bat ezinbestekoa da filma burutzeko. Proiektua garatzen hainbeste denbora eman ondoren, kaxoi batean gordeta uzteak ez du zentzurik.
Malagakoa bezalako jaialdi garrantzitsu batean parte hartzeak ate berriak irekitzen lagun dezakeela uste duzu?
Bai, nahiz badakidan gurea egile-animazioko film laburra dela, eta inoiz ezingo dela lehiatu ikusgarritasunari dagokionez fikziozko film luze batekin.
Zein ibilbide izatea espero duzue gero? Publiko orokorrarentzat eskuragarri egongo da?
Film laburraren ibilbidea pixkanaka diseinatzen joango gara, lehenik eta behin estatuko eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan izango da. Jaialdietako ibilbidea amaitzen duenean, ikusle guztientzat eskuragarriago izango da. Dena den, EITBk eta Movistarrek erakusteko eskubideak eskuratu dituzte.
Etorkizunera begira, baduzu beste proiekturen bat esku artean? Aurreratu diezagukezu zerbait?
Oraingoz ez dut inolako proiektu zinematografikorik buruan.