2024-11-12
“Hausnarketa itxi bat eskaini baino gehiago, nire lanekin galderak egitea bilatzen dut, publikoarekin partekatzeko”
ZINEBIko Sail Ofizialak ‘Exergo’ film laburra aukeratu du aurtengo ediziorako. Jorge Moneo Quintana zuzendariaren eta Kleinen Filmak ekoiztetxearen lan hau KIMUAK katalogoaren 2024ko edizioaren parte ere bada. Zuzendari gasteiztarrak bi aukeraketa horiek film laburrarentzat izan duten eragina aztertu du, eta etorkizunera begira esku artean dituen proiektuez ere hitz egin digu.
Zein da film laburrarekin transmititu nahi duzun mezu nagusia?
‘Exergo’ enkargu batetik sortu zen, Tabakalerak Bilboko Arte Ederren Museoarekin batera ekoiztutako ‘That Time’ erakusketan parte hartzeko gonbidapen batetik, Oier Exteberria eta Miriam Alzuri komisario zituela. Erakusketa horretan, Bilboko museoko hainbat artelan deslokalizatzen dira, Donostiako kultura garaikideko zentroan erakusteko. Gainera, hiru artista gonbidatu gaituzte ekoizpen berri batekin parte hartzera. Niri Bilboko museoari buruz zerbait egitea proposatu zidaten, museoa birmoldatzen eta handitzen ari baitira une honetan. Ekintza hau berez interesgarria da, ‘Exergo’ film laburrean agertzen diren langile batzuek behin-behineko espazioetan lan egin behar baitute, beren ohiko lan espazioetatik kanpo, obrak amaitu arte. Atentzioa ematen dit Kontserbazio eta Zaharberritze Departamentuak, adin eta ibilbide profesional desberdineko emakume talde bat – gizon bat izan ezik – biltzen baitu. Horietako batzuk beteranoak dira, ia-ia azken etapa profesionalean; beste batzuk, berriz, bekadun gisa hasi berriak dira, unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren. Deslokalizazio espazial hori, langile taldean dagoen aniztasunaz gain, eta egiten dituzten lanez gain, nire film laburraren abiapuntua da.
‘Exergo’ lanak normalean oharkabean pasatzen diren edo arreta gutxiago jartzen zaien zenbait elementuri, arteari eta museoari lotutakoei, begirada bat ematea proposatzen du. Atzean zer dagoen begiratu behar da pixka bat: museoko eraikinaren hormen atzean eta obrak erakusten diren aretoetatik harago dauden langileentzako espazioak; zenbait koadroren pintura-geruzen atzean ezkutatzen diren irudiak; mihiseen eta bastidoreen atzean agertzen diren markak, zenbakiak, obren jabetza-aldaketen erregistroak eta abar. Era berean, ‘Exergo’ film laburrak lan horiek ekoizteko baldintzei begirada bat ematea proposatzen du, eta egungo zein iraganeko artistek beren jarduera profesionala gauzatzeko dituzten baldintza ekonomiko, sozial eta psikologikoei arreta ematea.
Hala eta guztiz ere, eta kontraesana dirudien arren, ez naiz saiatzen mezu zehatz bat helarazten, ez lan honekin, ez beste inongo filmekin. Ez dut zinema komunikazio-modalitate gisa ulertzen, ezta artea ere. Egileak/artistak ez du zertan zerbait komunikatu publiko edo ikusleari. Zinema komunikazio eta truke ekintza gisa ulertzen dudan arren, ez dut norabide bakarreko transmisioan sinesten. Nire filmak ez dira gai jakin batetik sortzen, baizik eta egoera jakin batetik eta testuinguru baten mugetatik. ‘Exergo’-ren kasuan, museoa eraldatze prozesuan zegoen bitartean, hara denbora labur batez egindako bisitaldietatik zerbait atera nahi nuen. Espazioa eta denbora dira bi baldintzatzaile nagusiak, esango nuke, baita zinemarenak oro har ere. Eta gero pelikulak aipatzen dituen gaiak datoz, filma egiteko prozesuan agertu direnak, orduan aurkitu ditudalako edo aldez aurretik hor zeudelako, nire begiradan, nire sentiberatasunean edo nire bizi-esperientziako oroimenetan. Film bat egiteko prozesua espazio eta denbora horretan agertzen diren elementu, pertsona eta gertakarien arteko erlazioak, korrespondentziak edo kontrasteak aurkitzea da. Hausnarketa itxi bat edo erantzun bat eskaini baino gehiago, nire lanekin galderak egitea bilatzen dut, publikoarekin partekatzeko. Uste dut ikusezina den hori ikusgarri egiten ere saiatzen naizela, eta hori ‘Exergo’-n bereziki literala da (barreak).
Nolakoa izan zen film laburraren ekoizpen prozesua?
Museora iristean, erakunde horretako Artxibo Sailarekin lan egiteko aukera eskaini zidaten. Artxiboko materialetan oinarrituta egin ditudan filmen ondorioz zetorren proposamena . Hala ere, Kontserbazio eta Zaharberritze Departamentua bisitatzean, eta lehen aipatu ditudan arrazoiengatik, ulertu nuen hor filmatu nahi nuela. ‘Exergo’-k artxiboko irudiak ere erabiltzen ditu, baina Museoko Kontserbazio eta Zaharberritze Sailaren ekimenez sortutakoak dira. Argazkigintza infragorria, argi ultramorea, mikrofotografia edo X izpiak bezalako irudi-teknologia ezberdinen bidez sortutako irudiak dira. Mota honetako irudiek berehala atentzioa eman zidaten beren ezaugarri plastikoengatik eta baita gure begietarako ikusezinak diren artelanen elementuak erakusten dituztelako ere.
Bestetik, film hau egiteko denbora-mugak garrantzitsuak zirenez, metrajea egituratzen lagunduko zuen testu bat lantzeko beharra sentitu nuen. Azkenean, filma testu horretan oinarritzen da, baina saiatu nintzen gutxienez hutsune batzuk uzten, esplizituki azaltzen ez diren elementu batzuk, ikusleari horietaz jabetzera gonbidatzeko. Esan genezake testu hori dela film laburraren fikziozko elementua: emakume gazte batek beste bati idazten dion email bat. Narratzaile nagusi batek lokutatzen du testua, eta tarteka beste emakumezko batzuen ahotsak agertzen dira, testuak berak aipatzen dituen pertsonaienak. Inoiz ez dakigu ziur nork irakurtzen duen mezu elektroniko hori, igorleak edo gutun horren hartzaileak, eta, beste ahots horiek agertzen direnean, interesatzen zaidan efektu paradoxikoa lortzen dut.
Film laburra aurtengo Kimuak Katalogoaren parte da. Nola bizi izan zenuen berri hau?
Kimuak-en parte hartzea albiste bikaina da, eta gogotsu eta esker onez hartu nuen. Nire lan bat katalogorako aukeratzen duten lehen aldia da eta horrek ilusio berezia egin zidan. Nire pelikulak dokumentalaren, saiakeraren, esperimentalaren… marjinetan mugitzen dira pixka bat, eta nolabait patroi industrialenetatik urrun. Nire zinema beti izan da apala aurrekontuari eta kostu handiko teknologiaren erabilerari dagokionez, eta arreta gehiago jarri dut esplorazio formalean eta metodo ia artisaua erabiltzen dut. Horrek guztiak katalogo eta foku jakin batzuetan nire lana hain hautagarria ez izatea eragin dezake. Horri dela eta, eskerrak ematen dizkiet Kimuak katalogoari eta epaimahaiari arriskuak hartzerakoan erakutsitako adoreagatik, nirea bezalako lanak zinema dokumentalean eta fikzioan dauden konbentzio batzuetatik aldentzen baitira.
Zure ustez, zer onura ekar ditzake horrelako katalogo batean hautatuta egoteak?
Ikusgarritasuna, norberaren lana aitortzea eta iraupen laburreko film batek jaialdietara bidaiatzeko eta publikoarekin topo egiteko aukera izatea. Oso sari handia da.
Lan harreman berriak sortzeko balio dezakeela uste duzu?
Lanbide honetan bideak nahiko ulertezinak dira, baina beti dago nahi hori, lan batek beste batera eraman zaitzala, katalogo batean edo jaialdi batean egindako aukeraketak film berri batera gertura zaitzala, baita egoera profesional hobe batera ere.
Zer esan nahi du Zinebin hautatua izateak?
Aukeraketa garrantzitsua da, lehenik eta behin jaialdiaren ibilbide historikoagatik. Baina, gainera, Kimuak-ekin gertatzen den bezala, jaialdiko Sail Ofizialean nire lan batekin parte hartzen dudan lehen aldia da, eta horrek ilusio berezia egiten dit.
Gainera, ‘Exergo’ lanak oso lotura estua du Bilboko hiriarekin, museoak filmean duen paperagatik eta bertan hiriari erreferentzia egiten zaiolako etengabe: etxebizitzaren arazoa agertzen da, turistifikazioa, eta hainbat efemeride historiko ere aipatzen dira, hala nola 1919an Bilbon egin zen pinturaren eta eskulturaren nazioarteko lehen erakusketa.
Zer espero duzu han parte hartzeaz?
Batez ere, publikoarekin elkartzea. Uste dut pelikulak egiten dituen pertsona batentzat garrantzitsuena dela ikusleen aldetik nolabaiteko feedbacka izatea; ulertzea ea lanak ikusleengan tekla garrantzitsuren bat ukitzen duen eta nola egiten duen. Askotan filmek bidaiatu egiten dute eta batek ez du jasotzen ikuslearen aldetik feedback hori inpresio edo iritzi moduan. Hori nolabait saihestezina bada ere, horrek hoztasun eta agnosia apur bat eragiten du publiko orokorrak lanari egiten dion harrerari dagokionez. Horregatik uste dut egiten dudana egiten jarraitu nahi izateko gauzarik inportanteena publikoarekin elkartzea dela.
Nolakoa izaten ari da film laburraren ibilbidea jaialdietan? Eta harrera?
Oso pozik nago ibilbidearekin. Tabakalerako erakusketaren ondoren, ‘Exergo’ garrantzi historikoa duen jaialdi batean estreinatu zen, Oberhausengo zinemaldian, hain zuzen ere. Alemaniako jaialdiaren 71. edizioan parte hartu zuen, eta orain ZINEBIren 66. edizioan egongo da. Adin benetan beneragarria duten jaialdiak dira (barreak). Alemania eta Bilbo artean, Kolonbiara, Errusiara, Suitzara, Mexikora, Kataluniara eta Txinara joan da filma, eta espero dut oraindik leku gehiago bisitatzea.
Etorkizunean, lana publiko orokorrarentzat eskuragarri egongo da?
EITBk emisio-eskubideak erosi ditu, baina pantaila txikian ikusi ahal izateko, jaialdietako ibilbidea amaitu behar du oraindik. Beraz, pixka bat falta da… (barreak).
Etorkizunari dagokionez, proiektu berririk ba al duzu esku artean? Zerbait aurreratu diezagukezu?
Beti daude hainbat proiektu buruan burrunban. Une honetan hainbat prozesu ditut zabalik, bakoitza garapenaren fase desberdinean, eta oraindik horietako bakoitzak zer suposa dezakeen edo nora eraman nazakeen ulertzeko prozesuan nago. Ziurgabetasun hori ezegonkortasun-faktore bat izan daiteke, baina nire ustez badu bere edertasun-partea ere; bidea ibiliz egitea, eta ikasten jarraitzea eta pixka bat harantzago bultzatzen saiatzea orain arte nire lanetan arakatu dudan hizkuntzaren mugak.
Oraingoz, nahiago dut ezer ez aurreratu; izan ere, batzuetan sentitzen dut proiektuek nolabaiteko higadura izan dezaketela, horietaz asko hitz egitearen ondorioz. Dagoeneko gertatu zaidan zerbait da. Baina proiektu horiek nahietik eta konpromisotik abiatuta egindako film zintzoak izango direla agindu dezakedala uste dut.