2024-11-08
“Errotatiba’ filmatzea inoiz gertatu behar ez zen gure historiaren pasarte bati aurrez aurre begiratzea izan da”
Iratxe Fresnedak ‘Errotatiba’ lanarekin egingo du debuta ZINEBI jaialdiko Sail Ofizialean. Film laburrak, Egin egunkariaren itxiera ardatz hartuta, memoriaren hauskortasuna eta hura babesteko gizakiak sortzen dituen lekuak jorratzen ditu. Zuzendari bizkaitarrarekin hitz egin dugu bere azken lana ezagutzeko.
Zer erakusten digu ‘Errotatiba’ film laburrak?
Gure historia hurbilaren kapitulu batean zehar egindako bidaia da (Egin egunkaria ixtea, kazetariak espetxeratzea eta errotatiba suntsitu eta bertan behera uztea) espazioak esploratzearen bidez. Lekuak gertakarien lekuko mutuak dira. Eraikin eskeletiko eta abandonatu hartan filmatu genuenean, ur eta oroitzapenen artean, bidelagun genituen errotatibaren erritmoa eta goizero munduarekin partekatzen zituen istorioak. Energia hori espazioan bizi zen, oroimenaren gordeleku zirudien leku bat zen. ‘Errotatiba’ filmatzea inoiz gertatu behar ez zen gure historiaren pasarte bati aurrez aurre begiratzea izan da.
Zerk bultzatu zintuen film labur hau egitera?
Proiektu guztiekin gertatzen den bezala, jakin-minak bultzatu ninduen. Oraingoan, elkarri lotutako hiru ardatzen bidez iritsi zen sormen-bultzada. Espazioak eta lokalizazioak esploratzeko dudan interesa eta, kasu honetan, gure memoria historikoari eta kazetaritzari lotutako leku batek sortzen duen interesa. Kontua ez zen bakarrik hondatutako errotatiba bat arakatzea, baizik eta espazio baten suntsipenak sinbolizatzen zuen guztian barneratzea. Historiari buruz dudan ikuspegitik, politika egiteko modu baten porrota sinbolizatzen duen espazioa da. Izan ere, horrelako ekintzak gerrako diskurtsoetatik hurbilago daude, dena suntsitzea baliozko aukeratzat hartzen baitute, edonor erortzen dela ere. Hirugarren ardatzak Egin egunkariko langile ohi batek eta biok lekuari buruz izan genituen elkarrizketekin du zerikusia. Amaia Ereñaga motor izugarri garrantzitsua izan zen.
Zein izan zen film laburraren ekoizpenean izan zenuen erronkarik handiena eta nola gainditu zenuen?
Alde batetik, une hartan oso ekipazio oinarrizkoarekin sartu ahal izatea lekura, eta gero, bere historiari nola aurre egin. Filmaren erronka suntsipena energia bihurtzea izan zen; pertsona asko adierazpen askatasunean eta kazetaritzan sinesten jarraitzera eramaten duen energia, hain zuzen ere. Ez dut erronka gisa hartuko, kasu honetan, ekoizpen propioa izan zela, eta gaur arte ez dudala inolako finantzaketarik jaso. Horri esker, askatasun osoa izan nuen sortzeko, denbora-eperik gabe, distrakziorik gabe.
Film laburra Kimuak katalogoaren barruan kokatzen da. Zer dakar aukera horrek zuentzat?
Oso pozik gaude. Ohore bat da miresten eta errespetatzen ditudan profesional asko barne hartu dituen katalogo baten parte izatea. Gauzak ondo egiteko moduaren adibidea da Kimuak, esparru publikotik ekimen bat modu distiratsuan aurrera eramateko modua, urteetan gure balio zinematografikoetan inbertitzeko modu irudimentsua. Horrelako ereduak hedatu eta aplikatu behar ditugu, eta ez hainbeste merkatuko joerei jarraitu, olatuaren aparra besterik ez baita geratzen. Katalogo horren parte izateak ikusgarritasuna irabazten laguntzen du, obra zabaldu eta ikusi ahal izateko.
Ate berriak irekitzen edo lan-harreman berriak sortzen lagun dezakeela uste duzu?
Bai, noski. Proiektu berri bat amaitzen duzunean beti gertatzen da, baina kasu honetan, iraupen laburreko lana denez, bere zirkuitua desberdina da. Guretzat ezezaguna den espazio batean sartzen gara, film laburren munduan, eta gainera, Kimuaken eskutik egiten dugu.
Gainera, laster ZINEBI jaialdiko Nazioarteko Sail Ofizialean parte hartuko duzue. Zer ekarriko du horrek zuentzat?
Zinebiri dagokionez, aurrerapauso bat da guretzat, jaialdi honen lehiaketan parte hartzen dugun lehen aldia baita. Polita da. Zinemaz gozatu, aukeratutako proposamenak ikusi eta publikoak ‘Errotatiba’ ikusteko aukera izatea eta lana komentatzea espero dugu.
Zer harrera espero duzue jendearen aldetik?
Publikoari dagokio galdera honi erantzutea. Industriako jendearen inpresioez bakarrik hitz egin dezaket. Zorionez, oso onak izan dira eta badakigu ez garela publiko erraza.
Nolakoa izan da film laburrak jaialdietan egin duen ibilbidea?
Film laburraren behin betiko kopia uda amaieran bukatu genuen; beraz, oraindik “haurtxo” bat da. FICX Gijon eta ZINEBI jaialdietako nazioarteko sail ofizialetan parte hartuko dugu azaroan, eta ondoren jaialdiek erabaki behar dute zein ibilbide egingo dugun.
Zeintzuk dira eman nahi dituzuen hurrengo urratsak?
Nazioartean estreinatzea espero dugu, eta nazioarteko zirkuitua gertukoenarekin uztartzea.
Publiko orokorrari begira, etorkizunean film laburra ikusteko aukerarik izango al du? Aurreikusita dago plataformaren batean eskuragarri egotea, adibidez?
Bai, filma aurrerago telebista eta plataformetan egotea espero dugu, horrela publiko zabalago batengana iristeko.
Etorkizunari dagokionez, ba al duzu proiektu berririk esku artean? Zerbait aurreratu diezagukezu?
Une honetan ‘Bide guztiak’ pelikularen garapenean zentratuta gaude, abentura berri batean murgilduko gaituen film luzean. 2026an estreinatu nahiko genuke.